Kattalin Miner, Kazetaria. (Argazkia: Malen Aldalur)
Igartza saria irabazi ondoren, bere lehen nobela idatzi du Kattalin Minerrek (Hernani, 1988). Emakume gazte euskaldun baten bizitza ardatz hartuta, gai asko jorratu ditu
Nola heldu naiz ni honaino lanean.
Gaur aurkeztuko du bere lehenengo liburua Beasainen, eta pozik dago egindako lanarekin. Besteak beste, familia eta bikote eredua, heteroaraua eta erabakiak hartzeko dugun zailtasuna lantzen ditu eleberriak. Badira urte batzuk hernaniarra Egian bizi dela, eta bertan elkartu gara liburuaren nondik norakoak azaltzeko.
Zure lehenengo liburua da. Nolako esperientzia izan da?
Egia esan, beti eduki dut buruan liburu bat idaztea. Aspalditik aritu naiz idazten, baina gehienbat iritzi artikuluak idatzi izan ditut. Proiektu batzuk ere banituen hasita, baina bukatu gabe. Horregatik erabaki nuen Igartza sariketan parte hartzea; irabazten banuen aurrera egingo nuela erabaki nuen, eta bestela bertan behera utziko nuela liburuaren ideia. Baina proiektua idazten hasi nintzenean asko disfrutatu nuen prozesuarekin eta saria eman ala ez, liburua idazten jarraitzea erabaki nuen. Hori dela eta, irabazi nuela jakin nuenerako nahiko aurreratuta nuen liburua. Pozgarria izan zen diru laguntzarena, baina ez zen liburua idazteko baldintza bat izan. Azkenean, denbora oso azkar eta oso mantso pasa zait aldi berean; baina gustura egin dudan lan bat izan da.
Argi zenuen hasieratik liburuan zein gai landu nahi zenituen?
Argi nuen erabakien inguruko liburu bat izatea nahi nuela. Hori dela eta, pentsatzen hasi nintzen nire belaunaldiko eta nire inguruko jendeak zein erabakiri egiten dion aurre; eta zein arlotan erabaki behar izaten dugun: arlo familiarrean, lagunartean, harremanetan, lanean. Horretarako kanpoko agente batzuk ere behar nituen ildo bat mantentzeko. Liburuaren bukaera oso argi nuen, baina egia esan ez naiz oso egituratua. Idazten joan ahala agertu dira pertsonaiak eta gero edizio lanean erabaki dut zeinetan sakondu eta zeinetan ez.
Jezabelek, liburuko protagonistak, erraz hartzen ditu erabaki guztiak hasieran, baina gero erabaki txikienekin ere zalantza egiten du.
Uste dut neurosi baten narrazioa dela. Inori ez zaio gustatzen bere burua zalantzati bat bezala ikustea, eta aldi berean, liburua irakurtzen ari diren guztiek esan didate beraiek ere zalantzatiak direla. Kontua da liburuan bere burua oso segurutzat daukan pertsona batek krak bat egiten duela. Ordura arte lanean erabaki egokiak hartu ditu beti, eta azkenean etxe bat ere ia pentsatu gabe erosten du. Baina gero erabaki tuntunenean blokeatzen da, dena jartzen du zalantzan. Metafora bat da, azkenean ikusten da erabakiak ez ditugula hartzen horren erraz, eta beti dagoela dudarako tartea. Hori dela eta, pertsonaiaren bitartez zalantzan jarri nahi nuen zein den erabaki txiki bat eta zein handi bat. Badirudi munduan badaudela erabaki batzuk zure bizitza baldintzatuko dutenak, eta gero badaudela erabaki txikiago batzuk, egunerokoan hartzen ditugunak. Ez gara ohartzen, askotan, zenbateraino eragin dezaketen erabaki txikiek gure bizitzetan; eta, kontrara, zein erraz egin daitekeen atzera erabaki handi batean. Horregatik, drastikotasun puntu hori eman nahi nien erabaki txikiei. Ikusteko zein estuasun den tontakeriak etengabe zalantzan jartzea; ikusteko hor badagoela izerdi larri hotz bat.
Gai ugari lantzen ditu liburuak, eta hausnarketarako gonbita ere egiten du.
Oso argi nituen hasieratik landu nahi nituen gai batzuk. Aurrez aipatu dudan bezala erabakiak hartzeari buruz idatzi nahi nuen; eta beraz, hasieratik argi nuen erabaki horietako batzuk zeintzuk izango ziren: harreman sexu-afektiboak eta lana, esaterako. Gainera hauek denoi eragiten diguten gaiak dira; denok, edo gehienok, dugu bikotekide ohi bat, adibidez. Hor badago hausnarketa propio bat. Garrantzitsua da ikustea harreman batean non kokatzen garen, zein paper betetzen dugun. Zein rol jokatzen dugun harremanaren barruan.
Sexu harremanak ere ageri dira liburuan.
Bai, hori nahita egin nuen. Beste gauza batzuen artean uste dudalako sexu lesbiko falta dagoela euskal literaturan. Baina era berean gure belaunaldiak sexua nola erabiltzen duen ere ikusarazi nahi nuen. Esparru horretan orain dela urte batzuk baino askoz askatasun handiagoa daukagu, hori horrela da; baina aldi berea, hainbeste aukera ditugu askotan ez dakigula zertarako egiten dugun txortan. Gai gara emozioetatik ihes egin eta txortan egiteko; baina baita emozionalki soilik egiteko ere. Aukera horiek guztiak landu nahi nituen: zertarako egiten dugun txortan, zeinekin. Pertsonaiak gai horretan ere uste du dena oso argi daukala, baina ikusten du ezetz, zalantzak dituela hor ere.
Azala ere deigarria da.
Kristoren poza hartu nuen Juanmak azala erakutsi zidanean. Oso ondo asmatu du mezua transmititzen eta liburuarekin lotura handia dauka. Lan handia egin du. Liburua irakurtzen duzunean segituan hartzen diozu zentzua.
Izenburua ere aldatu diozu liburuari.
Bai, hasierako proiektuak beste izenburu bat zuen: Kafe beteak. Liburua idazten ari nintzela ez nion kasurik egin izenburuari eta maketatzera bidali aurretik birpentsatzea proposatu zidaten; eta hala egin nuen. Esaldia Anarirena da eta liburuan dezente aldiz agertzen da. Anariri baimena eskatu nion eta ilusio handia egingo ziola esan zidan, beraz, horrela geratu da eta gustura nago.
Jezabel du izena protagonistak, ez da izen ohikoa. Esanahi bereziren bat du?
Azken unera arte zalantza izan nuen izena aldatu edo ez. Kontua da, Bartzelonan idatzi nuela zirriborroa. Bi laburdura zituen izen bat behar nuen eta Jezabel izeneko neska bat ezagutu nuen. Jeza eta Bel, bi laburdura zituen eta izen hori erabiltzen hasi nintzen. Gero jada hain berea zuen izena, arraroa egiten zitzaidala aldatzea.
Liburuaren bukaera nahiko irekia da. Baduzu idazten jarraitzeko asmorik?
Gozatu dudan ariketa bat izan da, eta pentsatzen dut idazten jarraituko dudala, baina ez dakit noiz eta nola. Liburuko pertsonaiarekin ez dut uste jarraituko dudanik; itxi dut Jezabelen fasea, baina batek daki. Asko maitatu dut pertsonaia. Askotan idazleei irakurri izan diet pertsonaiak bere bidea hartzen duela, eta egia da. Batzuetan zuk gauza bat egin nahi duzu, baina pertsonaiari jada ez dagokio hori egitea. Distantzia pilo bat hartzen duzu pertsonaiarekiko. Jendeak pentsatzen du pertsonaiak asko duela zuretik, baina nik oso urruti sentitu du. Dena den, asko maitatu dut.