Sekulako atzerapenarekin heldu da topoa Loiolara. 2010ean hasi zituzten lanak, Euskotreneko geltoki berria egiteko, eta pasa den astean ireki zuten, azkenean, bizilagunen zorionerako.
Auzo elkarteko Igor Alonso eta Joxemi Aierbe, geltokiaren atean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Estreinatu dute Euskotreneko geltoki berria Loiolako bizilagunek, iritsi da eguna. Duela zazpi urte hasi ziren obrak auzoan, eta hainbat gorabehera tarteko, geltokia zabalik dago: «Jaietarako baimena eskatu genuen, barrakak jartzeko Lorategi Hiriko aparkalekuan, eta esan ziguten ezingo genuela dena bete, lanak hasi behar zituztelako. Azkenean, lau egun atzeratzea lortu genuen, jaiengatik, eta 2010eko abuztuan hasi ziren obrak», gogoratu dute Urumea ibaia auzo elkarteko kideek. Oraindik ere, lanak ez dira bukatu, trenbide zaharra botatzea falta baita, eta, ondoren, bulebarizazioaren txanda izango da. Loiolan sekulako eragina izan dute topoko lanek, eta bukaezinak ziruditen, duela gutxira arte. Arnasa hartu duten garaian, auzo elkarteko Igor Alonso eta Joxemi Aierberekin bildu da IRUTXULOKO HITZA, azken zazpi urteotako errepasoa egiteko.
Geltokia «zaharkitua» zegoela eta, 2010ean obrak hasi zituzten auzoan, eta helburu nagusia, auzoa bitan banatzen zuen horma kentzea izan da. Kontua da, obrak hasi eta urtebetera, Eusko Jaurlaritzan gobernu aldaketa egon zela;?hau da, EAJren agintaritzaren lekukoa PSE-EEk hartu zuela. Trantsizio horretan, ez zuten aurrekonturik aurrikusi Loiolako proiekturako. Horrela, legegintzaldi oso bat igaro zen, Loiolan obrak geldirik zeuden bitartean. «Mugitzen hasi ginen, Euskal Trenbide Sarearekin harremanetan jarri ginen, eta Antonio Aiz Garraio kontseilari ordearekin», oroitu du Alonsok.
Ondoren, mobilizazioak hasi zituzten. Ernesto Gasco bera ere eraman zuten auzora, azalpenak ematera. Patxi Lopezen gobernuan Garraio arduraduna izan zelako, eta, ondoren, udal zinegotzia.
Jaurlaritzako hurrengo legegintzaldian, berriro hasi zen mugitzen topoaren kontua, 2013-2014an. «Dirua sartu zenetik, dena azkar joan da, eta epeak bete dituzte», dio Aierbek. Alonsok gainera, eskertu nahi die ETSkoei beraiekin izan duten jarrera: «Sekulako lana egin dute, langileak igandeetan ere lanean aritu dira. Aldaketaren bat egin behar bazuten, deitzen ziguten obrak ikusteko, eta oso ongi portatu dira gurekin. Gainera, obra bukatzeko gogoz zegoenez jendea, ez da kexurik egon soinuengatik edo eragozpenengatik». Behin behineko geltokia izan dute bien bitartean, eta ez da kexarik egon.
Azken batean, borrokak auzoa batu duela argi du Alonsok: «Borrokatu egin dugu. Loiola auzo txiki bat da, eta dena kartelez josi zuten bizilagunek. Manifestazioetan ez zen sekulako jendetza elkartu, baina entzun zitzaigun». Iritzi berekoa da Aierbe: «Erraza izan da denak elkartzea. Argi eta garbi zegoen obra oso gaizki kudeatu zutela, gure kalterako. Ez genuen jendea hortaz konbentzitu behar, eta kartelak eta pegatinak banatzen hasi ginen».
Mezua argia zen: «Loiola existe, lanak bukatu». Lehenengo manifestazioa larunbat eguerdi batean egin zuten, 2014ko martxoan, eta oso gustura geratu ziren auzokoek izandako erantzunarekin. Bigarren protesta bat egin zuten, 2014ko uztailean; ordukoan, Loiolatik Amarara topoa hartu zuten bizilagunek, kartelekin, eta bertan ere oihuak bota zituzten, obrak bukatzeko eskatuz. «Obrak geldirik ikustean, haserrea orokorra zen, baina gero, konfiantza izan genuen, lanean hasi zirenean», dio Aierbek.
Iazko uztailean, Iñigo Urkullu lehendakaria ere aritu zen obrak bisitatzen, arduradunekin eta auzo elkartekoekin. Guztira, 20 milioi euroko kostua izan dute lanek, beraz, aldaketa sekulakoa izan da.
Beste hainbat behar
(Argazkia: Estitxu Zabala)
Orain, La Salletik kultur etxera alderako norantzan, pixkanaka trenbide zaharra botako dute, eta urrirako dena garbi egotea aurreikusi dute. Gainera, hormairudi bat ere izango dute, auzotarrek eskatuta, garai bateko latsarien lana goraipatzeko. Horren ostean, tren geltokiaren inguruko guztia bukatuta, bulebarizazioa iritsiko litzateke, Aierberen hitzetan: «Beti saldu digute bulebarizazioa egiten hasiko zirela, topo geltokia bukatzean. Bulebarizazioko lanak egiteko bi urte beharko dituztela diote, baina ez dakigu noiz hasiko diren», azaldu du Aierbek. Duela hilabete batzuk aurkeztu zuten proiektu bat auzoan, baina ez zen bertakoen gustukoa izan, eta ez dute beste berririk izan momentuz. Beraz, udalarekin kontu ugari dituzte definitzeko: auzoko sarrerak, aparkalekuen arazoa konpontzea eta segurtasuna hobetzea, esaterako. «Dozena bat gai ditugu hobetzeko, baina, bereziki, orain, bi kontu ditugu buruan. Batetik, auzo elkartea indartzea, eta, bestetik, udaleko ordezkariekin bilera bat lehenbailehen egitea, gainontzeko guztia geldik dagoelako».