(Argazkia: Agurtzane Altuna)
Hegia merkatarien elkarteak jarduera berezia antolatu du otsailaren 17rako, Gipuzkoako Merkatarien Federazioaren laguntzarekin. Egiako merkataritzari ikusgarritasuna ematea dute helburu antolatzaileek, Karmele Agirrezabal Hegiako presidentearen hitzetan: “Elkarte gisa egingo dugun lehen jarduera izango da. Momentuz, 25 merkatari inguru gaude taldean, baina auzo guztiko saltokiek parte hartzea nahi dugu”.
Braderie izenekoa egingo dute, horrela, auzoko dendetako produktuak kalera aterako dituzte, deskontu bereziekin. Oraingoan, BradEgia izena izango du, auzoaren izenarekin jolastuz. Gainera, giroa alaitzeko, beste hainbat jarduera ere antolatu dituzte.
Egunari hasiera 10:00etan emango diote, eta, aipatu bezala, denda guztiek egun berezia egingo dute. Momenturik indartsuena arratsaldean izango da; 17:00etan, haurrentzako pailazoak eta ipuin kontalaria egongo dira; 18:00etan, kanpaikada emango dute, musika eskolako kideen eskutik; jarraian, abesbatza ibiliko da auzoan. Gainera, txita bat ibiliko da kaleetan, dj batekin, musika jarriz. Horretaz gain, ibiliko den jendearen artean, produktuz betetako saski baten zozketa ere egingo dute.
“Nahita jarri dugu ostiralean, pintxo potearekin bat egiteko, jende gehien mugitzen den eguna baita”.