Donostia eta inguruetako Lie Detectors taldeak zer esana eman du denbora gutxian. 2014an lehen kontzertua eman zutenetik, ahoz aho zabaldu zen zuzeneko dibertigarria dutela. Kanpotik asko deitzen diete jotzeko.
Urko, Aitor, Txema eta Eneko, Prim kaleko Vinos Eceiza denda parean. (Argazkia: J.A. Areta Goñi)
Egia ala gezurra da rock-and-rollak donostiarren gerriak mugimenduan jartzen dituela? Lie Detectors laukoteak lortu izan duela, egia da. Txema Babon (ahotsa eta marakak), Eneko Etxeandia (gitarra eta koroak), Aitor Castillo
Txiki (baxua eta koroak) eta Urko Roa (bateria) ez dira hasiberriak. Nuevo Catecismo Catolico, The Dirty Pink Ladies, Plan B edo Fiebre de Vivir taldeetan ibilitakoak dira. 2013tik hona 7 hazbeteko hiru
single argitaratu eta ia 50 kontzertu eskaini dituzte. Rock sinple bezain erakargarriarekin geroz eta jende gehiago batu da beraien kontzertuetara. Donostian azkenekoz, Gazteszenako Ttan Ttakun Irratiaren festan jo zuten, urte hasieran.
Duela lau urte talderik gabe eta gogotsu zegoen Castillo, eta Baboni elkarrekin zerbait egiteko proposatu zion. «Rock banda bat sortu nahi zuela esan zidan, Obus taldearen tankerakoa, errepika zuzen eta errazekin», gogoratu du Babonek. Entsegu lokalean lehen saiakera bat egin zuten, baina musikari beharrean ziren. «Hilabete batzuetara,
Txiki eta biok Urko bateriarekin batu ginen bigarren entsegu baterako. Hiruak moldatzen ginela ikusi genuen, baina baxu jotzailea behar genuen».
Bila ibili ondoren, Etxeandiarekin topo egin zuten. «Bartzelonan eta Berlinen bizitzen egon ondoren, Donostiara itzuli nintzen. Nire ingurukoek bazekiten jotzeko gogoa nuela, eta
Txikik deitu zidan taldean sartzeko», azaldu du Etxeandiak. Hasiera batean, baxua jotzen aritu zen, baina entsegu batean gitarra hartu zuen probatzeko. Konturatu ziren, aproposagoa zela. Behin laukotea definituta ostiraletan hasi ziren entseatzen Hernanin duten lokalean.
Lehen kontzertua eskaintzeko egun gutxiren faltan erabaki zuten taldearen izena. «Nik proposatu nuen Lie Detectors izena. Gazteleraz abestu arren, izena ingelesez egokiagoa zen El Poligrafo edo Detectores de Mentiras baino», dio abeslariak. Hain zuzen ere, Thee Headcoats taldearen
Lie Detector kantutik dator ideia. 2014ko abenduaren 27an eskaini zuten estreinako zuzenekoa Hondarribiko Psilocybenea aretoan,
Vinyland filmaren aurkezpenean.
Aurreneko esperientzia hura oso ona izan zen. «Jendeari gure proposamena gustatu zitzaion, eta izenak ere harrera ona izan zuen», azaldu du Babonek. Kontzertu bakarra eskainita eta grabaziorik gabe, Galiziatik deitu zieten. «Carballoko Xiria Pop jaialdian jotzea proposatu ziguten. Harrigarria izan zen». Horren aurrean, kantuak grabatzeko unea zela ikusi zuten.
Asturiasko faktoria
Xixongo Circo Perrotti estudioa iruditu zitzaien aproposena beraien errepertorioa erregistratzeko. Jorge Explosion teknikaria ezaguna da rock-and-roll eta garaje taldeekin egindako lanagatik. Baina batez ere, soinu analogikoan grabatzen duelako. Bitan izan dira bertan. Aldi bakoitzean, launa kantu grabatu dituzte. «60ko hamarkada bukaerako eta 70eko hasierako soinu analogikoa egungoa baino hobea dela diotenak daude. Guk ere berdina pentsatzen dugu», dio Babonek. Oso gustura daude bertan lorturiko emaitzarekin. Bigarren esperientzia hobea izan zen Etxeandiarentzat. «Asko gustatzen zait nola zaintzen dituen ahotsak, eta baxuari ateratzen dion soinua ikaragarria da. Bigarrenean nire gitarrekin gusturago geratu nintzen».
Hernaniko lokalean lortzen duten soinua da gehien gustatzen zaiena. «Zuzenean ez dugu lortzen lokaleko soinu hori», dio abeslariak. Egia esan, taula gainean lortzen dutena bestelakoa da. Emanaldiei esker izan dute arrakasta, eta horregatik, gurean zein kanpoan jotzeko aukera asko izan dituzte. «2015ean sekulako gorakada izan genuen. Asko jo genuen. 2016a lasaiagoa izan zen, zorte askorik ere ez genuelako izan. Aurten, berriz ere martxa hartu dugula ematen du».
Orain arte eskaini dituzten ia 50 kontzertuen artetik asko izan dira bereziak. Etxeandiak, bereziki, bi ditu gogoan: «Bilboko Satelite T aretoan 2015eko gabonetan eskainitakoa, eta Bordelen lehen aldiz jo genuenekoa». Babonek, ordea, Leonen eman zutena azpimarratu du. «Purple Weekend festibalekoa berezia izan zen. Barrence Whitfield & The Savages taldearekin jotzen genuen. Gogoan dut Whitfield eserita, guri begira».
Frantziako anekdota
Zuzenekoen esperientzia «bizarroena» ez zen gauzatu, azken unean ez jotzea erabaki zutelako. Iragan azaroan Frantziako festibal batean jotzeko deitu zieten, eta hasiera batean baiezkoa eman zieten. «Pixkat bat begira ibili ondoren, konturatu ginen zezenketen aldeko talde batek antolatzen zuela; zezen plaza batean», azaldu du Babonek. Lau kideek erabaki zuten ez zutela horrelako jaialdi batean parte hartu nahi.
Aurrera begira, kontzertu agenda polita dute. Apirilaren 8an Tolosako Bonberenean izango dira Screamin Targets donostiarrekin batera. Maiatzean Bartzelonako Sardina Fest jaialdian joko dute, eta ekainean, Asturiasko beste festibal batean parte hartuko dute, besteak beste.
Bi kantuko hiru lan argitaratu dituzte binilo formatuan
Gutxi eta maiz filosofia du Lie Detectors taldeak. Hiru urtetan, bi abestiko 7 hazbeteko hiru
single argitaratu dituzte. Lehendabizikoa 2015ean atera zuten Bloody Mary zigiluarekin.
Chealsea Boots eta
Viajar abestiak sartu zituzten. Bigarrena, hilabete batzuk geroago kaleratu zuten Folc Records diskoetxearekin.
Pinchalo eta
Felicidad kantuak jaso zituzten bigarren erreferentzian. Azkenik, pasa den urtean diskoetxe berarekin
Me gusta la calle (hey hey hey) eta
Cymbalta abestiak dituen lana aurkeztu zuten.
Beste bi kantu dituzte grabatuta, eta azala diseinatzea falta arren, aurki argitaratzeko asmoa dute. Lehen disko luzea noiz aterako duten galdetzen diete zaleek, baina ez dute horretarako asmorik. Biniloa ez den formatu batean argitaratzea ere ez dute pentsatu.