Duela lau urte hasitako emanaldia, lehen aldiz, Euskal Herritik kanpo eskainiko dute. Zazpi lagunek 15 eguneko bira egingo dute, Buenos Airestik hasita. Euskal etxeetan eskainiko dituzte saioak, abentura berri honetan.
Iker Urmeneta eta Beñat?Gaztelumendi, Añorgako frontoian. (Argazkia: I. Esnaola)
Itsasontzi baten beharrean, hegazkinez eramango dute Euskal Herritik kanpora bertso pilota emanaldia. Zazpi laguneko taldea osatu dute Argentinako abenturarako. Apirilaren 8tik 23ra hainbat hiri, herri eta euskal etxe bisitatuko dituzte. Gogotsu daude Iker Urmeneta pilotaria (Añorga, 1985) eta Beñat Gaztelumendi bertsolaria (Añorga, 1987). Beraiekin batera, beste bost lagun abiatuko dira Argentinara: Ekain Ormazabal aurkezlea, Oihana Iguaran bertsolaria, eta Iñaki Lizaso, Eneko Aizpitarte eta Arkaitz Esnaola pilotariak.
Rosarioko euskal etxearen bidez sortu zitzaien Argentina bisitatzeko aukera. «Euskal etxeko lehendakariaren senidea da Esnaola, eta Viedman ere badu beste senide bat. Ideia proposatu zigun eta bidaia antolatu genuen», azaldu du Urmenetak. Harremanak lortu, euskal etxeekin hitz egin eta hamabost eguneko bira atondu dute.
Buenos Aires hiriburuan abiatuko dute abentura. Apirilaren 9an iritsiko dira bertara, eta hiru egun emango dituzte bertan. «Euskaltzaleak izeneko euskal etxean egongo gara. Ez dago frontoirik, eta, beraz, bertso afari bat egingo dugu printzipioz», dio Urmenetak. Edonola, Argentinako pilota federazioarekin harremanetan daude, bertako pilotariekin elkarlanean partida bat antolatzeko.
La Platako euskal etxean izango dira apirilaren 11 eta 12an. «Lehen egunean, bertso pilota saioa egingo dugu, eta, Lizasok gitarra jotzen duenez, euskal kantuak ere abestuko ditugu». 13tik 16ra, Necochea hiria bisitatuko dute. Urmenetak uste dut egonaldi berezia izango dela. «15ean Korrika ospatzen dute, eta beraiekin bizitzeko aukera izango du. Gainera, 16an, Aberri Eguna ospatuko dugu, han bertan».
Bahia Blancara joango dira apirilaren 16an, eta bertso pilota emanaldia eskaintzearekin batera, erreki argentinarra dastatzeko aukera izango dute. 17 eta 18an, Viedman egongo dira. «Patagonia hasieran dago, herri oso txikia da, eta inguruetako herrikoekin egingo dugu bertso afaria». Bidaiari Rosarion emango diote bukaera.
Emanaldia egokituta
Argentinan eskainiko duten bertso pilota emanaldia Euskal Herrikoaren antzekoa izango da. «Partidaren atsedenetan bertsotan ariko gara Iguaran eta biok», azaldu du Gaztelumendik. Halere, azalpen batzuk emango dituzte, eta euskaraz ulertzen ez duten herrietan itzulpenak nola eskaini aztertzen ari dira. «Argentinako testuingurura egokituko gara, eta ez dugu nahi frontoi barruko jolas soil batean geratzea».
Ormazabal arduratuko da emanaldiak aurkeztu eta girotzeaz. «Umore puntua jarriko dio. Pilotari bakoitzari ezizena jartzen dio, eta ikusleak animatzen ditu», dio Urmenetak. Epaile lanak, berriz, bertakoek egin beharko dituzte. «Pilotaren arauak zeintzuk diren azaldu beharko diegu». Horrez gain, partidetan apustu txikiak egiteko aukera izango du jendeak. «Markagailua asmatzen duenari, gure babesleen saskia emango diogu».
Truke kulturala
Argentinako bira ez dute bertso eta kirol alorrera mugatu nahi. «Helburua truke kulturala egitea da. Han daudenen mintzapraktika saioetan parte hartuko dugu, besteak beste», azaldu du Urmenetak. Euskal jatorria duen jende asko bizi da Argentinan, eta beraien sentimendua ezagutzeko gogoa dute. «Irrikaz daude euskaldunak bertara joateko. Horregatik, asko lagundu digute bira antolatzen».
Diaspora indartsuena AEBetan eta Argentinan dagoela azpimarratu du Gaztelumendik. «Diasporarekin badut sentsazio berezi bat. Euskal folklorearen topikoekin hausteko ahalegin berezia egin behar dugu». Gainera, diasporan bizi direnen esperientzia oso erakargarria iruditzen zaio.
Bertsolarientzat Argentina berezia dela dio Gaztelumendik, Pedro Mari Otaño bertsolaria Rosarion hil zelako. «Txirritaren garaian erreferente handienetakoa zen. Ahots kaskarra zuelako plazan kantatzerik ez zuen izan». Otaño ezaguna da bertan, besteak beste, opera bat idatzi zuelako. «Ez zen bertsolari arrunta. Esaten da liberala zela, eta idatziz utzi zuen bere ondare handiena. Garai hartako bertsolaritzan ezohikoa zen hori.?Gainera, Txirritarekin ondo moldatzen zen». Otaño erreferente bat da Gaztelumendirentzako.
Argentinako bira aurkezteko bertso pilota emanaldi berezia egingo dute gaur, Antiguako frontoian (19:00). «Entsegu orokorra izango da guretzat», adierazi du Urmenetak.