Martxoan egingo dituzte Guneak Zabaltzen topaketak. (Argazkia: Malen Aldalur)
Guneak Zabaltzen izeneko topaketak egingo dituzte martxoaren 11an eta 12an, Aitor ikastolan. Galdera baten inguruan hausnartu nahi dute:?Nolako Donostia nahi dugu?
Zer da Guneak Zabaltzen?
Maria Alonso (M. A.): Hiritarren ahotsa entzuteko gune bat edo plaza bat botatzen genuen faltan. Donostiaren etorkizunari buruz hitz egiteko bildu nahi ditugu donostiarrak, edo donostiarrak izan ez arren hemen bizi direnak eta hiriaren inguruan kezka dutenak. Donostian denbora gutxian aldaketa asko eman dira; eta iruditzen zaigu ez dagoela herritarren eta erakundeen arteko elkarrizketarik. Jende asko ez da entzuna sentitzen. Horregatik, topaketa batzuk egitea pentsatu genuen
Open Space Technology metodoa erabilita. Elkarrizketa eraldatzaileak edukitzea da helburua. Hausnartu eta hitz egin nahi dugu, ondoren, hortik ekintzak eta proiektuak atera daitezen.
Jon Martin (J.M.): Norbera nahi moduan antolatzeko askatasuna ematen du metodologia honek. Donostiako jende guztia dago gonbidatuta; nahi duen orduan etorri eta joan daiteke. Jendeak askatasun osoa izango du. Guk galdera orokor bat finkatu dugu, baina jendeak nahi duena proposatu dezake.
Nortzuk osatzen duzue guneak zabaltzen?
M.A.: Proiektuaren bultzatzailea Politki Gizarte Kultur Hezkuntza Elkartea da, baina baditu beste hainbat laguntzaile ere: Donostiako bizilagunak, Gune Irekiaren Lagunak, Gune Irekiak, Kultura Alternatiboa, Centre de Mediacio Baix Camp, Emanhar Gizarte Elkartea, DonostiCo, Goiener eta Saretuz.
Noiz hasi zineten antolatzen?
M. A.: Hiru bilera egin ditugu martxoko topaketak antolatzeko. Irailean egin genuen lehenengo bilera irekia. Ondoren, azaroan mahai inguru bat antolatu zuten Koldo Mitxelenan eta bertan hainbat bizilagunen borrokak jarri zituzten mahai gainean; horrek ere indarrak eman zizkigun aurrera jarraitzeko, ikusi genuen jendeak bazuela gaiaz hitz egiteko gogoa. Abenduan egin genuen bigarren bilera eta ideia pilo bat atera ziren bertan. Azkenik, urtarrilean topaketen aurkezpena egin genuen. Jende asko dabil gure inguruan laguntzen eta egitasmoa babesten, baina topaketak antolatzen lau pertsona gabiltza.
Martxoaren 11n eta 12an izango dira topaketak.
M.A.: Bai, topaketak larunbat goizean eta arratsaldean, eta igande goizean izango dira Aitor ikastolan. Jendeak bere ekarpenak egiteko aukera izango du hasieran eta gero txokoak egingo ditugu. Txoko bakoitzak bere ordutegia izango du eta horrela jendeak gai ezberdinen inguruan eztabaidatzeko aukera izango du.
J.M.: Gainera, mugikortasun legea edo bi oinen legea deitzen dioguna dago, honek jendeari nahi duenean txoko batetik bestera mugitzea ahalbidetzen dio, askatasun guztiarekin. Hori aberasgarria da bai dinamikarentzat baita parte hartzailearentzat ere.
Hausnartzeaz gain, proposamen eta alternatiba zehatzak ere jaso nahi dituzue.
M.A.: Gune ireki batean inoiz ez da jakiten aldez aurretik zer gertatuko den. Gure helburua da gertatu behar dena gertatzeko aukerak sortzea. Bestalde, txokoetan sortzen diren eztabaidak txosten batean bilduko ditugu. Garrantzitsua iruditzen zaigu besteek zer hitz egiten duten jakitea; eta baita txokoetatik kanpo gertatzen dena ere. Parte hartzaileen artean tximeletaren eta erlearen figurak daude. Erleak txokotik txokora ibiltzen dira txoko bateko ideiak bestera eramaten; tximeletak, berriz, ez dute txokoetan parte hartzen eta kanpotik begira egoten dira. Era guztietako parte hartzaileak dira ongi etorriak.
Zein ibilbide izango du txostenak?
J.M.: Kalera atera nahi dugu jendeak topaketetan egin duguna ezagutu dezan.
M.A.: Udaletxera ere eraman nahi dugu txostena; herritarren eta erakundeen arteko elkarrizketa arindu nahi dugu. Donostiako Sustapenarekin hitz egin dugu eta interes handia erakutsi dute.
Aurrera begira horrelako topaketa gehiago egin nahi dituzue?
J.M.: Topaketak egiten jarraitzea da ideia, baina topaketen ondoren erabakiko da beharrik ba ote dagoen edo ez.
M.A.: Bertan ikusiko da zein gairi heltzeko grina dagoen eta zeini ez. Agian azpigaiak sortuko dira, eta horiek euren bidea egingo dute. Gune irekiak antolatzeak zentsua dauka, soilik, gai horri buruz hitz egiteko beharra ikusten bada.
Eta izena eman behar da?
J.M.: Bai, izena ematea martxoak 7a baino lehen egin behar da gure webgunean.