"Ixteak ez liguke ezertan baldintzatuko, langileak ere moldatuko genituzke", dio Mikel Mendiburu negozioaren nagusiak.
Martuteneko Mendiburu gasolindegia. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Martuteneko Mendiburu gasolindegiaren etorkizuna ezbaian dago. Izan ere, auzoan mugimendua hasi da, negozioaren behin-betiko itxiera eskatuz. Horrela, sinadurak jasotzeko kanpaina abian jarri dute, eta orriak banatu dituzte auzoko taberna eta dendetan, baita auzo elkartearen egoitzan ere. Gasolindegiko nagusi Mikel Mendibururekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk: “Ez gaude gu atzean, baina badakigu nondik datorren kontua, eta uneoro informatuak egon gara, ez dira gure atzetik ibili”.
Ia 40 urte ditu Martuteneko eraikinak, eta ez dago beharrezko araudi berrietara egokitua: “Gasolindegi zahar guztiek, Euskal Herri mailan, inbertsio bat egin behar dute, eta, horietako bat da gurea. Martuteneko batzuei komentatu nien kontua, agian bizilagun batzuk interesa izan zezaketelako gasolindegia kentzeko. Ixteak ez liguke ezertan baldintzatuko, langileak ere moldatuko genituzke”.
Orain, udalarekin hitz egin nahi dute gasolindegiko arduradunek: “Ez dakigu jendeak kendu nahiko duen edo ez, eta ez dakigu kentzea izango dugun, ea udalak zer dioen. Ongi dago jendeak zer pentsatzen duen jakitea, eta ikusiko dugu zer gertatzen den, agian ez da ezer ere pasako. Bere garaian hitz egin genuen udal arduradunekin, baina ez ginen inora iritsi, eta orain ez dugu sinadurei buruz hitz egin”.