Zartagin eta mailuarekin, euriari aurre eginez
‘Eguraldi txarrari, aurpegi ona’. Halaxe dio esaerak. Eta hortaz asko dakite donostiarrek. Izan ere, euria edo zirimiria beste bizilagun bat da hirian, eta dagoeneko elkarbizitzen ikasi dute hiritarrek eta goitik behera erortzen diren ur tantak. Horregatik, urteko ospakizun garrantzitsuenetan euriak parte hartzea erabakitzen duenean, orokorrean, ez da inolako eragozpenik izaten festarekin gozatzeko. Hori da, hain justu, aurtengo kaldereroetan gertatu zena. Arratsaldean euria hasi zuen arren, bizilagunek jaia ilusioz ospatu zuten, poztasuna eta umore ona auzoetako kaleetan barrena lau haizetara zabalduz. Irutxuloko Hitzako kamerak Amara Berriko, Morlans-Amarako eta Groseko konpartsak harrapatu ditu.
Arratsaldeko 17:30ean atera ziren Amara Berriko kaldereroak. Hungariatik iritsi berriak ziren, eta bazkaldu eta laster batean irten ziren kalera egun grisa kolorez janzteko helburuarekin. Eta lortu zuten, zalantzarik gabe. Ilusioak eta irriek aurre egin zioten egun goibelari. Hala, auzoan barrena ibili ostean, Ferrerias plazan zuten kanpamendura itzuli ziren, eta tribuaren erreginak hartu zuen hitza. Ahobizarrik gabe hitz egin zuen, besteak beste, erraustegiari, Realari eta Donald Trumpi buruz; beti umorearen eta ironiaren itzalean. Eguna behar bezala amaitzeko, txokolate jatea egin zuten.
Anaitasunaren urtea izan zuten Morlans eta Amara auzoetan. Izan ere, aurten, lehenengo aldiz, elkarrekin atera ziren kaldereroak ospatzera, eta umore ona izan zuten iparrorratza. Hitzordua arratsaldeko 18:00etan zuten. Morlansko auzo elkarteak prestatutako txokolate goxoarekin gorputza berotu ostean, Leire plazatik abiatu ziren Easo plaza aldera, salto, irri eta abestien artean. Ondoren, Amarako kaleak alaituz ibili ziren guztiak elkarrekin. Amaiera aldean, auzoko Esnaola tabernara joan ziren, eta omenaldi txiki bat egin zieten jabeei, auzoaren alde egiten duten lana aitortzeko xedearekin.
Hungariako kaldereroek ere Gros auzoa bisitatu zuten. Urtero legez, Saguestik atera ziren eta 19:30ean, gutxi gorabehera, Txofre plazako kanpalekura iritsi ziren. Arkupeek estalki ezin hobea izan zen jaiarekin aurrera jarraitu ahal izateko. Tradizioari eutsiz, Irun Hiria musika banda zuzenean aritu zen, eta Groseko kaldereroen konpartsako kideekin batera, hainbat abesti kantatu zituzten, egun hotz eta hezea goxatuz. Amaierako ekitaldian, tribuko erreginak, Urko Odriozolak, irakurri zuen aurtengo pregoia. Zuzen eta irmo mintzatu zen. Hitzaldian ez ziren faltatu Donald Trumpi, Urrezko Danborrarekin sortutako ‘inauteria’-ri edo argi indarraren igoerari aipuak, betiere kritika, ironia, eta umore onean.
Arratsaldeko unerik hunkigarriena Josu Aizpururen omenaldia izan zen. Iazko otsailean hil zen, eta tribuko kideek alargunari plaka bat eman zioten, Aizpuruk jaiaren alde egin zuen lana eskertzeko xedearekin. Jarduna hartzaren dantzarekin amaitu zuten.
Atzokoan ere Donostiak argi eta garbi erakutsi zuen kantatzen duen herri bat ez dela inoiz hiltzen. Horren isla dira Irutxuloko Hitzak bildu dituen hamaika argazkiak.