Maije Zelaia eta Enrique Noain Añarbeko Urak-en ordezkaria eta Goia, Sagueseko eraikinean. (Argazkia: I. Esnaola)
Bi hamarkada igaro dira Añarbeko Urak-ek mankomunitatea osatzen duten hamar udalerrien goi-saneamendua eta hondakin-uren arazketa bere gain hartu zuenetik. Horren berri emateko, agerraldia egin du udalak Sagueseko ponpatze estazioan. Bertan, Eneko Goia alkateak azpimarratu du Añarbeko Urak-ek egindako lana “balio handikoa” dela.
Loiolako araztegiak ia 40 milioi metro kubiko hondakin-ur tratatzen ditu urtean, Gipuzkoako biztanleen erdiari dagokiona gutxi gorabehera. Prozesuan 4.000 tona lohi sortzen dira, eta horiek ongarri bezala erabiltzen dira nekazaritzan.
Azken 20 urteetan eraiki dira Añarbeko Saneamenduaren Eskema Orokorra (1994an behin betiko onartua) osatzen duten saneamenduko eta hondakin-uren arazketarako azpiegitura gehienak. 323 milioi euro baino gehiagoko kostua izan du, hau da, Donostiako Kursaal eraikinarena 7 bat aldiz.
Bihar, hilak 22, Uraren nazioarteko egunarekin bat eginez, Loiolako hondakin-uren araztegia ezagutzeko doako bisitak egingo dituzte.