Garoaren Donostiako liburu denda itxi egingo dute
“Ez genuen arrazoi ekonomikoak medio zabaldu Donostiako laborategia, eta ez dugu arrazoi ekonomikoengatik itxiko. Erabaki pertsonala da hartu duguna, erabaki intimoa. Erabaki zaila eta erabaki irmoa”. Garoako lagunek Groseko Zabaleta kaleko 34. zenbakian duten lokala itxiko dutela iragarri dute.
Bi urte eta erdiren ostean, otsailaren 13an itxiko ditu ateak. “Bizitzan erabakiak hartu behar izaten dira aurrera egiteko, atzean ez geratzeko. Eta hau ere hartu beharra zegoen”, azaldu dute.
Eskerrak eman dizkiete denei, Groseko bizilagunei eta Donostian bidelagun izan dituzten irakurle, idazle, artista, musikari, sortzaile eta eragile kulturalei: “Eskerrak denei amets bat altxatzen laguntzeagatik”.
Denda gabe ere, Garoaren proiektuak bizirik jarraituko duela adierazi dute: “Garoa etengabe aldatzen joan den eta joango den proiektua da. Eta etorkizunean ere elkarren bideak gurutzatuko direlako zalantzarik ez dugu”.
Garoan etapa berri bat hasiko dutela azaldu dute, hausnarketa prozesu batean murgilduko direla, proiektuaren adarrak eta norabidea zehazteko.
Itxiera dela eta, Garoak Donostian aurreikusita zituen jarduera batzuk aldatu egingo dira. Luis Haranburu Altunaren Crepusculo de Dios: Historia Cultural del Cristianismo en Vasconia liburua aurkeztuko dute otsailaren 9an. Maite Carrillok bere erakusketaren bisita gidatua egingo du otsailaren 10ean. Ruth Perez de Anucitak Amigas de Papel saioa gidatuko du otsailaren 22an. Su ta Gar-eko Aitor Gorosabelen kontzertua bertan behera geratuko da. Julio Villarren (otsailak 16) eta Ibon Sarasolaren (otsailak 15) aurkezpenak Zarauzko liburu dendara pasako dira. Elliot Murphyren paperezko kontzertua Tabakalerako Kutxa Kultur espazioan egingo da martxoaren 31n.