Urtebetez egunero 1.300 errefuxiaturi jaten eman ostean, Chioseko sukaldea itxi egin du Zaporeak proiektuak. Laguntza Grezia osora zabaltzen ari dira orain.
Zaporeak proiektuko kide batzuk, Intxaurrondoko Villa Yeyeten duten bulegoan. (Argazkia: Lide Ferreira)
Intxaurrondo izan dute beti ardatz, eta Zaporeak proiektuarekin auzoa bera erreferente bilakatzea lortu dute. «Gastronomia da gure indargunea, eta horrekin lotuta hainbat jarduera egin ditugu Intxaurrondon azken 30 urteotan: gastronomia astea eta garagardo azoka, tartean», adierazi du Zazpi Garciak, hastapenetatik lanean aritu den Zaporeak proiektuko kideetako batek.
Esperientzia horretatik sortu zuten Zaporeak. Komunikabideen bitartez izan zuten errefuxiatuen egoeraren berri, eta horiei jaten ematea erabaki zuten: «Geure burua gai ikusten genuen; inoiz ez digu beldurrik eman proiektu handietan murgiltzeak».
Hala ere, hasiera ez zen hain erraza izan: «Argi genuen bakarrik ezin genuela bidea egin, eta laguntza bila hasi ginen. Gobernuz kanpoko erakundeek ezezkoa eman ziguten, eta diru aldetik ere ez genuen askorik lortu. Baina guk aurrera egin genuen, gizartearen babesari esker».
Chiosera lehen aldiz urtarrilean joan baziren ere, martxoan ekin zioten proiektuari eta sukaldea finkatzeari. Urte osoan zehar, euren helburuetako bat izan da janariaren kalitatea eta kantitatea hobetzea: «Elikaduran aditua zen pertsona bat eraman genuen bertara, guk jarraibide batzuk edukitzeko. Kaloria ugari izan ditzake produktu batek, baina beharrezkoa da mantenugaiak ere izatea, eta alderantziz. Beraz, bi elementu horiek orekatu behar genituen». Hala, egunez egun, gero eta jaki gehiago eta anitzagoak eskaini dizkiete errefuxiatuei.
Gainera, haien gustuak ere aintzakotzat hartu dituztela nabarmendu du Garciak: «Euskal Herriko sukaldaritzarekin hasi ginen, baina beraien gustuak guztiz desberdinak dira. Horregatik, bizigarriak erabiltzen erakutsi ziguten eta moldatu gara beraien ohituretara. Modu horretan, egunero, 12-15 menu desberdin egitea lortu dugu».
Harreman estua
«Une batean proposatu ziguten errefuxiatu zelaietara ez joatea, beste norbaitek eramango zuela guk egindako janaria, baina ezezkoa eman genuen. Beraiekin genuen harremana ezin genuen galdu. Azken batean, janaria baino gehiago eman diegu; ilusioa, poztasuna, konfiantza, segurtasuna eta beste hainbat balio transmititu dizkiegu errefuxiatuei. Janariaren bidez errefuxiatuen duintasuna berreskuratu dugu», gehitu du Zaporeak-eko kideak.
Baina argi dute errefuxiatuen arazoa ez dela konpondu: «Iritsi ginenean, Chioseko kanpamentuan bakarrik egun batzuk ematen zituzten, eta joan egiten ziren. Euren aurpegietan ikusten zen estresa, kezka, beldurra… Egun, Turkiako akordioaren ostean, denbora gehiago ematen dute uhartean, eta etsi egin dutela dirudi. Egokitu dira egoera horretara. Oso gogorra da 24 orduz ezer ez egitea. Azkenean, arriskua dago errefuxiatu zelaietan mafia-taldeak sortzeko. Badaude batzuk jada, eta haurren prostituzioa ere badagoela jakin dugu».
Egoera zail horren harira, Garciak gogoratu du, bera iritsi zen egunean bertan, lehorreratze bat bizi zuela, beste hiru kiderekin batera. «Hondartzan 50 pertsona negarrez ikusi genituen. Gogoan dudan irudirik hunkigarriena da». Chiosen igaro zuen azken eguna lehenengoaren oso antzekoa dela dio: «Gauean, beste ontzi bat iritsi zen. Beraz, iritsi nintzen bezala joan nintzen Chiosetik, oinarrizko arazo berarekin: gerra, mafia, egear itsasoa… Oso gogorra da».
Urte honetan guztian zehar, bada, une zailak zein politak bizi izan dituzte. «Ez zen momentu txarra izan, baina egia da hasierako hilabeteetan pixka bat galduta ibili ginela. Ez duzu espero hain azkar zabalduko denik proiektua», adierazi du Zaporeak-eko kideak. Hala ere, berehala aurre egin zioten estualdi horri, «proiektuan arau batzuk eta egitura bat zehaztu ondoren».
Chioseko sukaldeari sabotajea egin zioten eguna ere zaila izan zen, baina esperientzia ezkor horretatik dena baikorra izan zela dio Garciak: «Uharteko jende guztia laguntzera etorri zen, jaten ematen jarraitu genuen eta errefuxiatuak ez ziren ohartu ere egin. Babes handia erakutsi ziguten».
Babes horrekin lotuta, jaso duten esker ona proiektuaren alderdirik baikorrena izan dela nabarmendu du Intxaurrondokoak: «Esker ona izugarria izan da. Errefuxiatu zein boluntarioena, bereziki». Izan ere, 250 boluntariori esperientzia honetan parte hartzeko aukera ematea oso berezia izan dela uste du: «Bihotza ukitzen dizun esperientzia bat da, psikologikoa, betirako buruan geratzen zaizuna».
Euren filosofiaren aurka
Orain, urtebetez lanean aritu ondoren, Chioseko sukaldea itxiko dute. Hain zuzen ere, kideek azaldu dutenez, irailetik proiektua laguntzen aritu den Norbegiako erakundeak catering bat ezartzea erabaki du: «Hasieran, asmoa beste bat zen: greziarrek kudeatuko zuten gure sukaldea, errefuxiatuekin batera, gure filosofia mantenduz, baina azkenean erabaki zuten plan hori bertan behera uztea eta catering-a ezartzea».
Garciaren arabera, catering-aren ideiak ez du zerikusirik beraiek eskaini izan dutenarekin: «Lehen aipatutako irizpideak ez ditu betetzen. Mantenugaiak ditu, baina kaloriarik ez. Beraz, ez da elikadura orekatu bat. Negozio hutsa da».
Chioseko sukaldea ixteak, ordea, ez du esan nahi euren lana bertan amaitzen denik. Hurrengo urratsa Chiosetik Grezia osora zabaltzea izango da: «Laguntza behar duten errefuxiatu guztiengana iritsi nahi dugu. Asko dago egiteko, eta gu gogotsu gaude jarraitzeko».
Bi helburu izango dituzte hemendik aurrera: elikagaiak eta materialak bidaltzea Greziako beste errefuxiatu zelaietara, eta gainontzeko zelaietan dauden proiektuekin lankidetzan aritzea eta proiektu txiki berrien ezarpena aztertzea.
Garciaren esanetan, «Atenasen bereziki behar handia dagoela ikusi dugu. Bertan, kontrolatu gabeko errefuxiatu ugari daude, esaterako, okupatutako eraikinetan. Etxe batean, 300 errefuxiatu daude, eta ahal duten bezala janaria prestatzen dute. Asmoa dute solairu bakoitzean guztientzako sukalde bana egiteko, eta laguntza eskatu digute. Hein handi batean, erreferente bilakatu gara sukaldaritza arloan».