Boliviako Cerro Rico mendiko meatzeetan lan egiten duten adingabeen eta euren familien errealitatea jasotzen du ‘Potosi’ kronika liburuak. Alicia 12 urteko haurra da kontakizuneko protagonista.
(Argazkia: I. Esnaola)
Ander Izagirre; kazetaria
Bi aldiz bisitatu du Ander Izagirre (Gros, 1976) kazetariak Boliviako Potosi herria. Bigarrenean jasotako testigantza eta bizipenekin osatu du izen bereko kronika liburua. Meategietan lan egiten duten adingabeen egunerokoa sakonean ezagutzeko hilabete eman zuen bertan. Egunek aurrera egin ahala konturatu zen, horren ezaguna ez zen errealitate gordin bat zegoela.
Liburuan kontatu duzuna baino gogorragoa da bertatik bertara ikusi zenuena?
Gogorrena da egunerokoan bizi dutena. Galdetu izan didate ea beldurra pasa nuen meategietako galerietan sartu nintzenean. Noski pasa nuela. Leku arriskutsua da meategi bat, lur-jausiak daude, toxikoa da, … Hori bera egunero bizi duten pertsonak daude. Hunkigarriena izan zen hamabi urteko neska bat ezagutzea. Kobratu gabe ari zen lanean meategian, esklaboa zen. Neskaren amari amarrua egin zion kooperatiba batek, eta zorra kitatu arte familiak lan egin behar zuen. Haurra kobratu gabe, eta ama erdia kobratzen. Muturreko egoera horretaz jabetu nintzen.
2009an eta 2011n izan zinen Cerro Ricoko meatzeetan. Nolakoa izan zen bisita bakoitza?
Oso ezberdinak izan ziren. Aurrenekoan erreportaje bat egitera joan nintzen, Daniel Burgui argazkilariarekin batera. Aldez aurretik bagenekien zer kontatu nahi genuen; meategietan lan egiten duten haurren historia. Mineritos erreportajeak hainbat sari jaso zituen. Ordea, konturatu nintzen bazegoela zerbait gehiago kontatzeko. Bigarren bisita sakonagoa izan zen.
Denbora gehiago hartu zenuen bigarrenean. Zergatik?
Hilabete baterako joan nintzen, bertako familiekin bizitzera. Beraiekin hitz egiteaz aparte, medikuak, kooperatibetako buruzagiak eta beste elkarrizketatu nituen. Familiekin denbora gehiago pasatu ahala, ezkutuko istorioak azaleratu ziren. Deskubritu nuen, argitaratu gabeko gertakizunak zeudela: sexu erasoak, biolentzia kasuak familian, … Itzuli nintzenean, familiekin nuen harremana gertuagokoa zen, eta gauza gehiago kontatu zizkidaten.
Zerk harritu zintuen gehien?
Batez ere, lehen bidaian imajinatu ere ez nuen errealitate bat zegoela ikusi nuen. Bolivian oso mitifikatua dute meatzaria, langilea eta borrokalaria delako. Horregatik, zaila egin zitzaidan konturatzea teorian zuretzat heroia dena, etxekoentzat infernu bilaka daitekeela. Hau da, meatzaria biktima ez ezik, borreroa ere izan daiteke. Bolivian eta mundu osoan bada sistema bat eskaileraren azken aurreko mailan dagoenak azpikoa zapaltzen duela. Horiek normalean emakumeak eta haurrak izaten dira. Kazetari bezala, interesgarriagoa iruditu zitzaidan errealitate hori azaleratzea.
Egunero adingabe asko jaisten dira meatzeetara. Zergatik?
Galdera horri erantzuteko idatzi nuen liburua. Ezin da erantzun sinple bat eman, 500 urteko historia dagoelako eta hori kontatu nahi nuen. Erabat ustiatua izan den herrialde baten historia da, zapaldua izan dena. Horren oinarrian erabaki politiko eta ekonomikoak daudela azaltzen saiatu naiz.
Orain dela 30 urte Boliviako gobernuak meategi guztiak baztertu zituen. Ordura arte meatzaritza publikoa zen. Horrek oihanaren legea ekarri zuen. Kooperatiba deitzen dieten elkarte batzuk hasi ziren meategiak ustiatzen, eta nekazari pobreei iruzurra egiten; kontratu eta aseguru gabe. Istripuen ondorioz hiltzen direnen familiako kideak lanean hasten dira. Horregatik, 12 urteko haur batek lan egin behar du.
Cerro Ricoko meategietara sartu zinen. Nola deskribatuko zenuke sentsazioa?
Ohituta ez gaudenontzat esperientzia itogarria da. Lau hankatan zoaz, ezin duzu burua altxatu. Aurretik gertatu diren istripu lazgarriak irakurrita zoaz barrura, eta beldurra duzu. Usteldutako egurrekin eusten dituzte galeriak. Ez dago segurtasunean inbertituko duen enpresarik. Halere, maiz sartu nintzen meatzeetara. Bi edo hiru ibilbide luze egin nituen, eta gogoan dut oso pozgarria zela ateratzerakoan argia ikustea. Baina dena erlatibizatzen duzu. Bisitan eraman zaituena egunero sartzen da bertara, eta urteak daramatza hori egiten.
Liburu hasieran kontatu dut izandako anekdota bat. Meatzari batekin meategitik nindoala esan zidan zetorren zatia «paseo de señoritas» zela, zutik joateko aukera genuelako.
Geratzen da mineralik ustiatzeko?
Bai, eta kalkulu bat dago esaten duena atera dutena baino gehiago geratzen dela. Zilar meta handiak dagoeneko ustiatu dituzte, eta orain hari finetan atera daiteke zilarra. Modu egokiena izango litzateke mendia zeharo txikitu, eta prozesu kimiko baten bidez harria eta zilarra bereiztea.
Meategietako errealitatea nahikoa ezagutzen dugula uste duzu?
Gure eguneroko bizitzan erabiltzen ditugun tresnak eta lehengaiak oso deskonektatuta daude. Jakin behar da nola iritsi diren guregana. Liburuko paragrafo batean metafora moduko bat egin dut. Bada meategitik erortzen den erreka bat. Erabat kutsatua dago minerala bereizteko erabiltzen dituzten kimikoengatik. Erreka horrek Pilcomayo ibaiarekin bat egiten dut, eta horrek Rio de Platarekin. Azkenik, Atlantikora iristen da. Ur hori nire etxe ondoko Zurriolako hondartzara iristen den bera da. Baina ordurako ez du pozoi edo toxikorik. Urarekin bezala gertatzen da lehengaiarekin. Ahaztu egiten dugu nondik eta nola datorren. Pozoi horri esker dugu ondo bizitzeko aukera.
Epe motz edo ertainera liburu berri bat idazteko asmoa duzu?
Ideia batzuk ditut, eta irakurtzen nabil, dokumentatzen. Biografia bat bukatu nuen duela gutxi, eta orain liburuaren promozioarekin nabil. Beste zerbait idazteko gogoarekin nabil, baina oraindik ez dute ezer aurreratu.
Kanpora bidaiatzeko asmoa duzu edo hemendik ibiliko zara?
Bietarako gogoa dut. Baina uste dut hemen inguruan ibiliko naizela. Pendulu baten antzera ibiltzen naiz. Azaroan Mexikon ibili nintzen erreportaje batzuk egiten, eta orain hemen inguruan ibiltzeko gogoa dut.
Donostiarekin loturiko proiekturik duzu esku artean?
Ba ez, bereziki. Baina badut buruan bidai baterako asmoa, eta etxetik hastea gustatuko litzaidake. Pirinioetan ibilbide bat egin nahiko nuke. Niretzako Pirinioak San Inazio elizan hasten dira. Gros auzoan bizi naiz, elizatik gertu. Uliako hareharria erabili zuten eliza eraikitzeko, eta arroka mota horrek harremana du Pirinioekin. Ideia horri bueltaka nabil.