Joxe Manuel Odriozola
“Munduaren gorabeherei begiratu besterik ez dago politikak duen garrantziaz eta zentraltasunaz ohartzeko. Politika ongi erabili beharreko tresna zaio edozein herri edo estaturi”. Hala dio Orreaga taldeak antolatu dituen jardunaldien sarrerak. Zientzia politikoaren arauak ezagutzea ezinbestekoa da
Orreaga taldearentzat, euren ustez horrela bakarrik lortuko baititu Euskal Herriak
askatasuna eta burujabetza.
Hala, hainbat pertsona independientekin elkarlanean eta UEUren laguntzarekin,
Politikaldia Nazio Estrategian jardunaldiak antolatu ditu Orreagak.
Koldo Mitxelena Kulturunean egingo dituzte hiru egunez gaika antolatu dituzten saioak. Abenduaren 13an Politikaren Oinarrizko Kontzeptuak goiburu hartuta ariko dira. 18:00etan Olatz Zugasti kantari eta musikariak egingo du jardunaldien aurkezpena. Mahai ingurua ondoren: Norabide politikoa gazteen ikuspuntutik. EHUko eta Mondragon Unibertsitateko ikasleen eskutik. Ondoren, egoera politikoaren diagnosia egingo du Jesus Arregi EHUko irakasleak. Atsedenaldia artekoa, Izaskun Elezgarai EHUko eta UEUko irakasleak osatuko du. 20:00etatik aurrerako bi hitzaldiak Mikel Erauskin ekonomialariak eta Ane Ablanedo NUPeko eta UEUko irakasleak emango dituzte. Aurrenekoaren saioa: Politika: subjektu ala objektu izan. Bigarrenarena: Demokrazioa ala herri menderatua?
Abenduaren 14an Burujabetasunetik goiburupean ariko dira. Arratsaldeko lehenengo partean (18:15-19:00), Asier Ipiñazar ingeniaria batetik, eta Pako Aristi idazlea bestetik. Ondoren (19:20-20:30), Naroa Anabitarte EHUko irakaslea batetik, eta mahai ingurua bestetik: Joxe Manuel Odriozola idazlea eta Eneko Bidegain idazle, kazetari eta irakaslea.
Abenduaren 15a izango da azken eguna: Estatuaren Berrezarpena Lehenik, (18:15-19:00), Mikel Erauskin ekonomialaria eta Naroa Anabitarte ariko dira. Ondoren, (19:20-20:30), Ane Ablanedo irakaslea eta Asisko Urmeneta irudigilea.