Mikel Legorburu historialaria eta Ikasbide Kultur Elkarteko kidea. (Argazkia: N. Lizarralde)
Mikel Legorburu, historialaria eta Ikasbide kultur elkarteko kidea
Amara Berriko Amaiur parkea eta Amaiurko gaztelua senidetu berri dituzte, Ikasbide kultur elkartearen ekimenez. Mikel Legorburu gazteluko indusketa lanetan dabil.
Urtez urte asko aldatu da Amara Berriko Amaiur parkea. Herritar asko ibiltzen dira berdegune honetan, eta halere, gutxik jakingo dute Amaiur izena duela – 1993. urtetik–. Auzoko Mikel Legorburu historialariak ongi ezagutzen du parkea, baita Nafarroako Amaiur gaztelua ere. 2006. urteaz geroztik indusketa lanetan ibili da, atseden hartu gabe.
Nola sortu zen Amara Berriko parkea eta Amaiur herria senidetzeko ideia?
Alde batetik ikusten nuen Donostiako parkeak ez zuela inolako erreferentzialtasunik. Parkea bere jatorrian eremu zabalagoa zen, baina pixkanaka txikitzen joan da. Eliza eraiki zuten, oroimenaren Lorategia… Amaiurko Gaztelu elkartekoei komentatu nien Donostian bazegoela Amaiur izeneko parke bat, eta nik ezer esan baino lehen, erronka hartu eta esan zidaten beraiek eramango zutela Amaiurko harri bat parkera, hango abesbatza etorriko zela. Trukean, guk dena prestatu behar genuen. Ikasbide kultur elkartekoengana jo nuen, eta Euskararen Egunean egin genuen ekitaldia antolatzea lortu genuen.
Eta zuk nola hasi zenuen Amaiur herriarekin duzun harremana?
Historialaria naiz, eta Herri Ametsa ikastolan urte pila bat eman ditu lanean. Ikastolako jardunarengatik ez nuen arkeologian lan egiteko aukerarik. Halako batean, 2006an, Aranzadi elkarteak Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean, arkeologia ikastaro bat egin zuten euskaraz eta Internet bidez egiteko. Praktikak Aranzadi elkartean egin nituen, eta irteera batzuk ere bai. Altablen izan nintzen lehendabizi, Araba, Errioxa eta Burgos artean. Zantzuak zeuden 1936ko gerran pertsona batzuk tiroz hil eta bide ertzean utzi zituztela. Gorpuak atera eta senideekin batera ikerketan parte hartzeko aukera izan nuen.
Ondoren, historiaurrera atzera egin nuen. Uda hasieran Leze Txikin izan nintzen. Eta hurrengo praktikak Amaiurren egin nituen. Erdi Aroaren bukaeran eta Aro Modernoaren hasieran kokatzen da historiaren zati hau. Bagenekien bazegoela mitifikatutako historia bat, nafar independentziaren azken gunea zela eta abar.
Zelai berde batetik, material pila bat atera duzue urte hauetan guztietan.
Beraiek leku horri gaztelu deitu deitu diote beti, nahiz eta gaztelurik ez den ikusten bertan. Monumentu bat dago, 1922an eraikia. Amaiurko batailatik 400 urtera egindakoa, 1522an izan zen bataila hura. Zaharrenek gogoratzen zuten berez beste monumentu bat, ez dela orain dagoena. 1922an jarri zuten, baina errepublika garaian faxista talde batek dinamita jarri zuen gauez eta lehertarazi egin zuen. 1982an, monumentua berriz goratu zuten. Hor inguruan zeuden harriak hartu eta berriz egin zuten. Han mendixka berde bat zegoen, monumentu batekin. Guri eman ziguten baimena indusketak egiteko. Lubaki luze bat ireki genuen. Eta hantxe hasi ginen materiala bilatzen.
Zer aurkitu duzue?
Harresiak, ezpata bat, txanponak, gela pare bat, dorre borobil batzuen aztarnak… Nafarroako gobernuak trabak jarri zizkigun hasieran. Garai hartan UPN zegoen agintean, eta Amaiur sinbolo bat zela jakinik, ez zuten hori esnarazi nahi. Teknikariak ondarearen alde zeuden, baina esan ziguten lanak oso ondo egin behar genituela, bestela ez zigutela lan egiten utziko. Huts egiteko zain zeuden, guk handik alde egiteko. Baina oso ondo joan zen dena.
Hunkigarria izan behar da material hori guztia aurkitzea.
Arkeologia oso zientzia polita da, baina oso zientzia destruktiboa da aldi berean. geruza batDeskubritzen duzun heinean, beste bat kentzen ari zara. Harresi baten azpian beste bat ikusten baduzu, zer? Goikoa kentzen baduzu, jada galdu egingo duzu. Zer da garrantzitsuagoa? Zein mantenduko duzu? Denbora guztian baloratu egin behar duzu, kentzen duzuna ezin duzulako berriz jarri.
Urtero egiten ari garen lanaren ondorioz gaztelua aldatzen ari da. Jende asko urtero joaten da aldatzen ari dela ikusten ari delako. Aurreikuspenak batzutan ez dira betetzen eta aurretik duzun informazioa aldatu egin behar da. Hasieran genituen teoria asko baztertu egin ditugu
2011an 500 urte izango dira, eta ikusita mendia eta gaztelua nola dagoen, oraindik belar azpian harresiak izan daitezkeen marrak ikusten direla kontuan hartuta…Guk uste dugu 2022. urtea arte behintzat lana izango dela. Espero dugu egiturak eta piezak ateratzeaz gain, horiek gordetzea. Gure asmoa izango litzateke ondare hori guztia herrian geratzea, baina horrek inbertsio bat eskatzen du. Interpretazio zentro bat, esaterako.
Amaiurkoentzat sinbolo bat al da gaztelua dagoen tokia?
Beraiek, hasiera batean, ez zuten pentsatzen handik atera den guztia egongo zenik. Asko idatzi da historian zehar, Nafarroako erresuma erori zenean gaztelu guztiak eraitsi zituztela. Dokumentazioak bai esaten zigun gazteluko harri asko saldu egin zirela. Zaldun irabazleek harriak bereganatu, eta saltzeko eskubidea izan zuten. Konkistadoreen negozio bat izan zen. Herriko eliza eta etxe asko gazteluko harriekin eginda daude. Ezingo genuke gaztelua berreraiki harri asko kendu egin zirelako. Geratu dira beheko harriak.
Nolakoak dira Amaiurko bizilagunak?
Oso herri batua, langilea eta umore onekoa iruditu zait. Auzolana oso errotuta dago Amaiurren. Berehala ikusi zuten indusketa lanetan genbiltzanok ez ginela soldata truke joandako señorito batzuk. Alderantziz, lan hori egiteko ordaindu egin behar genuela, han ematen ditugun egunetako gastuaak, hain zuzen. Baratzea zuenak barazkiak ekartzen zituen, gaztak eta haragia zuenak ere berdin. Bakoitzak ahal zuena egiten zuen gu laguntzeko, eta hori ikustea polita izan zen.
Amara Berri eta Amaiur senidetu dituzue, baina indusketa lanetan ibili zaretenek ere lotura estua izango duzue Nafarroako herriarekin.
Ni donostiarra naiz, Amara Berrikoa, baina Donostiakoa izango ez banintz, Amaiurkoa izango nintzateke. Oso lotura sendoa daukagu. Oso herri txikia izanik, denak ezagutzen ditugu. Gure zai daudela esaten digute. Berrogei pertsona iristea hara lan egiteko gogoarekin, bada, beraiek ere eskertzen dute. Urtero, abuztuko lehen hamabostaldian joaten gara lanera. Herriko jaiak abuztuaren 14an hasten dira, eta guk bezperan bukatzen ditugu lanak.
Denok animatu gara urtero joatera. Hamalauko talde bat hasi ginen, ikastaro hartan parte hartu genuenok. Baina handitzen joan da taldea. Aranzadik euskaraz antolatutako lehen indusketa izan da. Hori da lanera etortzen denari eskatzen zaion bakarra, euskaraz egitea, ilusioa izateaz gain, noski. Herrian denek dakite euskaraz eta ez genuen mikroklima hori aldatu nahi.