Egia Hezitzaile egitasmoa abiatu dute, haurren autonomia garatzeko eta auzoa gune seguru bihurtzeko. Auzoko elkarte ugari ari dira lanean, umeen segurtasuna hobetzeko helburuarekin.
Irati Seijo (Tabakalera), Ana Revuelta (Tabakalera), Julen Etxeberria (Aitor ikastola), eta Iñigo Odriozola (Maria Reina ikastola).
Haurrak auzoan seguru eta gustura ibili ahal izateko helburuarekin sortu zuten Egia Hezitzaile egitasmoa auzoko hainbat eragilek. Haurrekin hitz egin eta guneak euren beharretara egokitu nahi dituzte. Iaz auzoan egin zuten proiektu bat izan da abiapuntua. “Lehengo urtean Euskal Herri mailako proiektu bat garatu zuten Egian, Bide Seguruak izena zuena. Egitasmoaren helburua haurrak eskolarako bidea bakarrik eta seguru egitea zen”, azaldu du Irati Seijo (Lekeitio, 1992) Egia Hezitzaileko kideak. Proiektu horren bueltan, auzoko hainbat eragile elkartu ziren eta antzeko egitasmo bat sortzea otu zitzaien: haurrek erabiltzen dituzten auzoko hainbat espazio eraldatzea, hain zuzen ere.
Honako eragileek hartzen dute parte Egia Hezitzaile egitasmoan: Aitor ikastola, Maria Reina Eskola, Eskola Bide segurua, Latxaga guraso elkartea, Bagera, Tabakalera, Antxeta Ttan-Ttakun, Haurgune, Egia Bizirik eta Hezi Zerb zerbitzua.
Proiektua lau fasetan banatu dute: lehenengoa, diagnostiko bat egitea; bigarrena, proposamenak aztertzea; hirugarrena, aldaketak maketa batean irudikatzea; eta, azkenik, laugarren fasea, eraldaketa horiek egikaritzea.
“Momentuz, lehenengo fasea bukatu dugu. Maria Reina eskolako eta Aitor ikastolako Lehen Hezkuntzako ikasle guztiekin egin ditugu bi orduko saioak euren proposamenak jaso ahal izateko”, azaldu du Seijok. Lehenengo fase horretan, auzoko umeek zein gune publiko erabiltzen dituzten eta gune horietan zein aldaketa egingo lituzketen ikustea zen asmoa; beti ere, segurtasunaren ikuspuntutik: “Kontuan eduki behar da segurtasuna ez dugula berdin ulertzen guk eta haurrek”.
Bigarren fasearekin hasi berri dira Egia Hezitzaileko kideak, eta fase honetan, haurrek identifikatu dituzten gune guztietatik batzuk aukeratu dituzte: “Eraldaketarako aukera gehien ematen dituzten lau gune aukeratu behar izan ditugu”. Egiako parkea, Maria Reina Eskolaren alboan dagoen malda, Etxabe eta Atotxa izango dira eraldatuko dituzten espazioak. Hala ere, Plaza Haundin zerbait egitea aztertzen ari dira:?”Plaza Haundiko aterpea auzolanean konpondu nahi dute, eta dirua soberan geratzen bada, espazio horretan ere zerbait egin nahi genuke haurrekin; rokodromo bat egiteko proposamen bat atera da, esaterako”.
Ondoren, bigarren fasean, proposamen zehatzak ere identifikatu dituztela azaldu du Seijok: “Horretarako, gela bakoitzari gune bat egokitu zaio, eta haurrek gune hori eraldatzeko proposamen zehatzak egin dituzte”.
Azaldu du beraiek segurtasunaren ikuspuntutik begira ari direla eraldatu beharreko guneei, eta haurrek bestelako proposamen asko egiten dituztela: “Esaterako, guri interesgarria iruditzen zaigu Egiako parkean aterpe bat egitea euria egiten duenerako, baina haurrek ez dute aterpe baten beharrik ikusten; tirolina bat eta labirinto bat nahi dituzte”.
Umeen proposamenen artean gehien honakoak gailentzen direla azaldu du Seijok: “Natur gune eta belardi gehiago nahi dituzte, alturak gustatzen zaizkie eta gehienek arriskuaren faktorea duten gauzak eskatzen dituzte, tirolina edo labirintoa, adibidez”. Izan ere, Sijok azaldu du auzoan dauden jolasgune guztiak lauak direla eta haurrek mendiak dituztela gogoko, aldapek ezkutatzeko aukera ematen dietelako.
Haurren nahietara
Egitasmo guztia segurtasuna lantzeko egin bazuten ere, haurren proposamenak asko urrundu dira hasierako nahietatik:?”Guk gauza bat genuen buruan, baina argi genuen haurren parte hartzea ezinbesteko zela. Gertatu zaiguna izan da, segurtasunaren ikuspegitik, guk egin nahi genuena eta haurrek egin nahi dutena ez datozela bat, eta erabaki egin behar izan dugula”, azaldu du Seijok.
Hori dela eta, lehen fasea bukatu ostean eragile guztiekin bildu dira zein norabide hartu erabakitzeko. Bi aukera zituztela azaldu du Egia Hezitzaileko kideak: “Prozesuan eskua hartu eta guretzat beharrezkoak diren aldaketak egin, edo umeen nahiei jarraitu”. Azkenean, haurren parte hartzeari lehentasuna ematea erabaki dutela azaldu du Seijok:?”Uste dut haurrak espazio batekin gustura egoteak ere lagundu dezakeela beraien segurtasunean”. Bestalde, gaineratu du eskaera “lurtarrak” izango direla. “Haurrek gure segurtasunaren kontzeptua barneratua daukate, eta ez dute beraientzat arriskua suposatzen duen ezer eskatzen”.
Gaineratu du hirugarren fasean aldaketaren maketak egin eta laugarrenean haurrek, gurasoek eta auzoko eragileek parte hartuko dutela eraldaketa hauek egikaritzen. “Prozesu parte hartzaile bat izango da bukaerara arte, horrek esan nahi du Egiako parkean labirinto bat egitea erabakitzen bada, denon artean eraiki beharko dugula”. Komunitatean eraiki nahi dituzte egingo dituzten aldaketa guztiak, hori dela eta, aldaketa errealak izango direla uste du Seijok.
Horrela, pixkanaka eta haurren proposamenak jasoz, auzoa nola eraldatu pentsatzen ari dira Egiako bizilagunak. Aurten bukatu nahi dute prozesua, horrela, datorren urtetik aurrera Egiak haurrentzat egokitutako espazio gehiago izateko.