Kondoiak saltzeko makinen inguruan sortu den misterioa ikertzeko modukoa da. Donostiako Udalak bi botikatako makinak erretiratu izanaren albisteak oihartzuna izan du hedabideetan.
Kondoi makina duten farmaziak daude oraindik Donostian. (Argazkia: Inaxio Esnaola)
Farmazien kanpoaldeko horman itsatsita, kutxa urdinak ikustera ohitu gara. Kondoiak saltzeko makinak dira, eta desagertzeko zorian daude. Donostiako Udalak pasa den abenduan bi makina kendu izana hedabideetara eta jendartera iritsi da. Makina horiek betetzen duten osasun-eginkizuna urratzea leporatu diote udalari, eta erantzun ofizialik eman ez badute ere, IRUTXULOKO HITZAk jakin ahal izan du Hirigintza sailak harturiko erabakia dela. Hain zuzen ere, herritarren bi salaketak bultzatu dute udala makina horiek kentzera.
Kondoi makinen misterioari
Noticias de Gipuzkoa egunkariak eman zion hasiera. Donostiako Udalak preserbatibo makinen kontrako «gurutzada» egin duela argitaratu zuten. Albistean azaldu zuten pasa den urteko azken hilabeteetan, Udaltzaingoak botika guztiak bisitatu zituela makinak kentzeko aginduarekin. Bete ezean, 500 eta 5.000 euro arteko isuna jasotzeko arriskua dutela azpimarratu zuten. Euskal Autonomia Erkidegoko 2/2006 Lur eta Urbanismoaren Legeko 225.3 artikulua erabili dute horretarako. Antiguako farmazia bati espedientea ireki zioten, eta bertako jabearen kexa jaso zuten. Azkenik, makina kendu eta ez du isunik jasoko.
Donostian 86 farmazia daude, eta abendutik ez omen dago kondoi makinarik bakar batean ere. Ordea, Gipuzkoako Farmazialarien Elkarteko ordezkari Estibaliz Goienetxeak ziurtatu du badaudela: «Donostiako beste bost botikak gutxienez makina dute. Albistea atera zenean bost horiek larrituta deitu ziguten isuna jarriko dieten jakiteko. Soilik bi dira kendu dituztenak; Antiguan eta Erdialdean».
Udalarekin harremanetan jarri ziren elkartetik gertatu denaren inguruan azalpenak eskatzeko. «Salaketa batzuk egon direla esan ziguten, istripuak gertatu direlako. Mutil batek kolpea hartu omen zuen. Horregatik kendu dituzte», azaldu du Goienetxeak. 2006tik indarrean dagoen lege bat orain aplikatzen hastea arraroa iruditu zaio, baina salaketak egon direlako gertatu da. Nolanahi ere, udalak neurri orokorrik hartu ez duenez, gaiari ez diote jarraipena eman. «Udalak ohar bat atera beharko luke gertatu dena behar bezala argitzeko». Kezkatuta daude albisteak izan duen oihartzunarekin.
Hormetan segitzen dutenekin zer gertatuko den jakitea falta da. Goienetxeak ez du batere argi: «Ez didate esan kenduko dituztenik, baina zergatik bi bai eta besteak ez?». Guztiak kentzeko neurri orokorra hartzen badu udalak, Gipuzkoako Farmazialarien Elkartetik beste jarrera bat hartzeko asmoa dute.
Twitterreko eztabaida
Udalak ez du inolako azalpenik eman modu ofizialean. Ez dute argitu zergatik hartu duten erabaki hori. Are gutxiago, gelditzen diren makinak kenduko dituzten. Twitter sare sozialean, ordea, eztabaida izan zuten Enrique Ramos PSE-EEko Hirigintza zinegotziak eta Ricardo Burutaran EH Bilduko ordezkari eta Hirigintzako zinegotzi ohiak. Ramosen arabera, udala ordenantzak betetzeko dago, eta fatxadatik behar baino gehiago ateratzen diren elementuak eta irisgarritasuna oztopatzen dutenak kendu behar dira.
Txio trukeak jarraipena izan zuen. Burutaranek Ramosi galdegin zion ea irisgarritasun legearengatik kenduko dituzten makina guztiak. Ramosek azkenekoz erantzun zion, esanez, txikle makinak izango balira ere erretiratuko liratekeela. Kondoiak eta txikleak alderatzea seriotasun gutxikoa dela txiokatu zuen Burutaranek, preserbatiboak gaixotasunak saihesteko erabiltzen direlako.
90eko hamarkada bukaeran hasi ziren kondoi makinak jartzen Donostiako hainbat farmaziatan. Horietako asko 2008an jarri zituzten, Osakidetzak Hiesaren prebentzio kanpaina egin zuelako. 16 eta 30 urte bitarteko pertsonengan kondoien erabilera sustatzea zuen helburu. Datu gisa, azpimarratzekoa da kanpaina martxan jarri zen urtean hiesaren 200 kutsatze kasu berri diagnostikatu zirela.
Osasunaren ikuspegitik preserbatibo makinek betetzen duten funtzioa garrantzitsua dela uste du Gipuzkoako Farmazialarien Elkarteak. Nolanahi ere, gero eta botika gehiago dira erakusleihoan 24 orduko zerbitzua eskaintzen duten makina bereziak txertatzen hasi direnak. Preserbatiboak ez ezik, lubrifikatzaileak, hortzetako pasta eta beste zenbait produktu eskaintzen dituzte. Hori dela eta, kaleko kondoi makina guztiak desagertuta ere, erabiltzaileek aukera izango dute aipaturiko farmazietan eskuratzeko.