Aldarrikapenak, festak eta kirolak bat egin dute 28. Lilatoian

Egunaren hasieran eguraldia goibel samar bazegoen ere, aise eman dio buelta eta euririk gabe egin dute korrika Donostian, Lilatoian parte hartu duten 4.801 emakumek. Dortsala eskuratu zuten 5.700 emakumeen artean 4.801 izan dira lasterketak dituen 5 kilometroak egitera abiatu direnak.

Aldarrikapena, festa eta kirola uztartu dituzte, aurten, 28. aldiz. Indarkeria matxistaren aurkako eta emakumeen eskubideen aldeko mezu ugari entzun eta ikusi dira lasterketan zehar.

Goizean goizetik hasi dira korrikalariak gorputzak berotzen aero-zombarekin eta 10:30ean abiatu dira Bulebarretik. Izaro Rubio ordiziarra izan da aurtengo irabazlea, 2014an lortutako garaipena errepikatuz.

Bakoitzak bere erritmora egin du korrika, baina denak umore onez eta giro paregabean. Lasterketa amaitu ostean, Lila-potea egin dute Parte Zaharrean, trikitilarien laguntzaz Ordizia tabernatik abiatuta.

Dena den, ezustekoren bat ere izan da tartean. 40 urteko emakume batek osasun zerbitzuen laguntza eskatu behar izan du; zorionez, ez da kontua gehiagora joan.

60 emakume baino gehiago atera dira aurten HITZA taldean korrika.

Iruzkin bat

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend