Hiru batzarretarako deia egin du Sin Totxa mugimenduak, 2018tik aurrera jaiak nola antolatuko dituzten erabakitzeko.
Otsailean hasi zen Buruhandien Matxinada Egian. Buruhandiek betiko lokaletik alde egin zuten, eta salatu zuten 35 urte zeramakizkitela auzotarren onurarako euren buru mardulak izerditzen: “Nazkatuta gaude bigarren mailako bizilagunak izateaz”. Orain, moskeo kanpaina bukatutzat eman du Sin Totxa mugimenduak: “Porrontxo jaiak antolatzeko laguntza behar dugu. Egoera larria da eta alarma gorria piztua dago”.
Azken batean, urteetako beherakadari irtenbiderik topatzen ez ziotenez, jai batzordeak muturreko erabaki bat hartu zuen: disolbatu eta pauso bat atzera egin du; herritar eta kuadrillekin lerrokatu da, eta guztien artean antolaketa berri bat eraikitzea da helburua.
Nahi horrekin, martxoaren 7an batzarra egin zuten, eta bildutako 25 lagunek eztabaida prozesu bat abiatzea adostu zuten,
Rinoplastia operazioa izenburupean: “Egun ditugun sudurrak ez badira Porrontxo jaiak arnasteko egokiak, moldatuko ditugu!”.
Eztabaida prozesua hiru batzarretan burutuko dute; eta, momentuz, bi hitzordu jarri dituzte:
0. Preoperatorioa: Martxoak 18, Rinoplastiaren aurkezpena. Agerraldi Masiboa Plaza Haundin, 12:00etan.
1. Ebakuntza; Apirilak 1, Arazoen diagnostikoa. Lehenengo batzarra, Plaza Haundin, 10:00etatik 13:30era.
Deia egina dago: “Porrontxoak maite badituzu eta bizirik mantendu eta hobetu nahi badituzu, operazioan parte hartzera gonbidatua zaude. Pentsa ezazu urte luzez eskertuko dugun eredu bat adosteko 3 goiz besterik ez direla beharko! Ez dago gaizki ezta? Rinoplastiaren ondorioak 2018tik aurrera jarriko dituzte abian, aurtengorako jada lanak abiatu direlako”. Horrela bada, 2017ko Porrontxoak larrialdietarako buruhandien brigadak antolatuko ditu.
Bileren dinamizazioan zein komunikazio lanetan aritzeko posta elektroniko bat eman dute:
rinoegia@gmail.com.