Jose C. Urrutia bere laborategian argazkiekin lanean. (Argazkia: Malen Aldalur)
2006. urtetik dago abian PhotoGune. Argazkia atera ondoren hasten da Jose C. Urrutiaren lana. Tamaina handiko makina eta tamaina txikiko pintzelekin txukuntzen ditu argazkilarien lanak.
Argazkiak atera ondoren hasten da positibo egile baten lana. Une egokian klik egin eta ahalik eta argazkirik dotoreena ateratzen ahalegintzen da argazkilaria; Ondoren, Urrutiak argazki horiek lantzen ditu Egian dagoen Photogune argazki laborategian.
Madrilen aritzen zen lehen. Denbora igaro ahala argazkilaritza ere aldatzen joan da eta aise moldatu da Urrutia garai berrietara; beti ere garai batekoak atzean utzi gabe. Orain dela sei urte iritsi zen Donostiara, Egiara hain zuzen ere. “Argazkilaritzaren artisaua” da Urrutia, makina handiak inguruan dituen arren, pintzel txikia eskuetan hartuta poliki eta mimo handiz lantzen du argazki bakoitza.
Argazkilari profesionalekin eta zaletuekin egiten du lan: “Ez zaigu gehiegi gustatzen zaletuak eta profesionalak bereiztea; zaletua den jende on asko dago”. Frantziako argazkilari ugari etortzen dira Egiara beraien argazkiak lantzera eta txukuntzera: “Erakusketaren bat edo dutenean hona etortzen dira argazkiak inprimatzera”.
Argazkilariarekin denbora luzez hitz egitea gustatzen zaio Urrutiari: “Denbora luzez egoten naiz argazkilariarekin hitz egiten elkar ahalik eta ondoen ulertzeko”. Uste du garrantzitsua dela argazkilariak eta espezialistak elkar ongi ulertzea: “Argazkilari bat datorrenean denbora eskaini behar diot zer nahi duen jakiteko, ondoren ezagutzen joaten gara eta ia hitz egin gabe ulertzen dugu elkar, oso harreman polita sortzen da”.
Gidaria beti izaten da argazkilaria, Urrutiak aukerak ematen dizkio, eta bien artean hasten dira froga eta froga argazkilariak lortu nahi duen hori lortzen:?”Argazkilariak buruan argazki bat izaten du, baina askotan zaila da hori lortzea: eguraldiagatik, argiarengatik edo dena delakoarengatik. Nik lortu nahi duen horretara gerturatzen laguntzen diot”. Hain ondo ezagutzen du maiz argazkilaria, tarte txikia dagoela, sarri, bezerotik lagunera.
Argazkilari frantsesekin lan egitea plazer bat dela uste du Urrutiak: “Proiektuekin etortzen dira, ez dute argazki bat inprimatzea nahi eta listo; argazki hori lantzea eta mimatzea gustatzen zaie”.
Adibide bezala jarri du argazkilari frantses bat. Umetako trauma bat gainditzeko argazkilaritza hautatu zuen. Bere bi seme alabak hazten ikustean sortu omen zitzaion argazkien bidez berak bizitakoa kanpora ateratzeko nahia. Kasu honetan, esaterako, berebiziko garrantzia du argazkilariarekin ondo ulertzeak.
Paperaren garrantzia
Argazki bat hobetu edo okertu egin dezake azpiko ehunak. Malkarra izatea ona izan daiteke zenbaitetan, leuna eta gozoa behar du besteetan. Uste du aurrerapen handiak egin dituztela azken urteetan: “Orain arte akuarelan ibiltzen zen papera esaterako gaur argazkiak inprimatzeko erabiltzen dugu”. Paperen mundua oso interesgarria dela dio, batzuetan gainetik begiratuta ezberdintasunik atzematen ez bada ere, argazkiari asko eragin diezaiokeela uste du.
Paper aukera zabala dute Photogunen, ez da argazkiak errebelatzeko denda arrunt bat: “Hau ez da argazkiak errebelatzeko toki arrunt bat; guk ez dugu hori botoi bati sakatuta egiten. Argazkiaren arabera antolatzen ditugu produktu kimikoak eta argazki bakoitza modu jakin batean errebelatzen dugu”. Argazkilariak nahi duen emaitza lortzea da helburua.
Ez da ohiko lana positibo egilearena; gaur egun, argazkiak leku guztietan ditugun arren Urrutiak uste du ez direla behar beste mimatzen: “Argazkiaren munduan bizi gara, gaur egun gure inguruan dena da argazkia, baina ez dugu behar bezala zaintzen, ezi diogu behar besteko dedikazioa eskaintzen”.
Argazkia ateratzearen uneari garrantzi handia ematen zaio, baina gutxi begiratzen zaio lehenago egin beharreko lanari eta ondorengo edizio eta inpresioari: “Garrantzitsua da argazkia egin aurretik nondik eta nola egingo dugun zehaztea; baita ondoren argazkia behar bezala lantzea ere”.
Goi mailako profesional askok lantzen dituzte euren argazkiak Photogunen: “Ahoz aho ezagutu gaituztelako etorri dira gehienak Photogunera; baina egia da gehienak profesional edo argazkilaritzan oso zaletua den jendea izaten dela”. Gaineratu du, hor prezioaren faktorea ere sartzen dela, noski. “Lortu nahi duzunaren arabera merkeagoa edo garestiagoa da, baina kalitatezko lana egin nahi dugu eta hori garestiagoa da” azaldu du.
Etengabeko harremanetan
Photogunek argazkiak lantzeaz gain, ikasteko eta eztabaidatzeko zenbait aukera ematen ditu. Alde batetik, PhotoLab gunea daukate; bertan, argazkiak errebelatzen ikasteko aukera eskaintzen dute: “Gelatxo bat daukagu karretean errebelatu ahal izateko eta tarteka talde txikitako ikastaroak egiten ditugu”. Photoguneren sare sozialetan iragartzen dituzte ikastaroak eta edonork eman dezake izena.
Bestalde, los jueves con jamón egitasmoa egiten dute asteazkenetan. Aspaldi ekin zioten jarduera honi, eta bi urtez geldik egon ostean aurten hasi dira berriz: “Lehen ostegunetan egiten genuen, baina gero jendeak asteazkenetan nahiago zuela eta asteazkenera pasa genuen; izena aldatu gabe”. Egitasmo honen helburua tripa bete bitartean argazkilariak elkartu, ezagutu eta beraien kezkei, zalantzei, esperientziei eta proiektuei buruz hitz egitea da.
Azkenik, Photogunek erakusketak ere antolatzen ditu. Bertako argazkilariak ezagutu eta argazkilaritza munduan bidea irekitzeko asmoz:? “Euskal Herrian argazkilari on asko dago, eta guk hauek ezagutarazten lagundu nahi dugu ahal dugun neurrian”.
Horrela, poliki eta mimo handiz heldu nahi dio Urrutiak jada ez ohikoa bihurtzen ari den lanbideari: argazkiaren artisautzari.