Groseko kaldereroek auzoko kaleak alaituko dituzte
Groseko kaldereroak kalera irtengo dira zartagin eta eltzeak joz; mozorrotzeko garaia iritsi dela iragarriko dute larunbatean, hilaren 4an. Ohi bezala, Sagueseko Antxeta elkartean elkartuko dira, 18:00etan, eta han hasiko dute ibilaldia.
San Ignazio elizan eta jubilatuen etxean geldialdia egingo dute, eta 19:30ean Groseko Txofre plazan kanpamendua ezarriko dute. Azken urteotan bezala, Irun Hiria musika banda zuzenean ariko da, inauterietako abesti zaharrak eta euskal kantak interpretatzeko. Ondoren, eurekin bat egingo du Groseko kaldereroen konpartsak, eta kaldereroen kantak abestuko dituzte.
Haurrek protagonismo handia dute Groseko konpartsan. Hala nabarmendu du Juan Antonio Anterok: “Axularreko haurren dantza taldeak eta Zuhaiztiko haur batzuek ere parte hartzen dute kaldereroen musika eta dantza ikuskizunean. Gainera, gure tribuko hartzarekin dantza berezia egiten dugu”.
Groseko kaldereroen erregina izango da Urko Odriozola. Iaz bere aita Alfredo Odriozolaren lekukoa hartu zuen. Ingude eta mailuarekin erritmoa jarriko du Jaione Benaventek, Josu Aizpururen erreleboa hartuz. Aizpuru iazko otsailean hil zen, eta omenaldia egingo diote larunbatean. Zartagin jotzaileak zuzenduko ditu Izaskun Herediak. Zuzendari orokorra Juan Mari Ulloa izango da.
Artetxe jeneralaren kalean bukatuko da festa. Bertan elkartuko dira 21:00ak inguruan, eta Santa Ageda zein kaldereroen abestiekin amaituko dute eguna.
1985ean irten ziren lehen aldiz, eta geroztik ez dute huts egin.