Asteartean egin zuten lehen bilera, Antiguotarrak elkartean. 30 lagun inguru elkartu ziren.
Ustekabean, aste berean, mendizaleentzako bi elkargune berri sortu dira Antiguan: Platerotarrak eta Txantxarreka gaztetxeko taldea.
Naturaz eta mendiaz gozatzeko, eta kirola elkarrekin egiteko gogotsu daude Antiguan. Aste honetan bi mendi talde sortu dira auzoan: bata, Platerotarrak, eta bestea, Txantxarreka gaztetxekoa.
Kepa Larrea, Iker Urbizu, Ion Areso eta Lizar Irazusta izan dira Platerotarrak mendi taldearen bultzatzaileak. «Gu mendian ibiltzen garen lagun talde bat gara. Mendizaletasunaren inguruan hutsune bat bazegoela iruditu zitzaigun. Izan ere, gu korrika ibili ohi gara mendian, baina jende gehiago bilduko zuen elkargune bat sortu nahi genuen, eta horrela animatu ginen taldea egitera», azaldu du Larreak.
Mendi taldeak auzoan harremanak indartu eta belaunaldi desberdinetako jendea elkartuko duelakoan daude. Asteartean egin zuten lehen bilera Antiguotarrak elkartean, eta 30 lagun elkartu ziren: «Auzokoak dira gehienak, baina badira auzokoak ez direnak ere. Antiguan lagunak edo kuadrilla dutenak, besteak beste».
Bileran jendeak zein behar dituen aztertu zuten, nolako mendi taldea sortu nahi zuten hausnartzeko, eta atera duten ondorio nagusia izan da askotariko jarduera eta ibilaldiak antolatuko dituztela: «Eskalada egiten duen jendea etorri zen, mendiko eskia egiten dutenak, baita gauza berriak probatu nahi dituztenak ere. Hori guztia kontuan hartu behar dugu», adierazi dute.
Motorrak berotzen hasteko urtarrilaren 8an egingo dute lehen irteeratxoa, elkar ezagutzeko. Aldura eta Urdaburura (Orereta-Oiartzun) joango dira. Ondoren, urtarrilaren 10ean, 19:30ean, beste bilera ireki bat egingo dute berriz Antiguotarrak elkartean, jarduerak zehaztu eta egutegi bat finkatzeko.
Platerotarrak mendi taldean lortu nahi dute parte hartzaileek konpromisoa hartzea gauzak antolatzeko: «Batzuek antolatuko dituzte haurrekin joateko ibilaldiak, beste batzuek eskalada egiteko irteerak… Eta horrela lortuko dugu denontzako egitarau bat sortzea», azaldu du Larreak.
«Jendea mendi taldera gerturatzen doan heinean ikusiko dugu zerk duen arrakasta gehien, eta egokitzen joango gara. Azken finean, erraztasunak eman nahi dizkiogu jendeari. Eta batez ere nabarmendu nahi dugu kideei federatzeko aukera emango diegula», jarraitu du Aresok.
Pozik daude mendi taldeak izan duen harrerarekin, eta jendeak azaldu duen gogoarekin. Gainera, aste berean, Txantxarreka gaztetxeak ere iragarri du mendi taldea sortu duela. Gaztetxeko kide bat izan zen Platerotarren bileran, eta denek azaldu zuten elkarlanarako prestutasuna.
Auzoan Antiguako Mendizaleak izeneko taldea dagoela azaldu dute, baina gehienak edadetuak direla. Platerotarrak taldeak auzotar eta mendizale guztien elkargune izatea du helburu: gazteak, familiak, haurrak… Platero elkartetik abiatuta sortu dute mendi taldea, eta Antiguotarrak izenarekin nahastu ondoren… Platerotarrak izena hartu dute. Mendi talde berriarekin harremanetan jarri eta informazio gehiago eskuratu nahi duenak
platerotarrak@gmail.com helbidera idatzi dezake.
Beste elkargunea, gaztetxearena
Txantxarreka gaztetxekoak ere zur eta lur geratu dira auzoan bi mendi talde sortu direlako aldi berean: «Gu ere harritu gara. Antiguan gazteon artean mendizale ugari zegoela bagenekien eta Txantxarrekako aldapa igotzeak ohitura areagotu du. Baina, bat-batean bi talde? Zer egingo zaio ba! Orain bai ezin esan planik ez duzula mendira joateko», adierazi dute euren webgunean.
Lagunartean lasai-lasai mendian ibiltzeko planak proposatu ditu gaztetxeak. Gaur lehen bilera irekia egingo dute (19:00), dena zehazteko. Egitarau bat prestatu dute jada, baina proposamen eta ekarpen gehiago jasotzeko prest daude. Igandean egingo dute lehen irteera, Adarrara.