Euskararen eguna, iruditan
Abenduan 3a Euskararen eguna da. Eguraldi bikaina lagun, Donostian ere euskara ari du gaur.
Asko dira auzoz auzo prestatu diren jarduerak. Kultur etxe eta aretoetan horietako asko, baina kalean beste hainbeste. Guztietara ezin heldu, baina Irutxuloko Hitza kalean ibili da euskararen egunean, belarria fin. Eta bai, jaso du txantxangorriaren txioa.
AMARA BERRI
Historia eta euskara, Nafarroa eta Gipuzkoa, Amaiur herria eta Donostia. Senidetze eguna izan da gaurko Amara Berrin. Mikel Legorburu historialari eta irakaslearen ekimenez Amaiur herritik ekarritako harria inauguratu dute Amaiur parkean.
Amara Berriko da Legorburu, eta indusketa lanak egiten aritu zen Amaiurko gaztelu inguruan. Maiteak ditu bai Nafarroako herria eta baita auzoko parkea ere; biak izen berekoak. Hala bururatu zitzaion bi muturrak senidetzea.
Amaiurko herritarrak eta amaratarrak elkarrekin aritu dira. Ekitaldi hunkigarria egin dute. Lehenik agurra dantzatu dute Amaiurko harriaren aurrean, herriaren nortasuna defendatzen aritu ziren haiek, eta horretan lanean dihardutenak omenduz. Ondoren, Amara Berri kantuz eta Amaiur abesbatzak hainbat kantu eskaini dituzte. Donostiako udaleko ordezkariak eta Amaiurko alkatea bera ere izan dire ekitaldian. Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako zinegotziak esan du pozgarria dela bi herrien arteko lotura sendotzea. Zentzu berean mintzatu da Isaak Rekalde Amaiurko alkatea ere: “Ohorea da gurea bezalako herri txiki batek lekua izatea hiriko bihotzean”.
Historia eta bihotza dituen harri gisa deskribatu dute hemendik aurrera Amaiur parkeko berdegunea osatuko duen Amaiurko harria. Harriaren inguruan dantzan amaitu da ekitaldia.
LARRATXO
Juan Mari Irigoienen Ipuin batean bezala libururen irakurketa egin dute Larratxoko plazan. Aurrez, ordea, gogoetarako tartea ere hartu dute hainbat herritarrek. Euskararen eguneko aurteko leloari erreparatuz, galdera horixe bota dute: Zer egin dezaket nik euskararen alde?.
Euskaltegik, ikastolak, ikastaroak….baliabideak badirela aitortu dute, baina erabileran jarri dute azpimarra. Egun bakarreko jaia izan beharrean, eguneroko erronka gisa hartu dute Larratxon euskararen erabilera.
ANTIGUA
Kantuan ospatu dute Euskararen eguna Antiguan. Eguerdia pasatxo zela garbitu dituzte eztarriak eliza atarian eta handik abiatu dute ibilbidea. Kantua izan da kulturaren eta hizkuntzaren trasmisiorako tresna garrantzitsuenetariko bat, eta horretan behintzat ez dute aitzakiarik Antiguan.
Adin guztietako herritarrak elkartu dira kantu jiran, eta ederki alaitu dute auzoa.
Hona Martutene, Parte Zaharra, Larratxo, Antigua eta Amara Berrin jasotako une batzuk iruditan.
Erlazionatutako edukiaEuskararen Eguna, auzo eta herrietan