Hutsune bat betetzeko helburuarekin hasi zen lanean Nahia Alkorta, duela bost urte. Amei eta aitei zuzendutako euskarazko informazioa sortu du pixkanaka, eta horixe du bere bizibidea gaur egun.
Nahia Alkorta Elezgarai; ‘sabeletik mundura’ webgunearen sortzailea.
(Argazkia: Estitxu Zabala)
Bi seme ditu Nahia Alkorta Elezgaraik (Amara, 1986); zaharrenak 4 urte ditu, eta txikienak, urtebete. Bere lehen umetxoa, ordea, duela sei urte jaio zela esan daiteke. Bere bikotekidearekin batera ama izatea erabaki zuenean, gaiaren inguruko informazio falta nabaritu zuen, eta Sabeletik Mundura egitasmoaz erditu zen.
Nolatan sortu zenuen Sabeletik Mundura webgunea?
Hiru urte bete ditu sarean Sabeletik Mundura webguneak, baina duela sei urte hasi genuen proiektua. Haurdun geratzea erabaki genuenean, Internetera jo genuen, denek bezala, eta konturatu ginen euskaraz ez zegoela ezer ere. Ezustekoa hartu genuen, eta hor ere atzetik genbiltzala konturatu nintzen.
Orduan, informazioa biltzen hasi nintzen, gaiaren inguruan ikasten, profesional desberdinekin hitz egiten, eta gutxinaka, dokumentazio lan hori egiten. Azkenean, 2013an, sarean jarri genuen dena.
Zer zen zehazki eskaini nahi zenuena?
Zailena izan zen mundu guztiari balioko zion informazioa ematea. Euskaraz egotea nahi nuen hainbat arlotako informazioa, eta hurrenkera logikoena iruditzen zitzaidan horretan banatu nuen: haurdunaldi aurrea, haurdunaldia, erditzea, erditze ostea, edoskitzea; gero, atal berezi bat, haurra soinean eramatearen inguruan, niretzat oso garrantzitsua delako haurrekin kontaktu fisikoa izatea; eta, azken atal bat dut, Nora jo izena duena, eta, bertan, profesional askoren kontaktuak biltzen ditut.
Hasieran, ingurukoei lagundu eta ia zerotik abiatu nintzen. Informazioa topatu, filtratu eta euskaratzen ikasi dut, eta, horretaz gain, lan teknikoa. Sarera atera eta segituan bisita pila bat jaso zituen, eta beharra bazegoela ikusi nuen.
Guraso izatea erabaki zenutenean jaio zen proiektua orduan, eta jada bi seme dituzue. Beste haur bat bezala izango da zuretzako.
Bai, beste umetxo bat da; arreta handia eskatzen du, eta badirudi ez dela hazten, ez dela independizatzen. Seme zaharrenak urtebete zuenean sareratu ginen, baina prozesua gure haurdunaldiaren aurretik hasi zen. Semeak askatzen ari dira, baina webguneak hor jarraitzen du. Egia esan, nire haur bat bezala sentitzen dut, baina geroz eta jende gehiagorena ere bada. Azkenean, zerbait bizia da.
Lan handia emango dizu, ezta?
Saiatzen naiz eguneratua edukitzen, eta azken ikerketetako informazioa txertatzen. Horrela, ia astero artikulu berri bat sartzen dut.
Edonola, orain webgune bat baino gehiago da Sabeletik Mundura.
Bai, pixkanaka pauso gehiago eman ditu. Lehenengo, webgunea bakarrik zen, hilabete geroago hasi zen denda, eta, ondoren, zerbitzuak, familia bakoitzari egokitutakoak. Orain, herriz herri dabilen proiektu bat da, hitzaldiekin; aholkularitza pertsonalizatua ere ematen dut, etxez etxe;?eta webgunean denda ere badago. Hala ere, webguneak jarraitzen du muina izaten, eta interesa badagoela ikusten dut. Azkenean, beti esaten dugu euskaraz bizi eta hezi nahi dugula, eta oinarria falta zitzaigun. Hasierako faserako ez zegoen informaziorik, eta hutsune hori betea geratu da. Hala ere, ez da sekula amaituko sareko lana.
Dendan zer eskaintzen duzu?
Haur eramaileak saltzen ditut bakarrik. Batez ere, gabezia badugulako, hemen inguruan, haurtxoei eskainitako dendetan, ergonomikoak ez diren haur eramaileak saltzen dituzte. Garrantzia oso gutxi ematen zaio, kontaktua da gutxien zaintzen den haurtxo baten beharra, baita helduetan ere. Kontaktu fisiko jarraia duen haur batek babesa sentitzen du, lotura estuagoa garatzen du gurasoekin, eta hormona onak sortzen ditu. Horrek garapena ona izaten laguntzen du, eta estresa eragozten du.
Haur eramailea kontaktu hori emateko baliabide bat da; zuk eskuak libre dituzun bitartean, beste gauza batzuk egiteko. Nik askotan egiten dut lana haurra bizkarrean dudala, adibidez.
Jendeak bereziki zergatik jotzen du zuregana?
Hiru kontsumitzaile mota daudela esango nuke. Haurdun geratzea lortzen ez dutenak, eta nik klinika berezietara bideratzen ditut; erditzearen inguruko beldurrak dituztenak; eta, azken sektore batean daude, haurra jaiotzean, bakarrik sentitzen diren familiak. Lan handia dago erditze oste horretan, askoz gehiago landu beharko litzateke, eta ikusarazi. Badirudi, ospitalean erditzen baduzu, ospetsuak bezala atera behar zarela, sekulako aurpegi onarekin eta makillatuta. Errealitatea ez da hori, eta familia asko hor geratzen dira galduta; zaintza berezia behar duen momentua da. Dolua ere bada ikusarazi beharreko kontu bat, azkarregi joaten diren umeak, oso esperientzia gogorrak dira, eta sostengu egokiarekin beste modu batera gainditu daitezke.
Webgunea orduan irekia eta doakoa da, eta, horretaz gain, zerbitzuak eta hitzaldiak eskaintzen dituzu.
Bai, zerbitzuetan, bakoitzaren beharretara egokitzen naiz. Batzuek bakarrik behar dute euren etxeetara joan eta entzutea; beste batzuek behar dute edoskitzearekin laguntzea; eta badaude jarraipen osoa eskatzen dutenak, haurdunaldi aurretik hasi eta haurra jaio bitartean. Familia bakoitzaren beharretara egokitzen naiz. Gainera, familia desberdin asko daude. Ama bakarrek, esaterako, askotan eskatzen dute haurdunaldi aurretik laguntzea, prozesua oso gogorra izan daitekeelako.
Hitzaldietan ere denetariko eskaerak jasotzen ditut. Badaude udalak antolatutako proframazio jarraiak; badaude lokal pribatuak, fisioterapeutenak edo dendak. Donostian, esaterako, Amarako El Saloncito lokalean emango dut hurrengo hitzaldia, martxoaren 4an, haurrak soinean eramatearen inguruan.
Orain, lan honi esker bizi zara orduan?
Momentu honetan, nire denbora gehiena nire semeek dute, baina Sabeletik Mundura bada nire proiektu pertsonala eta profesionala. Familiako proiektua ere bada, hau ez litzateke posible izango nire bikotekidearen sostengurik gabe. Ni ibiltzen naiz etxe batetik bestera, herri batetik bestera, eta haurrekin antolatzeko… bada kontziliaziorako bide bat. Nire ordutegia nik jartzen dut, baina ez da erraza.
Nongoak dira zure bezeroak?
Gehienak gipuzkoarrak dira, eta hitzaldi gehienak Gipuzkoan ematen ditut; gertutasunagatik, eskaera zabalagoa da. Nafarroan ere ibiltzen naiz. Ipar Euskal Herrira jauzia ematea falta zait, oraingoz ez zait eskaerarik iritsi.
Zeure burua nola definitzen duzu?
Ni ez naiz medikua, eta ez naiz emagina. Profesionalek erantzun beharreko galderak jasotzen ditudanean, haiengana bideratzen ditut. Azken batean, konfiantza falta handia dugu askotan osasun zerbitzuekin. Nire papera da behar duenaren alboan egotea, informazioa ematea, informazio hori non topa dezakeen esatea, eta behar duena entzutea. Norbaitek bere medikuarekin konfiantzarik ez izatea, arazo bat izan daiteke, eta nire lana hortik urrun dago. Gurasoak ahalduntzen saiatzen naiz, euren erabakiak har ditzaten; erabaki guztiek dituzte ondorio batzuk, onerako eta txarrerako. Bakoitzak bere errealitatea dauka.
Urte hauetan guztietan, aholkularitza eta hitzaldiak ematerakoan, zuk ere ikasiko zenuen, ezta?
Bai, noski. Etxe bakoitzera joaten naizenean, errealitate desberdin bat ikusten dut, eta niretzako beti izaten da oso aberasgarria. «Eskerrik asko etortzeagatik» esaten didatenean, nik eskerrak ematen dizkiet beraiei, euren etxeko atea irekitzeagatik. Oso momentu intimoetan iristen naiz etxeetara, jendea negarrez eta gainezka eginda ikusten dut, eta tristea bada ere, erditze ostearen errealitate bat da. Ikasten dut pila bat, eta askotan karga handiarekin ateratzen naiz, baina ikasi dut pisua gainetik kentzen.
Proiektu berriak ere abiatu dituzu. Zertan datza bakoitza?
Batetik, haur eramaileekin lotuta, Loa-lo sortu genuen. Motxilen banaketarako webgune bat da, Espainiako merkatuari bideratua, gazteleraz. Bestetik, Umuma Pro ere abian jarri dut, beste lagun batekin batera; gurasotasunarekin lotura duten profesionalak biltzeko komunitate bat da. Mundu mailakoa da eta Euskal Herriko, Espainiako eta Txileko jendea ere badaukagu. Denak emakumeak gara, eta komunitate ia erdia euskalduna da; badauzkagu psikologoak, hezitzaileak, fisioterapeutak, aholkulariak, umeekin lan egiten duten medikuak… eguneratze eta saretze gisa erabiltzen dugu; askotan, elkarlanik gabe, informazioa galdu egiten delako. Oso pozik nago, sartu diren profilak oso anitzak direlako, eta polita delako bakoitzaren esperientzien berri izatea. Hilabete bakoitzean gai bat lantzen dugu, eta iritziak partekatzen ditugu. Urtarrilean, esaterako, feminitatea landu dugu, eta, otsailean, haurdunaldi aurrea.
Gurasotasunaren pisuaren gehiengoa emakumeengan dago oraindik?
Lehen niregana jotzen zutenen %90 emakumeak ziren; orain, hitzaldietan, lortu dut %40 gizonezkoak izatea. Aldaketa handia sumatu dut, eta pozgarria da. Hitzaldietara amonak ere askotan etortzen dira, gurasoek eskatuta, eta oso gustura geratzen dira jasotzen duten informazioarekin.
Neurri batean logikoa ere bada emakumeek pisu gehiago izatea. Haurdun geratuko dena emakumea da, eta jaiotzen denean ere emakumeak umearekin egoteko behar handiagoa izango du. Hala ere, haziera ez da hori bakarrik. Orduan, pisua erdibana egotea ezinezkoa da, baina uste dut badagoela aldaketa bat, ikustean ez dela emakumeen lana soilik. Gauza asko egin daitezke biren artean, edo ama ez den beste pertsona batek egin ditzake.