“Beste hizkuntzek dituzten erraztasunak behar ditu euskarak”

Txiotesia lehiaketa irabazi du Uxoa Iñurrietak (Antigua, 1990). Itzultzailea eta ikertzailea da, eta gaur egun hizkuntza konputazionalaren inguruko ikerketa egiten dihardu IXA ikerketa taldean.
Uxoa Iñurrieta

Uxoa Iñurrietak irabazi du Txiotesi lehiaketa. (Argazkia: Malen Aldalur)

Itzulpengintza eta Interpretazio ikasketak egin zituen Iñurrietak EHUn, eta ondoren, Hizkuntza azterketa eta prozesamendua masterra egin zuen Informatika fakultatean. Gaur egun, IXA ikerketa taldean ari da bere doktorego tesia egiten: Izen+aditz konbinazioen itzulpena: azterketa linguistikoa eta tratamendu konputazionala. Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako Txiotesia lehiaketa irabazi zuen joan den astean, bere tesia sei txiotan laburtuz. Ikerkuntzan aritzeaz gain, itzulpenak ere egiten ditu.

Nola bukatzen du hizkuntzalari batek informatika fakultatean?
Ez dakit, beti gustatu izan zait teknologia. Gaur egun gauza askotarako beharrezkoa da, baita hizkuntzalaritzan ere. Hiztegi eta zuzentzaile guztiak digitalizatuak daude; dena den, gauza pila bat dago egiteko. Masterrak, orain arte ez neukan ikuspegi bat edukitzeko balio izan dit.

Orain dela hiru urte hasi zinen tesiarekin.
Bai. Nire tesiaren helburua Matxin itzultzaile automatikoa hobetzea da. Izen eta aditz konbinazioak aztertzen ditut, gero horiek nola itzuli ikusteko. Esaterako, adarra jo. Kasu horietan aurrez ezagutzarik eduki ezean, ez dira ulertzen. Funtsean nik egiten dudana honakoa da: horiek gaztelaniatik eta ingelesetik euskarara nola itzultzen diren aztertu eta azterketa linguistiko horretatik ondorioak atera, ondoren itzultzaile automatikoan hobekuntzak integratzeko. Berez lau urtetarako beka bat daukat, eta espero dut datorren urtean tesia aurkeztu ahal izatea. Momentuz gustura ari naiz.

Ikerketaren barruan Konbitzul hiztegia sortu duzu.
Azterketa horretan informazio asko ateratzen da, eta Konbitzul sortu genuen nolabait informazio hori guztia erakutsi ahal izateko; datu base bat da. Hiztegi bezala erabili daiteke, baina nahi izanez gero informazio linguistiko gehiago ere aurki daiteke bertan.

IXA ikerketa taldean ari zara lanean. Zer egiten duzue?
IXA taldea, hizkuntza eta teknologien inguruan ikertzen duen talde bat da. Gure alorrari hizkuntzaren prozesamendua deitzen zaio eta, batez ere, euskararen hizkuntza prozesamendua aztertzen du. IXA taldeak egin duen lehen tresna eta ziurrenik ezagunena Xuxen zuzentzaile ortografikoa da, baina gauza askoz gehiago ere egin ditu; esaterako Matxin itzultzaile automatikoa. Nire tesia horrekin dago lotuta. Gure lana da tresna horiek etengabe hobetzen joatea. Hizkuntzak aldatzen ari dira denbora guztian, eta egokitu egin behar dugu. Dena den, gure helburua da euskarak beste hizkuntzek dituzten erraztasunak edukitzea. Horretarako baliabideak eta tresnak sortzen ditugu. Hala ere, ikerketa guztiak ez daude tresnetara bideratuta.

Orain dela gutxi umorea eta zientzia elkartu dituzue Elhuyarren egitasmo baten barruan.
Elkarlanean aritzen gara Elhuyarrekin. Azken egitasmo hori gure ikerketak gizarteratzeko ahalegin bat izan zen; dena den, Elhuyarrez gain beste ikerketa talde batzuekin ere aritzen gara. Atzerriko unibertsitateekin ere hainbat gauza egiten ditugu, eta oso aberasgarria da. Izan ere, horrela beste herrialde eta hizkuntzek dituzten hizkuntza tresna eta baliabideak ezagutzen ditugu eta gero horiek euskarara ekartzeko balio digute. Eusko Jaurlaritzarekin ere hainbat elkarlan egiten ditugu.

Batera lan egiten duzue hizkuntzalariek eta informatikariek?
Bai, baina gehienak informatikariak dira. Normalean elkarlanean aritzen gara; beraiek pentsatzen dute nola aplikatu, eta guk ikerketa jakin bat egiten dugu. Etengabe bilerak egiten ari gara. Jendeari euskaraz aritzeko erraztasunak eman nahi dizkiogu.

Zein erraztasun?
Euskara normalizazio prozesu batean dagoen neurrian, gutxienez, gainerako hizkuntzek dituzten erraztasunak edukitzea ezinbestekoa da, bestela hizkuntza handiagoetara joko dute. IXAk horretan kristoren lana egiten du, eta urte mordoa daramatza horretan; garrantzitsua da erabiltzaileek ikustea euskara presente dagoela; adibidez, Facebook eta Twitter euskaraz edukitzeko aukera eskainiz. Horrelako hobekuntzak garrantzitsuak dira euskararen normalizaziorako.

txiotesia

Uxua Iñurretak irabazi du lehen saria. (Argazkia: @uninet_ataria)

Txiotesia lehiaketa ere irabazi duzu.
Oso pozik nago. Udako Euskal Unibertsitateak antolatzen du Txiotesia lehiaketa, zientzia dibulgazioan aritzen da eta Txiotesiarena aukera polita da ikertzaileen lanak gizarteratzeko. Aurtengoa hirugarrena izan da. Dena den, ez da batere ariketa erraza, dirudiena baino zailagoa da. Izan ere, hiru urtean egin duzun lan guztia sei txiotan soilik sartu behar duzu eta, gainera, nahiko zurruna da; lehenengo txioan izenburua sartu behar duzu, eta azkenengoan ondorio nagusia. Hala ere, asko laguntzen du eta barnera begira oso ariketa ona da.

Zein da zure tesiaren ondorioa?
Matxin zuzentzaile ortografikoa hobetuko duela.

Pozik zaude tesiarekin?
Oso pozik nago. Niretzat plazer bat da gustatzen zaidan zerbaitetan lan egitea. Etengabe ikasten ari zara eta hori da zure lana. Egia da batzuetan gorabeheratsua izaten dela, baina nik nahiko ondo daramat. Hala ere, beti ez da erraza izaten. Tarteka artikuluak idatzi behar izaten ditugu eta blokeatu egiten nahiz ordenagailuaren aurrean. Azkenean ikertzailearen lana horrelakoa da: erronka bat bestearen atzetik jarri behar diozu zeure buruari.

Ikerkuntzaz aritu gara baina itzultzaile lanetan ere ibiltzen zara.
Ikasketak horretara zuzenduta egin nituen, eta asko gustatzen zait itzultzaile lana. Tarteka Ibaizabal argitaletxearekin egiten dut lan.

Zenbat hizkuntza hitz egiten dituzu?
Bost hizkuntza. Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez ondo moldatzen nahiz eta Alemanez ikasten ari naiz.

Tesia egin bitartean ere aritu zara itzultzaile lanetan?
Bai, tarteka egiten ditut lanak. Orain arte hamar liburu itzuli ditut, eta Madama Butterfly da guztietan gehien gustatzen zaidana. Gehienetan frantsesetik itzultzen ditut eta haur literatura liburuak izaten dira, beraz, ez didate denbora gehiegi kentzen. Aurten nik itzulitako bost liburu egongo dira Durangoko Azokan. Horietako bat gustatu zait bereziki: Nils Holgersonen bidaia miresgarria.
maldalur@hitza.eus


 

Txiotesia

Honela azaldu du bere txio tesia sei txiotan:

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend