"Nik haren beharra dut, eta hark, nirea"
Sara Majarenas.
Kaixo denoi! Lehenik, hauxe baita garrantzitsuena, eskerrak eman nahi dizkizuet guztioi hasiera-hasieratik eman diguzuen babes, maitasun eta indarragatik, bai niri, bai Izarri eta bai familia osoari. Indar eta energia hori guztia gabe halakorik ez zen posible izango.
Bestetik, zaila da igarotzen ari naizen momentu hauek deskribatzeko moduko hitzak aurkitzea. Zalantzarik gabe, bizitzako garairik gogorrena eta zailena igarotzen ari naiz.
Ez sinistekoa. Sekula ez nuen pentsatuko halakorik gertatuko zitzaidanik. Halakoak besteei bakarrik gertatuko balitzaizkie bezala, indarkeria matxistaren biktima izan ezin banintz bezala. Baina gertatu egin zait, eta, berriz ere, agerian geratu da indarkeria sexistaren izurria toki guzti-guztietara iristen dela.
Denok dakigun bezala, Izarri gertatu zaiona ez da istripu baten ondorio, ez eta gaixotasun baten ondorio ere. Izar bere aitak berak hil nahi izan zuen, niri eta nire familiari min egiteko asmo hutsez. Zorionez, huts egin zuen. Izar txapeldun baten moduan borrokatu da, eta, fisikoki, gertatu den guztia gertatuta ere, ondo dago. Baina ibilbide luzea dago egiteko, bai psikologikoki eta bai emozionalki. Alde horretatik, Izar ez dago ondo, eta horixe da nire kezka nagusia oraintxe bertan. Izarrek ez du ulertzen aitak zer egin zion, ez eta bat-batean zergatik ihes egin duen bere bizitzatik ere. Izar ospitalean egon den bost aste luze hauetan, hiru astez elkarrengandik bereizita egotea izan da gogorrena, bi egunez behin ordubetez bakarrik elkar ikusten baikenuen. Hura tortura hutsa izan zen alabarentzat; izan ere, egoera fisiko zein psikologikoa larria izateaz gain, antsietate ikaragarria sortu zion amagandik bereizteak. Eta hala berretsi genuen lehendik bagenekiena, sen onak esaten duena? Izarrek inoiz baino gehiago behar duela ama.
Gaur, halakorik ezin dakiguke gerta berriro. Izar kalera aterako da, eta ezin du berriro sentitu nigandik apartatuko dela. Nik haren beharra dut, eta hark, nirea. Bestela, ez da izango erreparaziorik. Edo askoz gehiago kostako da behintzat.
Horregatik, eskertzen dizuet egiten ari zareten indar guztia, denon artean, leku guztietatik eta arlo guztietatik, denon artean lor dezagun: «Izarrekin, Sara Etxera!».
Mila esker guztiagatik.
Maite zaituztegu!!!
2017ko martxoan