Uliako bide bat.
Ulia Interpretazio Zentroak argazki-erakusketa bat ireki du, Ulian egin daitezkeen ibilbide nagusi eta interesgarrienei eskainia. Erakusketa ikusgai egongo da martxoaren 19a arte.
Uliara jende asko eta asko joaten da ibiltzera, mendian zehar bide sare aparta baitago. Bisitariaren denbora eta interesetara egokituta hainbat ibilbide-aukera dago Ulian, batzuk hiritik hain gertu dagoen gune honen ezaugarri naturalak erakutsiko dizkigute, beste batzuk historian zehar bidaiatzera eramango gaituzte edota herri desberdinen arteko lotura ahalbideratuko dute.
Lehenengo proposamena, errazena,
Uliari bira da, 3,2 kilometrokoa. Zurriola Ikastolak 2009. urtean Kilometroak-en ospakizunerako diseinaturiko ibilbide hau, Uliako ekosistema desberdinak ezagutu nahi dituenarentzat ezin hobea da. Ipar isurialdean kokaturiko amezti, txilardi eta itsas labarrak zeharkatzen ditu. Ibilbidean zehar bertako flora eta faunari buruzko informazioa biltzen duten panelak aurki daitezke.
Proposaturiko bigarren ibilbidea
Almirantearen gotorlekutik igarotzen da eta 4,7 kilometroko bide erraza da. Familia osoarekin egiteko aproposa den ibilbide honetan, Uliaren bi aurpegiak ezagutuko ditugu. Almirantearen gotorlekua dagoen guneraino eramango gaitu ibilbide honek eta bertatik bi ikuspegi izango ditugu: ipar aldetik itsas labarrak eta itsaso zabala eta beste aldetik Pasaiako badia eta inguruko mendiak.
Hirugarren proposamenak
Ulia mendia alderik alde zeharkatzen du. Gipuzkoari bira ematen dion GR121ak, Talaia bidea izena hartzen du Donostiatik Hondarribira doan zatian eta Ulia zeharkatzen du ipar isurialdetik. Ibilbide honetan zehar, Donostia urez hornitzeko eraikitako ubideak ikusiko ditugu eta baita hainbat iturri ere. Bestalde, itsaso zabalerako ikuspegi paregabeak izango ditugu eta amaieran Platako itsasargira iritsiko gara. Bertan, Uliako geo-ibilbideari buruzko informazioa ere aurkituko dugu. Oinez itzuli nahi ez duenarentzat, errepidetik ezkerrera jaisten den bidexkatik Pasaiara jaitsi eta autobusa hartzeko aukera dago.
Ibilbide bakoitzean ikus daitezkeen txoko berezienen 21 argazkiz osaturik dago, baita bide bakoitzaren ibilbidea zehazten duten planoz ere.