Bertso pilota jaialdia egin dute Arroka frontoia babestearen alde
Jende andana bildu da igande goizean Arroka frontoian. Haurrak izan dira protagonista eguerdira arte; goizeko 11:00etan Botila Challenge lehiaketa egin dute. Haur ugari animatu dira, botila airera bota eta zutik uztea helburu duen jolasean jolastera. Lehenengo lurrean egin dute, ondoren, mahai gainean. Puntu gehien eskuratu dituzten lehenengo 12ak pasa dira finalera, eta goxokiz betetako botila bana irabazi dute horiek.
Ondoren, kalejira egin dute elkartetik Arroka frontoira, eta jan eta edan bitartean bertso pilota jaialdiaz gozatzeko aukera egon da: Bertsotan eta botilero lanetan, Unai Gaztelumendi eta Eli Pagola; pilotan, berriz, kamiseta gorriarekin Patri Espinar eta Ibon Taberna, eta kamiseta urdinarekin Eneritz Arrieta eta Mikel Olazabal. Bizilagunek batzuen eta besteen alde apostu egin dute.
Eli Pagola laguntzaile lanetan zutela Arrieta eta Olazabalek irabazi dute 25 tantotara jokatu duten partida: 25 eta 23.
Jaialdiko giroa jaso dugu iruditan!