Hutsetik hasi, eta denen artean erabakiko dute nola antolatu Porrontxo jaiak
Rinoplastia operazioa aurkeztu dute gaur Egian. Porrontxo jaien beherakadari konponbide bat bilatzeko prozesua da, eta helburua da guztien artean antolaketa berri bat eraikitzea. Jaiek duten gaitzaren diagnostikoa egin dute Porrontxo jaietako kideek. Euren ustez, sintomak aspaldi agertu ziren, eta okerrera doa egoera: “Kuadrillen parte hartzearen beherakada batzarretan, lanak eta txandak betetzeko komeriak, jaietako egitarau zabala osatzeko laguntzaile eta antolatzaileen falta… Orain arte gutxiegi diren bolondresen bizkar gainean zama gehiegi jarrita egin dute aurrera jaiek”.
Donostiarentzat jai eredugarriak izan dira Porrontxo jaiak, baina sudurrak berritzeko ordua iritsi dela erabaki dute. Gazteen parte hartzea, beteranoa, auzoetako saltoki eta tabernariak, auzotar berriak… Jaiak antolatzeko modua zerotik hasiko dute, eta auzotar guztiak gonbidatu dituzte prozesu honetan parte hartzera. Hiru batzar egingo dituzte Plaza Haundin: Apirilaren 1ean, maiatzaren 13an eta ekainaren 17an (10:00etatik 13:00etara). Kuadrillatan antolatuak dauden auzotarrak kuadrillen batzarretan murgildu ahal izango dira eztabaida honetan.
Operazio honek emaitza egokiak ematea espero dute, eta 2018ko jaietan abiaraziko dute prozesu honek ematen duena.