Auzotarrek erabakiko dute frontoia mantendu edo bota nahi duten.
Amarako Arroka kaleko frontoia. (Argazkia: El Fronton Vasco)
Arrokako frontoiaren partaidetza prozesua abian jarriko du Donostiako Udalak. Duñike Agirrezabala Partaidetza zinegotziak adierazi duenez,
auzotarrek erabakiko dute pilotalekua mantendu edo plaza bat egitea nahi duten.
Prozesuaren lehen fasea otsailaren 21, 22 eta 23an egingo da. Bi aukeren informazioa jasotzen duen liburuxka bat sartuko dute buzoietan, eta olana batzuk jarriko dituzte Easo plazan eta frontoian.
Proposamenak azaltzeko
hiru bilera egingo dira. Otsailaren 23an, bilera bat egingo da auzoko elkarteekin. Otsailaren 28an, Amara Bai auzo elkarteak pilotalekuaren proposamena azalduko die auzotarrei. Azkenik, martxoaren 2an, bilera ireki bat egingo dute, eta bertan, Hirigintza sailak plazaren inguruko proposamena aurkeztuko du. Bilerak Easi kaleko “Suhiltzaileak” deitzen zaion eraikinean izango dira.
Martxoaren 8tik 19ra auzotarrek posta bidez bidali beharko dute erantzuna. Horretarako, gutun pertsonalizatua jasoko dute, eta edozein postontzitan utzi ahal izango dute zigilatuta. Hain zuzen ere,
hamasei urtetik gorako 2.558 auzotarrek parte hartu ahal izango dute. Hala nola, San Roke, Lizarra, Osasuniturri, Autonomia, Arroka, Amara eta Amara Gaineko kaleetan eta Easo eta Arroka plazetan bizi direnek.
Kontaketa martxoaren 21ean egingo da udaletxean, talde politiko guztien ordezkarien aurrean. “Gehiengoa lortzen duen aukera zein den jakin eta gero ere, parte-hartze prozesuak aurrera jarraituko du, auzoan lan kolektibo eta sortzailea egingo baita aukeratutako proiektua zehazte aldera. Bestela esan, auzotarrek azken diseinua zehaztuko dute, aukera irabazlea zein den gorabehera”, azaldu du Agirrezabalak.
Ostiralean, Duñike Agirrezabala Partaidetza zinegotziari egindako elkarrizketa argitaratuko du IRUTXULOKO HITZAk.