Erretiroa hartu berri duten 30 erizain omendu ditu Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialak; tartean, Donostia Ospitaleko langile izan diren Gurutze Garcia (Egia, 1953) eta Ana Marcos (Egia, 1951).
Gurutze Garcia eta Ana Marcos erizain ohiak. (Argazkia: Lide Ferreira)
Gurutze Garcia eta Ana Marcos. Erizain ohiak.
Ana Marcos Salamancan jaio bazen ere, Erizaintza ikasketak Donostian egin zituen, gurasoek Irunera lan egitera joan behar izan zutelako. Gurutze Garcia, berriz, Elgoibarren jaio zen, eta bilbotar batekin maitemindu ostean, Bilboko Gurutzeta Ospitalean egin zituen bere lehen urteak; ondoren, Donostiara bizitzera etorri zen. Orotara, 43 urte eman dituzte erizain lanetan, eta, orain, erretiroa hartzeko garaia heldu zaie. Joan den larunbatean, omenaldia egin zien Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialak, beste 28 erizainekin batera.
Nolatan aukeratu zenuten erizaintza ikastea?
Ana Marcos (A.M.): Betidanik izan nuen argi erizaina izan nahi nuela, baina interes hori areagotu zen Nafarroan denboraldi bat eman nuenean. Ikasten eta lanean ari nintzela, izugarrizko hotza pasa nuen, eta atera zitzaizkidan ospelak zornatu zitzaizkidan. Ondorioz, ospitaleratu behar izan ninduten, eta han nengoela erizaina izan nahi nuela ohartu nintzen. Urte gehienak Donostia Ospitaleko AIGn (Arta Intentsiboko Gunea) eman ditut.
Gurutze Garcia (G.G.): Hasieran, medikuntza egin nahi nuen eta gero psikiatria. Baina nire familiako mediku batek bere kontsultan laguntza behar zuen. Diru pixka bat lortzeko, berarekin egin nuen lan. Berak esan zidan: «Medikuntza egin nahi duzu? Ez! Erizainak askoz hobeto bizi dira eta izen ona dute!». Ez ninduen guztiz asmoa aldarazi; beraz, erizaintza ikasten hasi nintzen, hiru urteak pasa ondoren medikuntzan sartzeko helburuarekin. Baina berehala konturatu nintzen eritzaintza zela nik nahi nuena.
Zeintzuk izan dira zuen ibilbidearen unerik berezienak?
A.M.: Gaixoek aurrera egin ez dutenean, gazteren bat hil egin denean… Oso gogorrak izan dira une horiek. Baina, nire ustez, orokorrean, gauza baikor gehiago gertatu dira ezkorrak baino.
G.G.: Heriotzak ere bizi izan ditut, noski, eta horiek guztiak ez zaizkit inoiz burutik kendu. Halere, oroitzapen txarrak ez ditut gorde nahi. Nire ibilbide gehiena pediatrian igaro dut; umeak maite ditut, eta beraiek izugarrizko poza eman didate. Horrekin geratzen naiz.
Urte hauetan guztietan gertatutako milaka pasadizo berezi izango dituzue kontatzeko?
A.M.: Duela 30 urte, gizon bati bihotzekoak eman zion, eta nirekin egon zen denbora luzez, sendatu zen arte. Gizon hori, egun, laguna dut, eta hori oso polita da.
Beste batean, kontsultan nengoela, artatzen ari ginen emakumeak etengabe begiratzen ninduela konturatu nintzen. Amaieran, galdetu zidan ea ni nintzen hogei urte lehenago ginekologian ibilitako Ana Marcos hura. Emakume hori haurdun zegoen ni ginekologian nengoenean, eta denbora dezente eman zuen ospitalean. Kontsultan izugarrizko besarkada bat eman zidan, eta aste batzuk beranduago hogei urteko alabarekin egin zidan bisita.
G.G.: Neska txiki batek arazo bat izan zuen eta bakarrik nirekin egon nahi zuen, nik ez beste inork bera zaindu eta sendatzea. Harreman estua sortu zen gure artean; izan ere, bere ezkontzara joan nintzen!
Jendearen esker ona izugarria izaten da. Adibidez, zaindu izan nuen emakume batek bere alabari Paule izena jarri zion, nire amaren izenagatik.
Nola kudeatzen dituzue emozioak egoera horietan?
A.M.: Ikasten duzu hori guztia kudeatzen, eta, askotan, zure malkoak ezkutatu behar izaten dituzu, baina etxera lur jota iristen zara.
G.G.: Gertatu izan zait ama baten alaba hil zenean, ama horrekin besarkatzea eta ni neu negarrez hastea. Inguruko pertsona guztiak niri begira zeuden, ez zuten ama begiratzen. Uniforme bat jantzita daramazunean, zure rola mantentzen saiatzen zara, baina ez da erraza.
Erizainak medikuen azpitik daudela entzuten da maiz. Zer iritzi duzue horri buruz?
A.M.: Argi izan behar da bakoitzak bere betekizuna duela. Baina biek bide bera egitea ezinbestekoa da; horregatik, komunikazioa oso garrantzitsua da. Egun, aldaketa eta mugimendu gehiegi dago langileen artean; beraz, ez da erraza lan talde sendo bat sortzea.
G.G.: Gaixoak zainketa bat behar duenean, medikuak zein erizainak dagokien zatia egingo dute, baina gaixoaren historia biek partekatuko dute. Beraz, bi lanbideak dira beharrezkoak.
Nola deskribatuko zenukete erizain baten rola?
A.M.: Oso hurbilak gara, eta dituzten beldur guztiak guri kontatzen dizkigute gaixoek, baita medikuei egiten ez dizkieten galderak egin ere.
G.G.: 24 orduz gaixoaren zaintzapean egoten da erizaina. Ez bakarrik zauria sendatzea, buruko osasunaz ere arduratzen gara.
Norbaitek erizaintza ikasi nahi duela esango balizue, zer gomendio emango zeniokete?
A.M.: Erizaintza oso lanbide dinamikoa da, beti eguneratzen ibili behar zara atzean ez geratzeko. Beraz, gustukoa izan behar duela esango nioke, eta ilusioa ez duela galdu behar. Hala, oso polita izan daiteke.
G.G.: Gogoa eta jarrera on bat ezinbestekoak dira erizain izateko. Ikasleei gogo handia transmititzen saiatu naiz beti; oso garrantzitsua da lan honetan murgiltzeko. Bestalde, gaitasun handia izan dezake norbaitek, baina jarrera on batekin gauza pila bat lortu daitezke. Eta, azkenik, gomendatuko nioke inor ez epaitzea, lagundu eta zaintzeko gaude.
Erretiroa hartuta, zer asmo duzue hemendik aurrera?
G.G.: Iazko irailean hartu nuen erretiroa. Abuztuan oporretatik bueltatu ostean, prest nengoen berriro lanean hasteko, baina ez, jada ez nuen ospitalera joan behar. Konturatu naiz 40 urte baino gehiagotan estres maila altuan bizi izan naizela. Beti izan naiz oso aktiboa, eta orain arraroa egiten zait bizitza aldatzea.
Bagenekien lanetik kanpo milaka gauza zeudela egiteko, baina orain arte ez gara ohartu. Orain, bada, lasaitu eta ikusi behar dugu zer izan daitekeen interesgarria egiteko: ikastaroren bat edo kirola, adibidez.
A.M.: Niri abesten ikastea gustatuko litzaidake! Baina, momentuz, nire burua zertxobait hustu egin nahi dut eta nolabaiteko opor batzuk, oraindik lana oso presente dudalako. Ez dakit zer den aspertzea! Hori bai, irratia aurkikuntza bat izan da niretzat. Inoiz ez nuen entzuten, eta orain egunero egiten dut, gauza oso interesgarriak esaten dituzte. Lanean jarraitu ez arren, erizaina izango naiz betiko. Berriro jaioko banintz, lanbide bera aukeratuko nuke.