Vinuesa plazan egindako ekitaldian, haren omenezko plaka bat jarri dute.
Clara Campoamor eskulturaren inaugurazioa. (Argazkia: I. Esnaola)
Clara Campoamorren eskulturaren inaugurazioa egin du udalak Vinuesa plazan (Kontxako pasealekua). Aurretik, Benta Berrin zegoen eskultura, eta duela aste batzuk lekuz aldatu zuten, Plazandreok emakumeen plataformak horrela eskatuta.
Inaugurazio ekitaldian Duñike Agirrezabalaga Berdintasun zinegotziak, Plazandreok plataformak eta beste hainbat emakume elkarteetako ordezkariek parte hartu dute. Espainiako Estatuan emakumeen sufragioaren alde gehien borrokatu zuen emakumeetako bat izan zen Campoamor. Eskulturari plaka bat jarri diote gaur, haren omenez.
Xaflak zera dio: “Clara Campoamor Rodriguez (Madril 1888 – Lausana 1972). Donostian lurperatu zuten. 1931an Emakumeen botoa lortu zuen. Askatasuna eta berdintasuna, erabiliz ikasten dira”.
Eskultura lekuz aldatzeaz gain, beste hainbat jarduera egingo ditu Donostiako Udalak martxoaren 8ari begira. Horien artean, Emeem emana erakusketa Intxorta 1937k eta Mauro Saraviak antolatuta. Argazkiak eta narrazioak bildu dituzte, Euskal Herriko emakumeek 1936tik aurrera bizi izan zuten testuinguru historikoan jokatu zuten paper aktiboa berreskuratu nahian. Erakusketa martxoaren 23tik maiatzaren 7ra egongo da irekita, Aieteko kultur etxean.