Gero eta ohikoagoa da parrandarako tabernak egunez irekita ikustea, asko izan baitira lokala berritu eta jendearen ohitura berrietara egokitzeko hautua egin duten ostalariak.
Fermin Kalbeton kalea egunez, jendez lepo. (Argazkia: Miren Azkarate)
Parte Zaharreko gauak ez dira lehen bezain jendetsuak, eta egoera berrira egokitu behar izan dute ostalariek. Gaua nola aldatu den ezagutzera joan gara Parte Zaharrera, Ikatz kalera eta Fermin Kalbetonera. Parrandaren gune jendetsuenak izan dira bi kale horiek. Gaur egun, ordea, larunbat gauean bakarrik egiten dela lan esaten digute Aurreskuko Elena Gineak eta Loretxuko Eneko Elosegik.
Gaua hilda dagoela, eta ideia berriak sortu beharrean aurkitu direla diote. «2011. urtea izan zen azken urte ona gauez dirua ateratzeko», diote biek. Baina zer gertatu da? Zergatik eman da beherakada? Zein faktore edo ohitura aldaketa egon dira egoera horretara iristeko?
Arrazoia ez da bakarra, eta ziurrenik, erreportaje honetan hanka motz geratuko gara esandakoak biltzen. Baina badira bi ostalari aipatu dizkiguten bi arrazoi: krisi ekonomikoa eta tabakoaren legea.
Aurreskuk eta Loretxuk, bi tabernek, gauez bakarrik ez, egunez ere aritzeko hautua egin zuten orain gutxi. Loretxuk ez du sukalderik, baina pintxoak egiten ditu. Aurreskuk, sukalde txiki bat jarri du pintxoak eta ogitartekoak eskaintzeko.
Biek modu berean laburbildu dute egungo egoera: «Ostegunetan ez dago inor, eta egotekotan oso berandu jaisten da. Ostiraletan ez dago inor, eta larunbata da gauez lan pixka bat egiten den eguna». Hori ikusita, berritzea beste alternatibarik ez zaie geratu: «Eta eskerrak aldaketa egin genuen, bestela dagoeneko taberna itxita genuen».
Auzo guztian egoera orokorra dela diote, horrela gauez bakarrik lan egin duten taberna asko itxi edo aldatu beharrean aurkitu dira: Hamabost taberna pintxoak saltzen hasi da asteburuetan, Perku taberna obra egiten ari da eta pintxoak eskainiko ditu, Ensanche taberna ere garai batean pintxoak ematen hasi zen, eta ikastola parean jarri zietenean, gosariak emateko irekitzen zuten goizean… Adibide batzuk besterik ez dira.
Arresku tabernako Elena Guinea ostalaria. (Argazkia: Miren Azkarate)
Ikatz kalearen errealitatea
Krisi ekonomikoarekin, duela zazpi urte inguru, hasi zen nabaritzen gauez jende askoz gutxiago ateratzen zela. «Jendea birziklatu egin zen, eta egunez ateratzeari garrantzi gehiago ematen hasi zen», dio Elena Gineak. Ikatz kaleak momentu horretan ez zuela egoera berriari aurre egiten asmatu gaineratu digu.
Gaur egun, gauez gazteak bakarrik ateratzen direla dio, eta bestelako ohiturak dituzte. Horrela, ostegunetako pintxo potean ez dela inor egoten azaldu digu. «Grosekora edo Antiguakora doaz, eta gero, 00:30ak inguru, azaltzen dira hemendik parrandarekin jarraitzera».
Asteburuaren errepasoarekin jarraitu du: «Ostiraletan hau hilda dago», esan du era lehor eta laburrean. Urte batzuk atzera, ostiralak asteburu osoko hasiera zirela dio: «Aste osoan lanean pasa ondoren, gogoz hartzen zen eguna zen. Gaur egun, tramite hutsak dira».
Larunbatak dira lan pixka bat egiten duten egun bakarra: «Larunbatetan badabil jendea, baina hemen ere aldaketa asko eman dira. Musika eta kontsumitzen diren edariak, adibidez. Eta gainera, uste dut oso jende gaztea dela, gazteak bakarrik ateratzen direla gauetan!», dio Gineak pentsakor.
Musikaren gaia azpimarratu du: «Demostratua dugu bai guk eta bai kale honetako beste tabernek, euskal abesti bat jartzen badugu taberna hustu egiten zaigula. Eta hau oso tristea da!».
Tabakoaren legea izan zen beste inflexio puntua: «Bat-batean jende guztia kalean egoten hasi zen, eta taberna hutsik!», dio Gineak, sututa. Gaur egun, taberna kanpoan bi mahaitxo ez badituzu, «ez zara inor!». Horretaz gain, tabernak leihoa edukitzea ere abantaila dela gaineratu du, dena kalean egiten baita. Honek ere beste arazo mota batzuk sortzen dituela dio: «Ez gaude ados Parte Zaharrean terrazekin eta zaratarekin gertatzen ari den guztiarekin, baina errealitatea hori da».
Horrela aurrera egitea ezinezkoa zenez, irtenbide bat aurkitzea zela bide bakarra adierazi du tabernariak: «Horretarako aldaketak eta ilusioa beharrezkoak dira», gaineratu du.
Duela urtebete hartu zuen Aurresku taberna. Lehen aldaketa sukaldea jartzea izan zen. Pintxoak eta ogitartekoak ematea beharrezkoa zela dio, gauarekin bakarrik ez zuelako ematen: «Ikusten genuen sukaldea zuten tabernek funtzionatzen zutela kale honetan ere, Larraren eta Belfasten adibideak hor daude».
Eskerrak eman ditu, kaleko taberna guztiek elkar lagundu dutelako. Horrela, Ikatz kalea bizirik bezalako egitasmoa sortzea lortu zuten, kaleari itxura emateko jarduera ezberdinak bultzatuz. Honi esker sortu ziren ostiraletako karaokeak. Duela aste batzuk DJ ibiltariak ekarri zituzten kaleko taberna guztiak girotzeko.
Aurrera begira ere zerbait antolatzen ari dira inauterietarako eta udaberrirako. «Eta pintxo poteari ere buelta batzuk ematen ari gara, gaur egun dagoen bezala, ez duelako funtzionatzen».
Beste motatako laguntzarik ez dutela espero ere argi utzi du: «auzo hau beti egon da kanpotarrei begira antolatuta, eta bertakoentzat inoiz ez da ezer egon, baina hau ere okerrera doa!».
Hala ere, etorkizunari baikor begiratzen dio Gineak: «Ekonomikoki izorratuta jarraitzen dugu, baina jendeak administratzen ikasi du eta parrandarako zerbait uzten hasi da», dio irribarretsu.
Loretxu Taberna egunean zehar. (Argazkia: Miren Azkarate)
Eta Fermin Kalbetonen?
Egoera ez da oso ezberdina, eta arrazoiak eta bizirauteko irtenbideak ere antzekoak dira. «Duela bost urte bi gauetan ateratzen genuena ateratzeko, gaur egun aste osoa eta egun osoa eman behar dugu lanean», dio Eneko Elosegik, Loretxu tabernako jabeak.
Gauez arrakasta handia izan du Loretxuk, baina azken urteotan emandako beherakada dela eta, gauak jada ez zuen ematen. Egoera berriaz jabetuta, erabaki bat hartu behar zuten. Taberna itxi, edo negozioa berritu. Hala, duela bi urte, taberna berritzearen alde egin zuten. Ondorioz, sukalderik gabeko tabernak bisitatzen egon ziren, eta haietatik ideiak hartzen. Oraingoz, behintzat, aldaketa onerako izan dela dio, «eskerrak aldaketa egin genuen, bestela honez gero taberna itxita egongo zen».
Elosegik ere argi ditu arrazoi nagusiak: krisi ekonomikoa eta tabakoaren legea: «Dena aldatu zen bi arrazoi horiengatik». Eta pena handia ematen diola, ez bakarrik dirua edo kutxarengatik, baizik eta urte hauetan auzoko taberna asko itxi egin behar izan dituztelako.
Gai horrek mintzen duela nabari zaio. Auzoko lokalen jabeak salatu ditu: «Tabernen lokalen jabeek ez dakite hemen gertatu dena. 2011ko alokairuen prezio berdinak mantentzen dituzte, eta ezinezkoa da horrela bizirautea!». Ondorioz, lokalen jabeei krisia ez zaiela iritsi uste du: «Jendeak oraindik pentsatzen du Parte Zaharrean taberna bat edukitzea erraza dela, eta konturatzen denean ez dela horrela, utzi egiten dute, baina atzetik beste hiru pertsona ditu lokal hori alokairuan hartzeko prest», adierazi du.
Soilik lokala eta tabernaren jabe diren ostalariek egingo dute aurrera, Elosegiren ustez: «Alokairua ordaindu behar dutenek itxi egin beharko dute, eta aldatzen joango dira».
Kalkuluak egin eta ikusi
Loretxu taberna ez dute egunero irekitzen, eta ordutegiak ere aldatu dituztela esan du. «Kalkulatuta daukagu noiz ateratzen ditugun irabaziak, eta noiz ateratzen garen galtzen. Eta galtzen ateratzen garen egun horietan itxi egiten dugu», dio Elosegik argi eta garbi.
Askok esaten diete «egon behar dutela», baina bertan lan egiten duten hiru anai-arrebek argi dute ez daudela dirua eta denbora galtzeko prest.
Ez da kalkulu bakarra. Serio jarri ziren gaiarekin dena aztertzen, eta badakite astebeten ateratzen duten dirua alokairua ordaintzeko izan behar duela: «Hau ez badugu ateratzen, gaizki goaz», gaineratu du. Eta ironiarekin jarraitu du ez dakiela taberna askok nola egiten duten hilabete bukaerara iristeko.
Taberna askok dituzten isunek ere Parte Zaharreko ostalari asko ekonomikoki ito dituela ere esan digu, eta prezioen igoera etengabeak ere onura ez diela ematen ohartarazi du.
Oraingoz ondo doaz, baina…
Aldaketa egin zutenetik, taberna ondo doala baieztatu du: «Asmatu egin genuen sukalderik gabeko pintxoekin, honek bereizi egin gaitu». Egunez, pintxo taberna baten itxura du Loretxuk. Asteburutan, ordea, 23:00etan, gaueko taberna bihurtzen da. Biak uztartuta, aurrera egiten ari dira: «Ostegun eta ostiral gauetan ez da inor ateratzen, larunbatetan lan egiten badugu, pozik. Eta lehen udarak hiru hilabete irauten zuen; eta, orain, abuztuan lan egiten badugu, pozik!».
Baina auzoko eta Donostiako bezero fidelak lortu dituztela ere adierazi digu, «eta honek oso harro sentiarazten digu», dio Elosegik. Tabernaren kokalekuagatik ere kanpotarrekin lan egiten dutela dio, baina argi dauka hemengoek eusten diotela tabernari. Egunean bizi dira, eta oraingoz behintzat, lanean tinko jarraituko dute Elosegitarrek.
Argazki galeria osatu dugu erreportaje honetan: