Hormadunak, txapadunak eta marradunak
Euskal Herriko txoko guztietan topa ditzakegu pilotalekuak. Donostian ere ugari ditugu, auzo gehienetan bana, eta batzuetan gehiago.
Donostiako auzoetan barreiatuta, hainbat pilotaleku publiko ditugu, era desberdinetakoak. Soilik frontisa duten plaza pilotalekuak, Manteo ikastetxe albokoa, kasu; ezker hormarik gabeko errebote pilotaleku luzea, Zubietan dagoena; ezker pareta duten frontoi irekiak, Lizarriturriko etxeen antzeko aldean topa dezakeguna bezalakoa; ezker pareta duten frontoi estaliak, kiroldegi askotan aurkitu ditzakegun erakoak.
Pilotan eskuz jokatzeko, palan, erraketekin, baloiarekin futbol partidak inprobisatzeko, bizikleta eta patinetan ibiltzen ikasteko, herri edo auzo bazkariak antolatzeko, kontzertuak eskaintzeko, zinema proiekzioak egiteko, harrapaketan aritzeko edo beste edozein eratan sozializatzeko, betidanik izan ditugu frontoiak bilgune. Haur, gazte eta helduek jokatzeko, eta baita auzoetan sortutako egitasmoak antolatzeko ere, espazio arkitektoniko oso bereziak baitira auzoetan. Zaindu eta defenda ditzagun beraz, gure egunerokotasunaren parte baitira.