Odon Elorza.
2008an, Odon Elorza alkate zela hasi zen Donostia 2016an Europako Kultur Hiriburu izateko hautagaitza prestatzen. Hasierako proiektu hura desitxuratu egin dela uste du.
Nolakoa izan da 2016. urtea?
Hiriburutzaren proiektuak ez du aurreikusitakoarekin bete, ez behintzat hasieran finkatu genuen Elkarbizitzarako kultura ardatz zuen egitasmoarekin. Hiriburutzaren proiektuen exekuzioa ez da bikaina izan, eta urte hau ez da esperotako intentsitatearekin bizi. Eta ez du garrantzizko legatu edo aztarna utziko. Finean, guk prestatu genuen proiektua desitxuratu egin dela uste dut.
Zerk egin du huts?
Interes politiko falta izugarria izan da. EH Bilduk lau urte eman zituen ezer egin gabe, ez zuelako proiektuarekiko pasiorik. 2011ko hauteskundeetan esan zuten hiriburutzaren hautagaitzari uko egiten ziotela, eta ez zutela gure proposamenarekin bat egiten. Eta ondoren argi ikusi zen ez zutela proiektua kudeatzen jakin. Hiri gisa barregarri geratu ginen. EAJri ere interes apur bat falta izan zaio, galdutako denbora berreskuratzeko. Kultur Hiriburutzan jarduera interesgarriak egon dira, baina betegarri asko. Lan taldeak lan handia egin du, baina ez da espero zena lortu. Nazioartean ez da proiekziorik lortu. Historian berriz gertatuko ez den aukera bat galdu dugu.
Miren Azkarate Donostia 2016ren arduradunak oso nota ona eman dio hiriburutzari.
Berak ikusiko du. Ez nago batere ados bere iritziarekin. EH Bildu udal gobernuan zegoenean, Kultura sailburua EAJkoa zen, eta beraiek ere ez zuten asmatu. Esaten duena esan beharko du, baina ez zait iruditzen objektiboa denik.
Desengainua hartu duzu?
Hiriburutza jarraitu dut, eta bizitu dut, baina epaimahaiaren aurrean aurkeztu genituen ideiak ez dira garatu garatu behar ziren moduan. Gauza asko galdu dira bidean, eta proiektuak abian jartzeko ordua iritsi denean ez dute asmatu. Egia da krisia dela eta aurrekontua murriztu behar izan zutela, baina ez dute aparteko ahaleginik egin enpresa pribatuen finantzaketa lortzeko.
Hasieratik ‘Elkarbizitzarako kultura’ izan da kultur hiriburutzaren lelo nagusia. Zer lortu nahi izan da alor honetan?
2008an hasi ginen kultur hiriburu izateko hautagaitza lantzen, eta orduan ETAren terrorismoaren mehatxupean bizi ginen. Proiektuaren ardatzak indar handia zuen orduan. Gure proiektuan kultura elkarrekin bizitzeko tresna gisa aurkezten genuen. Askotariko gatazkak gainditzeko modua zela uste genuen. Baina ardatz hori ez da garatu, eta aukerak galdu dira. Baina egia da Euskadin elkarbizitzarako pausoak ematen ari direla alor guztietan. Hiriburutza azkenean jarduera askoren batuketa izan da, baina ez diote distira atera.
Nola bizitu zenituen inaugurazio ekitaldiak?
Zubiko ekitaldia iruzur bat izan zen. Ez zen ulertu, ez zelako ondo egin, eta ez zelako ongi exekutatu. Eta pena bat izan zen, gaizki hasi genuelako hiriburutzaren ospakizuna, eta orain, ba gaizki bukatu dugu.
Legatua aipatu da behin baino gehiagotan. Zein izango da kultur hiriburutzaren legatua?
Ba, ez dakit. Donostiatik ateraz gero, ez da inor egin dugunaz jabetu. Kultur erakundeak indartzeko tresnak sortu dira? Jaialdiak berrantolatu dira? Uste dut ez dela aurrerapausorik eman alor hauetan, eta ez naiz gai legatua zein ikusteko. Udalak gabonetako argi gorriak jarri dituela Alderdi Ederren? Horretan ere huts egin dute.
2011n Donostia kultur hiriburu izendatu zutenean zure bizitzako egunik zoriontsuenetakoa izan zela aitortu izan duzu.
Bai, alkate gisa bizi nuen egunik zoriontsuena izan zen. Lau urteko lana izan zen, amets bat. Jende askok sinisten genuen proiektu honetan, eta egia bihurtzea lortu genuen. Donostiak kultur tradizio izugarria du, eta horrelako erronka bat behar zuen. Orain aztertu beharko dute ea hiriburutzak kulturaren sektore guztiak indartu dituen. Tamalez, hiriburutzaren urtean ez dute Chillida Leku berriz irekitzea lortu. Oso mingarria da. Ez dute Chillidatarrekin akordio bat lortu 2016an Chillida Leku irekita egoteko.
Eneko Goiari proposatu nion Konstituzio plazako Lagun liburu dendari omenaldi bat egitea. Urte askoan mehatxuak eta erasoak jasan behar izan zituen. Denbora luzez kultura ez zela errespetatzen erakusten du adibide honek. Errekonozimendu ekitaldi bat merezi zuen, baina ez dute ezertxo ere egin. Eta biktima guztien omenezko ekitaldi handi bat ere ez dute egin.
Lan taldean egon diren aldaketek nola eragin diote proiektuei?
Batzuek dimisioa eman dute, zuzendaritzan aldaketa pila bat eman dira… Zuzendaria bera azken momentuan hartu behar izan zuten. Gauzak gaizki egiten direnean, oso zaila da emaitza onak lortzea. Autokritika egin behar da, bai ala bai. Urtea bukatzeko analisi kritiko eta objektibo bat egin behar dute arduradunek, hiritarrei kontuak emateko.
Zuk zein nota jarriko zenioke hiriburutzari?
Ez diot notarik jarriko. Norberak baloratu dezala; hiritarrek jar diezaiotela nota.