17 eta 22 urte bitarteko gazte batzuekin hitz egin dugu, auzoaren egoera ezagutzeko. Parte Zaharreko gaua aldatu da? Zergatik? Noiztik? Hausnarketarako eta gogoetarako ideiak eta ondorioak jarri dituzte mahai gainean.
Parte Zaharreko gazteak Urka taberna kanpoan. (Argazkia: Miren Azkarate)
Sei urtean gaua eta auzoa erabat aldatu dira. Horixe da Parte Zaharreko gazte kuadrila batek Irutxuloko Hitzari adierazi dion ideia nagusia. Ikatz kalean ibiltzen dira gehienbat, baina egoera auzo guztira zabaldu daitekeela diote.
Lehen, ostegun, ostiral eta larunbat gaua Parte Zaharrarenak ziren. Beste auzoetako jendea etortzen zen horra, eta adin askotako pertsonak elkarrekin egiten zituen parrandak. Gaur egun, auzo guztietako jendea elkartzeko gunea Antigua dela uste dute: «Orduan, jendeak pentsatzen du, ‘zertarako pasako naiz Parte Zaharretik gero han bukatu behar badut?». Hori omen da beste auzoetakoek esaten dutena. «Jada auzoa ez da guztiak biltzeko gunea», berretsi dute gazteek.
Ez dira urte asko atzera egin behar, oso denbora gutxian dena aldatu dela diote. Eta arrazoi bakarra ez da auzoetan orain bizitza egiten dela soilik. Orokorrean, ohiturak asko aldatu direla diote: «Orain, beranduago ateratzen gara lagunekin, kuadrilarekin bakarrik egoten gara, arratsaldetako poteoak galdu egin dira, teknologia berriek gure arteko harremanak aldatu dituzte, musika aldatu da…».
Ostegunetan pintxo potea egiten da urte batzuetatik hona. Ez du jende asko erakartzen, ordea. Jendea Gros eta Antiguako tabernetara joaten da, eta Parte Zaharrean ez da apenas jenderik ibiltzen. Gauerdi aldera hasten da jendea etortzen.
«Ostiralak hilda daude». Horrela laburbildu dute gazteek lehen gau jendetsu bat izan ohi zena. «Jende askorentzat egun egokiena zen; aste osoa lanean pasa ondoren, ostirala iristen zen, eta pote batzuk hartzeko eguna zen. Gaur egun, ez!».
Enkartelada eguna izan da beti ostirala eta horrek ere jende asko erakartzen zuen Parte Zaharrera, «orain, auzoetan bakoitzak berea du, eta horrek ere ez du jendea erakartzen», diote gazteek pena eta haserre sentimenduekin.
Azkenik, larunbata. Badirudi hauek direla oraindik ere jende pixka bat batzen duen eguna, baina; hala ere, sei urteren buruan, askoz ere jende gutxiago ibiltzen dela nabaria da.
«Hau guztia neguan gaudelako ari gara horrela pentsatzen eta azaltzen, baina udaran? Udaran guztiz desterratuak sentitzen gara!», dio gazte batek. Parte Zaharra beti atzerritarrei begira egon den auzoa dela uste dute, baina azken urteetan hau areagotu besterik ez dela egin salatu dute denek aho batez. One Live fenomenoa – turistentzat tabernaz taberna joateko ibilbide gidatua– jarri dute adibide garbi bezala, baina ez da bakarra izan: «Edarien prezioak oso altuak dira, eta gauez ez dugu beste aisialdi eredurik. Gaztetxea izan genuen, eta itxi egin zuten, edozein jarduera egiteko kalean baimenak behar ditugu gauza guztietarako, debekuak nonahi…»
Egoera iraultzeko grina
Asko izan dira egoerari buelta emateko egin diren saiakera eta ideiak, batez ere ostiraletan. «Garai batean tiketena sortu zen: taberna batean pote bat hartu eta beste taberna batean hurrengoa hartzeko tiket bat ematen zuten. Horrela, taberna guztietatik pasatzea zen helburua. Baina ez zuen funtzionatu. Beste kuadrila bati aldaketa egiten zenion eta zure taberna gogokoenean ematen zenuen gau osoa», adierazi digu gazte batek.
Beste batek Ikatz kalean karaokea sortzeko ideia azaldu du: «Karaokeak orain funtzionatzen du, baina noiz arte?». Funtzionatzeari utziko diola, eta orduan beste zerbait egin beharko dela argi dute. Horrelakoak pentsatzen eta antolatzen jarraituko dutela diote, kalea eta auzoa berriz bizirik ikusteko, baina oso lan zaila dela diote.
Ereduen aldaketa
Lagunekin geratzeko modua ere aldatu egin dela nabarmendu dute. «Lehen auzora jaisten zinen jakin gabe nor zegoen, edo zein giro zegoen. Zegoenarekin egoten zinen. Gaur egun, WhatsApp-a eta horrelakoekin aldez aurretik dena dakizu, eta aukeratu egin dezakezu», dio gazte batek. Solasaldian zehar aipatu duten beste aldaketa bat izan da entzuten den musika: «Gaur egun, irrati komertzialetan entzuten diren abestiak bakarrik jartzen dituzte», diote.
Gaztetxoenen artean bada beste eredu aldaketa bat; lokalena. Kuadrilakoak soilik biltzen diren espazio bat. «Eta, nola ez, prezioengatik auzotik kanpo hartu behar ditugu, noski!», gaineratu dute.
Tabernen ordutegiak ere aldatu dira. Arratsaldetan berandu irekitzen dituzte, eta egun askotan, goizez ere, Parte Zaharreko taberna asko eta asko itxita daude. «Hori ere urte hauetan emandako aldaketa bat da».
Aurreko garaiak ezagutu dituzte, gaurkoak pairatzen ari dira, eta ez dakite geroak zer ekarriko dien. «Hau da daukaguna, ez dugu haratago pentsatzen, eta oso mugatuak gaude», dio gazte batek. Baina Parte Zaharrekoak izateaz harro daude eta auzoaren alde lanean jarraituko dutela diote.