Arraunean, udako estropadak dira jendartean ezagunenak. Horra iristeko, ordea, arraunlariek gogor entrenatzen dute; ergometroan marka onak dituzten bi gazte donostiar dira adibiderik garbiena.
Uretan zein lehorrean, tiborta izaten da arraunlarien lagunik fidelena. Arraunean egiteko, eskuak jartzen diren zati horri deitzen zaio tiborta, eta, gimnasioan ere, kirolariek izaten dute euren tiborta propioa: ergometroarena. Uretan egiten den arraun mugimendua simulatzen du ergometroak, eta lehorreko entrenamenduetako makinarik erabiliena izaten dute arraun elkarteetan.
Nerea Irastorza eta Koxme Burutaran arraunlariekin egon da Irutxuloko Hitza, euren esperientzien berri izateko. Donostia Arraun Lagunakeko kidea da Irastorza; eta, Burutaran, berriz, Ur-Kirolakekoa. Biek ere marka ederrak dituzte ergometroan, eta, zalantzarik gabe, etorkizun handiko arraunlariak dira.
Ergometroan entrenatzea gogorra dela onartzen duten arren, pozik daude egiten ari diren ibilbidearekin, eta, aurrera begira, marka berriak hausteko gogoz daude.
Nerea Irastorza; D. Arraun Lagunak: «Taldekideek eta entrenatzaileak asko espero zuten nigandik»
Arrauna txikitatik bizi izan duela dio Nerea Irastorzak (Parte Zaharra, 1999). Izan ere, bi osaba arraunlari zituen:?«Beti izan dut arraunean aritzeko grina, baina beti nioen Donostiako traineru batean aritu nahi nuela». Hirugarren denboraldia osatuko du Donostia Arraun Lagunakeko tostartean, eta denboraldi berriari begira gogoz dago.
Zer moduz orain arteko esperientzia arraun munduan?
Hasieran beldurtua nengoen. Taldekideak zaharragoak dira, eta urtebete zeramaten elkarrekin dagoeneko. Azkenean, oso ongi joan da dena, eta familia baten moduko harremana dugu. Esperientzia berria ikaragarria izan da, taldeko sentimendua izatea oso polita da.
Zer moduzko harremana duzu ergometroarekin?
Hasieran oso gogorra egiten zitzaidan, baina, azkenean, egin behar den gauza bat da, ohitu egiten zara, eta ez da hain gogorra egiten.
Benta Berriko kiroldegian jokatutako ergometro txapelketan aritu zinen, azaroan. Nolatan animatu zinen?
Lehen urtea izan zen. Nire osaba batek, Loren Jauregik, esan zidan berak parte hartuko zuela;?ni ere joango banintz asko poztuko litzatekela, eta elkarrekin entrenatuko genuela. Horrela, iraila erdialdetik ergometro proba arte, elkarrekin entrenatzen aritu ginen. Azkenean, biek ere nahiko ongi egin genuen, eta pozik!
Nola prestatzen da ergometro proba bat?
Gehienbat, hasieran, serie luzeak egiten aritu ginen, gorputza ohitzen joateko. Gero, pixkanaka, serie motzak egiten hasi ginen; 500 metro edo 1.000 metrokoak, bihotz taupadak eta arnasketa kontrolatzeko. Zein denboratan egin nezakeen ere jakin nahi genuen; azkenean, wattioak ez baitira begiratzen, minuturo egiten diren metroak baizik. Gogorragoak espero nituen entrenamenduak, eta nahiko ongi joan ziren.
Nola joan zen proba?
Hamabost ginen, eta, hasieran, oso urduri nengoen. Taldekideek eta entrenatzaileak asko espero zuten nigandik, eta presioa nabari nuen. Azkenean, proban zehar animoak asko entzun nituen, eta ongi atera zen. Pozik geratu nintzen, baina aurretik egindako entrenamenduetan emaitza hobeak lortu nituen. Hobetzea hurrengo urterako utziko dugu.
Zure kategorian, 17-18 urtekoen artean, bigarrena izan zinen, Esther Brizen atzetik. Guztira, 7 minutu eta 31 segundoko denbora egin zenuen. Espero zenuen?
Egia esan, Urkikoak bakarrik ezagutzen nituen; bi nire kuadrillakoak direlako, eta, beste biak, ezagunak nituelako. Kanpotik zetozenetaz ez nuen erreferentziarik. Nire amak bazekien Espainiako txapelduna zetorrela, baina ez zidan ezer ere esan. Podiumean sartzeko ilusioa banuen, baina bigarrena geratzerik ez nuen espero!
Beste ergometro txapelketaren batean parte hartzeko asmoa duzu?
Orain buru-belarri gabiltza trainerilla eta traineru denboraldiei begira. Hurrengo urterako utziko dut ergometroarena. Batez ere, aurtengo marka hobetzen saiatuko naiz. Berdin-berdin aurkeztuko naiz Benta Berriko txapelketara, baina iraila arte ez dut prestatuko bereziki.
Koxme Burutaran; Ur-Kirolak: «Uztailera begira ari naiz gogor entrenatzen»
(Argazkia: Estitxu Zabala)
Hiru anai-arreba dira Burutaran-Olaizola familian, eta hiruak ere arraunean dabiltza: Koxme, Kimetz eta June. Anaia zaharrena da Koxme Burutaran (Loiola, 2001), eta kirolean gurasoek behartuta hasi zen arren, oso gustura dabil gaur egun.
Zergatik hasi zinen arraunean?
Derrigortuta hasi nintzen. Udan etxean geratzen nintzen denbora guztian, ezer ere egin gabe. Gurasoek ikastaro batera etortzera derrigortu ninduten, eta, egia esan, egun horretara arte gorrotoa nion arraunari. Ikastaroa besterik gabe egin nuen, baina gure monitorearen irakasteko modua asko gustatu zitzaidan. Horrela, animatu egin nintzen, eta urte horretan bertan hasi nintzen arraunean, 2014an.
Zure atzetik hasi ziren anaia eta arreba?
Anaia urtebete gazteagoa da, eta bi hilabete beranduago hasi zen, zortzikoa osatzeko bat falta zitzaigulako. Arreba burugogorkeriagatik hasi zen iaz.
Zein harreman duzu ergometroarekin?
Ez badakizu nola funtzionatzen duen, pixka bat egiten duzu, eta horretan geratzen zara. Gero, sakontzen baldin baduzu, teknikoki landu behar duzunez, hasierako zailtasunak iristen dira. Probak iristen direnean, urduritasunekin eta beldurrarekin egiten dituzu, eta leher eginda bukatzen duzu, bai edo bai, buruz eta fisikoki.
Zein izan zen parte hartu zenuen lehen ergometro proba?
Lehenengo, klubeko probak egiten hasi nintzen, entrenamenduak egokitzeko egiten dizkigutenak. Haur mailako bigarren urtean nengoan, 1.500 metroko proba izan zen, eta kadete askoren markak hobetu nituen.
Bentaberriko ergometro txapelketan bi txandatan parte hartu dut. Iaz, nire mailako bigarrena izan nintzen, eta, aurten, irabazi egin dut, 1.000 metroko proban.
Bereziki prestatu zinen proba horretarako?
Ez, eguneroko entrenamenduak jarraitu genituen, korrika eta ergometro saioak tartekatuz. Erresistentzia lortzea zen kontua, aurpegia emateko. Bezperan, serie batzuk bota genituen, praktikatzeko.
Esan bezala, txapelduna izan zinen, 15-16 urtekoen artean, 3 minutu eta 10 segundoko denborarekin. Egun polita izango zen!
Aurrean egoteko nahiko erraza nuen, aurreko urteko markekin alderatuz. Lasai nengoen lagunekin nengoelako, baina urduri ere banengoen, ez nituelako aurkariak ezagutzen. Beti egon daitezke ustekabeak, eta edonork irabaz dezake, ez naiz munduko onena! Hala ere, esperotako maila eman nuen, eta ongi atera zitzaidan.
Duela gutxi Galizian egon zara, bai ergometroan bai skiffean lehiatzen. Zer moduzkoa izan da esperientzia, batean zein bestean?
Esperientzia oso polita izan da, 50 arraunlari baino gehiago ginen, eta maila oso altua izan zen. Larunbatean, pixka bat haserretu nintzen. Kontua da, aurreko astean, klubean, zortzi segundotan hobetu nuela hango marka, eta egindako denborarengatik dominarik gabe geratu nintzen, 0,2 segundorengatik. Hala ere, gustura, ikasteko ongi etorri zitzaidalako.
Hurrengo egunean, 6.000 metroko estropada egin nuen, skiffean. Lasaiegi aritu nintzen, eta hirugarren postuan geratu nintzen, ez nuen nire indarra ongi kontrolatu.
Nola datozkizu hurrengo hilabeteak?
Orain, uztailera begira ari naiz gogor entrenatzen. Espainiako txapelketa izango da orduan, 1.500 metrokoa, eta ea berriz ere urrezko domina lortzen dudan! Iazkoa sekulakoa izan zen, izugarri bizitu nuen.