Erabaki dute nolakoa izango den abiadura handiko trenaren geltokia Donostian. Aldiriko tren geltokia, autobus geltokia eta Tabakalera uztartuko ditu; horrela, geltoki intermodal bat sortuz.
Hirugarren erraia jartzeko lanak egiten ari dira Loiolako Erriberan. Argazkia: Malen Aldalur)
Abiadura handian iristea nahi lukete batzuek, mantsotzearen mantsotzeaz inoiz ez iristea beste batzuek. Urte ugari pasa dira abiadura handiko trenaren (AHTa) afera Euskal Herrira iritsi zela, Euskal Y izeneko proiektuaren barruan. Oztopoak oztopo aurrera doa egitasmoa.
Eneko Goia alkateak urte hasieran 2017ko lehentasunen artean jarri zuen abiada handiko trena. Martxoaren hasieran Bordelen egindako Euroeskualdeko bileran ere “lehentasunezkotzat” jo zuten komunikazioak egituratzea eta abiadura handiko trena ezartzea Korridore Atlantiko osoan. Puntu estrategikoa da horretarako Donostia;?Frantziarekin lotura errazten duelako.
Otsailean Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroak bisita egin zuen Loiolako Erriberara. Izan ere, Euskal Y egitasmoa garatu ahal izateko hirugarren errai bat egiten ari dira Astigarraga eta Irun artean. Bisita horren harira zalaparta sortu zen Loiolako Erriberako bizilagunen artean, urteetan konpontzeko eskatzen ari ziren belardi bat txukundu baitzuen udalak;?baina ez bizilagunen eskariz, de la Serna ministroa zetorrelako baizik. Hala azaldu zuten auzo elkarteko kideek.
Iazko abenduan adostu zituzten Donostiako, Gasteizko eta Bilboko sarbide eta geltokiak, Adif eta Euskal Trenbide Sarearen negoziazioen ondoren. Azaldu dutenez, Donostiakoa da errazena, eta ziurki azkarren egingo dutena. Donostian, lanak aurtengo urtearen amaieran edo datorrenaren hasieran hasi nahi dituzte eta jarritako helburua 2019an Iparraldetik datozen trenak Donostiara heltzea dela azaldu du Goiak.
Udalak eta Eusko Jaurlaritzak eskatu bezala, Aldiriko tren geltokiarekin eta Tabakalerako eraikinarekin bat egingo du AHTaren geltoki berriak.
Ez dute beste geltoki bat eraiki nahi abiadura handiko trenarentzat, hori dela eta, egungo aldiriko tren geltokia moldatuko dute; Atotxako geltoki berrian eta Tabakaleraren ingurunean integratuko da AHTaren geltokia.
Guztiak eraikin bakarrean
Horrela, hiru garraio zerbitzu uztartuko dituzte: Aldiriko trena, abiadura handiko trena eta autobus geltokia. Gainera, Tabakalera, kultura garaikidearen nazioarteko zentroa, hiru garraio mota hauekin lotu nahi dute, eraikina eta geltoki intermodala komunikatzeko.
Itxurari dagokionez, geltokiaren egungo fatxadaren arkitektura mantenduko du, eta plaza moduko bat sortuko da trenbidearen gainean; justu, Tabakaleraren aurrean. Euskal Trenbide Sareak azaldu du, kultura gaikidearen nazioarteko zentroak ere espazioa irabaziko duela aldaketarekin.
Geltokiak, ate nagusi bat izango du. Ate horretatik sartu beharko dira; bai trena, bai autobusa hartu nahi duten erabiltzaileak; baita aparkelekura doazenak ere. Era horretara, intermodalitatea bultzatu nahi da, eta horrela,bertan bateratzen diren garraiobide publiko guztien erabiltzaileen joan-etorriak gutxitu nahi dituzte.
Zehaztutako proposamenaren arabera, ibilbide ertaineko trenek eta ibilbide luzekoak hiru nasa nagusi izango dituzte; eta nasa batetik bestera joateko azpiko pasabide bat egitea proposatzen dute.
Esan bezala, udalak eta Euskal Trenbide Sareak egindako proposamen gehienak hartuko ditu kontuan onartu duten proposamenak: solairu bateko altuera izango du; trenbideak estaliko du, eta, aldi berean, Tabakalera eta autobus geltoki berria lotuko ditu. Eraikinak Tabakalerako lehen pisua estaliko du, baina terraza-plaza zabal bat izango du gainean.
Bukatzeko zain
Aspalditik datorren kontua da Euskal Y egitasmoa, eta emaitza ikusteko zain daude udaleko hainbat alderdi. “Gu ados gaude proposamenarekin uste dugu beharrezko proiektu bat dela, eta badirudi pixkanaka bada ere badoala aurrera”, azaldu du Miren Albistur PPko zinegotziak. Begi onez ikusten du alderdi popularrak abiadura handiko trenaren geltokia Renfekoarekin uztartzea: “Tabakalerako ingurunearekin uztartzea ideia ona dela uste dugu; ditugun espazioak baliatu behar ditugu eta horietan ahalik eta modu harmonikoenean uztartu”.
Abiadura Handiko Trenak bat egingo du Renfeko geltokiarekin.
Dena den, azaldu du egia dela uste baino gehiago ari dela kostatzen Euskal Y egitasmoa garatzea: “Denbora asko pasa da abiadura handiko trenarekin bueltaka hasi ginenetik;?baina argi duguna da guk trena Donostiara iristea nahi dugula”. Erakundeen arteko harreman ona eta elkar ulertzea ezinbestekoak direla uste du Albisturrek: “Guk herritarrentzat lan egiten dugu, eta beraiengan pentsatu behar dugu”. “Gerra politikoak”?utzi eta sintonia onean lan egitearen aldeko apustua egiteko eskatzen die PPko bozeramaileak alderdi politikoei eta erakundeei.
Miren Azkarate EAJko zinegotziak ere uste du Euskal Herriarentzat eta donostiarrentzat “ezinbesteko” azpiegitura izango dela abiadura handiko trena: “Europarekin eta Iberiar penintsularekin lotura zuzena suposatuko du, eta garraiobide moderno eta eraginkor bat beti da albiste ona herritarrentzat eta enpresentzat”. Azaldu du gizartearen eta ekonomiaren garapena zuzenean lotuta dagoela garraiobideen garapenarekin; gaineratu du trena, gainera, garraiobide garbia dela, “kutsatzen ez duena” eta bere inbertsioak altuak badira ere, mende bat edo mende eta erdiko perspektibarekin aztertu behar direla uste du: “Isuri kutsakorrak jaitsi beharrean gauden honetan, garraiobide publiko eta garbiak bultzatzea da bidea”.
Batzuek “lehentasunezko” proiektu bezala ikusten duten bitartean, badira egitasmoari zalantzaz begiratzen diotenak ere.Irabazi Donostiako Amaia Martinek, esaterako, azaldu du ez dutela AHTa lehentasun bezala ikusten, ez Donostiarentzat, ezta Gipuzkoarentzat ere. Martinek azaldu du Espainiako Gobernua eta Eusko jaurlaritza akordio batera iritsi badira ere, “argazki soil batean” geratu dela dena: “Akordioak ez du aurreikusten ez aurrekonturik, ez eperik”.
Josu Ruiz EH Bilduko zinegotziak ere uste du ‘Euskal Y’ proiektua ez dela beharrezkoa: “EAEko hiru hiriburuak lotzeko sekulako dirutza gastatzen ari dira, eta bidartean, gure ekonomia erabat baldintzatuta dago proiektu honengatik, zerbitzu sozialetan murrizketak egiten dira eta garraio sistema publikoa zahartzen ari da”. Hori dela eta, herritarren artean “benetako” eztabaida bat behar dela uste du Ruizek. Bestalde, azaldu du Donostiako EH Bilduk egungo garraio sistema publikoa hobetzearen aldeko apustua egiten duela.
Geltokiaren diseinua aurreratua dago, eta Eneko Goia alkateak adierazi du urte honen bukaeran edo datorrenaren hasieran hasi nahi dituztela lanak. Bestalde, zenbateko aurrekontua izango duen ez dago argi, ezta erakunde bakoitzak zenbat diru jarriko duen ere.
Ruizek uste du atzerapena oso nabarmena dela:?”2015ean esaten zuten 2019rako bukatuko zutela, eta orain 2023rako”. Uste du martxan jartzeko data hurbiltzen den bakoitzean atzeratu egiten dutela. “Proiektuaren bideragarritasun eza, tonaka propaganda eta erdi gezurrekin estaltzen ahalegintzen dira”.
Martinek, berriz, azaldu du gardentasun eza ikusten dutela proiektuaren inguruan: “Hain ona bada herritarrentzat zergatik ez digute informazio guztia ematen?”. Irabazi Donostiak uste du inbertsio izugarria dela eta azpimarratu du krisi garaian gaudela. “Ez dizkigute azaldu behar bezala ez proiektuaren bideragarritasun soziala, ezta ekonomikoa ere”. Ildo berean hitz egin du Amagoia Eskudero AHT Gelditu Elkarlana plataformako kideak: “Informazio eta gardentasun falta handia dago; ez dakigu zergatik den, ez dutelako esan nahi, edo beraiek ere ez dutelako informaziorik”. Donostiako geltokia horren adibide dela azaldu du Eskuderok: “Geltokia nolakoa izango den badakite, baina zenbat kostatuko den ez?»”
Eskuderok uste du gero “eskuak garbitu ahal izateko” ematen dutela orain informazio gutxi: “Orain ez baute esaten lanek zenbat kostatuko duten, gero errazagoa da prezioa puztea”.
Kostu ekonomikotik harago ere abiadura handiko trena proiektu “basati eta alferrikakoa” dela uste du Eskuderok. “Bizirauteko beharrezkoa diren hainbat behar asetzeko ditugunean, ezin da proiektu hau lehentasunezkoa izan”, azaldu du.
Urte asko daramatzate abiadura handiko trenaren aurka lanean eta Eskuderok azaldu du argi dutela ez dutela etsiko: “Ez da hain zaila AHTa gelditzea; zailagoa iruditzen zait jendea mobilizatzea”. Aurrera begira ere mobilizazioa eta aldarrikapenekin jarraituko dutela azaldu du: “Igandean, esaterako, Bergarako korapiloan zuhaitz landaketa egingo dugu”. Izan ere, kostu ekonomikoaz gain azpiegitura honek ingurumenaren gain izan dezakeen eraginaz ohartarazi du: “Horrelako azpiegitura handiekin guri jaten ematen digun lurra suntsitzen ari gara”.
Turismoan ere eragina
Euskal Herriko zein Europako hiriekin komunikazioa hobetzea da Euskal Y egitasmoaren helburua. Albisturrek uste du komunikazioa hobetzea hona izan daitekeela turimoa erakartzeko:?”Donostia, Euskal Herriko turimoaren hiriburia da, irismen ona edukitzea ezinbestekoa da”. Uste du komunikazioa hobetzea ona dela Donostiarentzat baina baita Euskal Herriarentzat eta Espainiako Estatuarentzat ere. “Beharrezkoa da Donostiarentzat abiadura handiko trena, eta egiten dutenean ongi etorria izango da”, azaldu du.
Eskuderok, aldiz, uste du turimoa erakartzeko gauzak egin aurretik hiritarrei galdetu beharko litzaiekela ea turismo gehiago nahi ote duten edo ez: “Jendeak zer nahi duen galdetu gabe inposatzen dituzte gauzak”.
Eneko Goia: “2019an Iparraldetik datozen trenak iristea litzateke helburua”
Zein onura ekarriko dizkio abiadura handiko trenak hiriari?
Gaur egun ezagutzen dugun Donostiaren garapenean, trenaren iritsierak zeresan nabarmena izan zuen. Hiriari inguruarekin lotura eman zion, garraio sistema modernoa ekarri zuelako. Abiadura haundiko trenak antzeko zerbait suposatuko du; gure hiriari garraiobide berri bat eskeiniko baitio. Gure ingurunearekin modu eraginkor batean konektatuko gaitu, eta herritarrei erosotasuna eskeinikio die. Bidai ertain eta luzeak egiteko aukera berriak irekiko ditu, egun kutsakorragoak diren ibilgailuak ordezkatuz; esaterako, autoak, autobusak edo hegazkinak.
Zergatik uste duzu dela beharrezkoa?
Gure hiriak aurrean duen erronkarik haundienetakoa pertsona eta ibilgailuen mugikortasuna da. Datozen urteotan eraldaketa sakonak biziko ditu. Helburua, argia da: hiriaren erdigunetik ibilgailuak ahal den neurrian aldentzea, eta pertsonentzat espazioak irabaztea. Donostiara iristeko zenbat eta jende gehiagok aukeratu garraiobide publikoa, berdin du, abiadura haundiko trena edo topoa, orduan eta kotxe gutxiago izango ditugu hiriaren erdian. Eta horrek egun irudikatu ere ezin ditugun pausuak eta neurriak ematen lagunduko gaitu, hiriko hainbat toki hiriarentzat, jendearentzat, irabaziz. Abiadura haundiko trenak Europarekin lotuko gaitu, zuzen zuzenean Europako tren sarearen parte izango baikara. Donostian trenera igo eta Pariseraino zuzenean joateko aukera emango digu, baita Bilbo edo Gasteiza denbora gutxian heltzeko aukera ere. Epe erdira, Madril, Sevilla eta Lisboa ere sare berdinean lotuta egongo dira.
Tabakalera eta Renfe estazioa dauden lekuan eraikiko da geltokia. Gustura lortu den adostasunarekin?
Bai. Udaletxetik argi izan dugu intermodalitatea bultzatu behar genuela. Lantzen ari garen proiektuak gure irizpideak aintzat hartu ditu: hirigunean ondo integratuta dago, Tabakalera eraikinarekin ondo uztartuz. Eta garraio gune integratu bat planteatzen du: espazio beretsuan elkartuko dira gertuko tren zerbitzua, abiadura haundikoa, autobus geltokia, ibilgailu pribatuentzat aparkalekua, bizikleta. Gustura gaude lortu den irtenbidearekin.
Aurreikusi duzue noiz hasi daitezkeen lanak?
Orain exekuzio proiektua egin behar da, ondoren onartu, eta gustatuko litzaiguke urte honen amaieran edo datorren urtearen hasieran lanei ekitea. 2019an Iparraldetik datozen trenak Donostiara iristea litzateke helburua.
Hemendik aurrera zein pauso geratzen dira emateko?
Proiektua findu egin behar dugu, soluzio tekniko asko falta dira.