"Publiko fidela sendotu eta ikusle berriak erakarri ditugu"
Dock of the Bay Donostiako musika dokumentalaren jaialdiak. Urtetik urtera sendotzen ari dela dio Eva Riverak. Atzera begiratu eta egindako bideari begiratzean hunkitu egiten da antolatzailea.
Musika ardatz duten dokumentalak eta beste hainbat jarduera egingo dituzte 10. Dock of the Bay jaialdian. Bihar hasi eta hilaren 14an bukatuko da. Eva Rivera jaialdiaren antolatzaileak aurtengo egitaraua aletu, eta orain arte egindako bidearen errepasoa egin du.
Nola jarri zenuten abian lehen Dock of the Bay jaialdia?
Hasieran erakustaldi moduan jaio zen, eta formatu hori izan zuen bospasei urtez. Asteburu batean egiten genuen, Antzoki Zaharrean. Horrelako jarduerarik ez zegoen Donostian, eta horregatik animatu ginen zerbait egitera. Ezagutzen genuen In-Edit musika dokumentalaren jaialdia, eta asko gustatzen zitzaigun. Xalotasunagatik batik bat, eta probatzeko gogoa ere bagenuelako hasi ginen. Ez genekien nolako harrera izango zuen.
Nola hasi zinen kultur munduan lanean?
Giza zientzien alorretik nentorren, kultur kudeaketan master bat egin nuen baina berez ez nuen loturarik mundu honekin. Iban Lozanorekin topo egin nuen, eta… bueno, egiten ikasten hasi ginen. Lan egiten baduzu, gauzak ateratzen dira. Esperientzia lortzen duzu eta… begira, hementxe gaude. Denborak arrazoia ematen dizu… ala ez… Eta bueno, ba ematen du ondo-edo egin dugula. Baina ikasten, probatzen eta lanean jarraitzeko prest gaude.
Nola gogoratzen duzu lehen urte hura?
Egin genuen, dirutza galdu genuen, baina aretoak bete ziren. ‘Hemen badago zerbait’, pentsatu genuen. Eta pixkanaka, urtez urte, sendotzen hasi zen. Viktoria Eugeniako klub aretoan egin behar izan genuen behin. Jaialdi txikiago batean bilakatu behar izan dugu zenbait urtetan, baina atzera egiteak abiada hartzeko aukera ere ematen dizu. Sarrerak agortu ziren, eta publikoak ere oso ondo erreakzionatu zuen. Geroztik Trueba zinema aretora pasa ginen, Antzoki Zaharra utzi gabe, noski.
Eta pixkanaka hazi egin gara. Atal berriak, egun gehiago… Babestu egin gaitu publikoak, zaleak ditugu, eta urtero gure zain daudela uste dugu. 2013an crowdfunding kanpaina bat egin behar izan genuen. Eta hor sentitu genuen babes handia. Aurrera jarraitzeko arrazoi bat izan zen, babes handia sentitu genuelako. Orain ohikoa da crowdfunding kanpainak egitea baina egoera eta testuingurua asko aldatu da.
Nola aldatu da egoera?
Hiriaren kultur eskaintza izugarri aldatu da. Duela hamar urte baino eskaintza gehiago dago, eta duela bost urte baino gehiago. Duela hamar urte ez ziren horrenbeste lokal eta proposamen existitzen. Musika dokumentala ez zen batere ohikoa zinema areto komertzialetan. Searching For Sugar Man dokumentalaren ondoren hasi dira zineman horrelako filmak proiektatzen. Eta bestetik, publikoa. Publiko fidela dugu, urtero datorrena. Duela hamar urte 30 genituen, eta orain 40. Jendea zahartu egin da, baina nabaritu dugu jende berria hasi dela zinemara etortzen. Betikoak datoz, baina jende gazteagoa eta jende zaharragoa ere badator. Ez dakigu zer gertatuko den, baina badakigu orain gure publikoa nolakoa den.
Urtero zailtasunak izan ohi dituzue jaialdia egiteko? Zein da arazoa?
Arazoa ez da antolatzea, arazoa da jaialdia finantzatzea. 2013. urtetik kultur proiektuak finantzatzea oso zaila da. Krisia oso kolpe latza izan da kultur proiektu guztientzat. Gu proiektu independentea eta txikia gara, eta asko kostatzen zaigu finantzaketa lortzea jaialdia egiteko. Jaialdiak hasiera eta bukaera bat izan begar du. Eta ezin duzu atzeratu. Urtarrilaren lehen astebukaerarako finantzatu behar duzu jaialdia, eta hori da gure arazo handiena. Batzuetan ez gara iristen, eta askotan azken momenturarte ibiltzen gara larri. Kulturan lanean ari garenontzat arazo larria da. Hortxe gaude, bizirauten ari gara. Babesle publiko eta pribatuak ditugu, eta horiei esker egiten dugu. Denbora asko ekaintzen diogu finantzaketari.
Zer dakar aurtengo egitarauak?
Aurtengo berritasuna da Paint It Black saila. Musika dokumentalaren hiru film klasiko emango ditugu. Leonard Cohen, Bob Dylan eta The Who taldeei buruzkoak. Beti izan ditugu klasikoak, baina ez genuen hauek guztiak biltzeko sail bat, hauek berreskuratzeko. Perfect Day sailean nazioartean berriki egindako lanak izango dira ikusgai, zazpi guztira. Eta lehiaketara aurkeztu diren zortzi film izango ditugu.
Zure ustez, zein osagai izan behar ditu dokumental on batek?
Niretzat garrantzitsua da film on bat izatea. Istorio handiak musika estilo batetik harago iristen dira. Egia da musika dokumentalak asko erakartzen dituela musikazaleak. Bere musika talde gogokoenaren filma ikusi nahi duen ikusle asko ditugu. Fan fenomenoa handia da. Baina uste dut lan interesgarrienak direla, musika eszena edo talde batetik harago, film bat egiten duten horiek. Pelikula handiak izatea, hori da garrantzitsuena, zinemaren ikuspegitik ona izatea. Zergatik? Ba horrela erakargarriagoa irudituko zaizulako kontatzen dizun guztia. Agian ez zaizu musika elektronikoa gustatzen, baina istorio on bat kontatzen badizute, ziur zure arreta bereganatuko duela, eta gehiago jakiteko gogoa piztuko dizula, ikusle gisa zu harrapatzea lortu duelako. Searching for Sugar Man adibide on bat da. Ondo kontatutako istorio baten bidez, pertsonaia bat ezagutu du publikoak. Eta 10. Dock of the Bay jaialdian horrelako asko ditugu: All these Sleepless Nights, La geometria del esplendor eta When the Earth Seems to be Light… Hauek ez dira oharkabean pasako.
Orduan, musikazaleek ez ezik, beste edozein ikuslek ere goza dezake Dock of The Bay-n.
Egia da zenbait musika zaleentzako filmak badirela. Gure publikoak horiek ere espero ditu! Baina kalitatea ezinbestekoa da. Zinemara beste edozein film ikustera joaten den publiko hori ere etor daiteke gurera.
Zein paper betetzen du egun Dock of the Bay jaialdiak?
Programazio desberdin bat da. Urtean zehar ezin dira horrelakoak ikusi. Gero eta gehiago dira zinema komertzialetan ikus daitezkeen musika dokumentalak, baina asko ez dira Donostiara iristen. Askotan gertatu zaigu ikusle bat ez iristea emanaldi batera eta filma ikusi gabe geratzea, ez baita beste inon estrenatu. Bestetik, jaialdi bat egiten dugu, urtean behin egiten dena, eta giro bat ere sortzen da bertan. Zinema proiekzio bat baino gehiago da, plan bat ere bada. Gauzak gertatzen dira, gonbidatuak ekartzen ditugu filmak aurkeztera… Jaialdi txiki bat da, eta jaialdi baten festa giroa ere badu. Hiriko kultur programa osatzera gatoz. Publiko bat daukagu, eta gure zain daude. Lortu dugu jendeak pentsatzea: gabonen on
Hamar urte bete ditu