Parte hartze zabala izan du galdeketak; %49,8ak eman du iritzia. Partaidetza sailak prozesu berri bat jarriko du abian, plazaren diseinua auzotarrekin adosteko.
Partaidetza saileko ordezkariak botoak zenbatzen, udal batzarreko aretoan. (Argazkia: I. Esnaola)
Arroka kaleko aferaren bueltan, plazaren alde egin dute Amarako bizilagun gehienek –734 boto–. Aldiz, frontoia mantentzearen aldeko proposamenak babes gutxiago izan du –527 boto–. Horiek horrela, plazaren aldeko proiektua da Donostiako Udalak aurrera eramango duena. Eneko Goia alkateak eta Duñike Agirrezabalaga Partaidetza zinegotziak berretsi dute parte-hartze proiektuarekin aurrera egingo dutela.
Posta bidezko botoen zenbaketa, asteartean egin zuten udal batzarren aretoan. Alderdi guztietako ordezkariak izan ziren bertan. Gardentasuna bermatzeko asmoarekin, Partaidetza sailak botoak banan-banan kontatu eta bereizi zituen. Aukera nagusiak bi ziren: frontoia edo plaza. Ordea, boto zuria eta baliogabea ere zenbatu zituzten –3 eta 5 boto, hurrenez hurren–. 2.558 herritarrek zuten posta bidez iritzia emateko aukera, eta %49,8ek parte hartu zuten galdeketan.
Otsailaren 21ean abiatu zen Arrokako partaidetza prozesua. Hiru bilera ireki egin zituzten, bi proposamenak auzotarrei azaltzeko. Batetik, Amara Bai auzo elkarteak frontoia mantentzeko proiektua azaldu zuen. Bestetik, Hirigintza sailak, pilotalekua bota eta plaza bat jartzearen proposamenaren berri eman zuen. Informazioa banatu eta zabaltzeko moduarekin kritiko agertu zen Amara Bai elkartea. Azkenik, martxoaren 8tik 19ra bitarteko epea izan zuten bizilagunek botoa posta bidez emateko.
Esperientzia baikorra
Arrokako prozesuaren balorazio ona egin dute, oro har, udal batzarreko aretora hurbildu zirenek. Partaidetza sailarentzat «ikasteko esperientzia bat» izan dela azpimarratu du Agirrezabalagak. «Ez da prozedura erraza izan, lortu dugu kudeatzea desadostasunak». Hori dela eta, eskerrak eman dizkie parte hartu duten auzotarrei, eta bereziki, auzo elkarteari erakutsitako «errespetuarengatik».
Auzotarrek gaiarekiko izan duten interesa eta parte hartze kopurua «esanguratsua» dela adierazi du Mari Paz Casanova Amara Bai elkarteko kideak. «Emaitza ez da gure aldekoa izan, baina 527 boto lortu ditugu, eta hori oso ona da». Plazaren proposamenak irabazi arren, auzoarentzako lanean jarraituko dutela esan du Casanovak.
Hirigintza sailaren proiektua da udalak aurrera eramango duena. Ernesto Gasco sozialisten bozeramailea pozik dago emaitzarekin: «Arrakastatsua izan da parte-hartzea, eta bereziki arrakastatsua da aukera zentzudunena atera izana». Gascoren ustez, Arroka kalean plaza bat egitea «apustu integratzaileena» da, eta Amara auzoari «kalitatea» ematen dio.
Arrokako prozesuan Partaidetza sailak egindako lana, eta auzotarren konpromisoa zoriondu ditu Eneko Goia alkateak. «Prozesuak agerian utzi du, galdeketa erreminta egokia dela ikuspegi ezberdinen arteko eztabaidak naturaltasunez bideratzeko». Parte hartze kopuruari ere erreparatu dio: «Ia %50eko partaidetzak esan nahi du gaiaren inguruan eztabaida zegoela, eta jendea mugitu dela». Esperientziak aurrera begira «balio handia» duela azpimarratu du.
Frontoia mantentzearen alde agertu zen hasieratik EH Bildu alderdia, eta emaitza beste bat izan arren, ontzat jo dute auzotarren iritzia. «Hiriaren morfologiaren eraikuntzan herritarren parte hartzea funtsezkoa da», adierazi dute. Era berean, hiriaren demokratizazioaren bidean Arrokako galdeketa aurrera pauso bat dela diote. «Horrelako ariketa demokratiko gehiago egin behar dira gure hirian, eskaerak egon badaudelako».
Galdeketarekin donostiar guztiek irabazi dutela esan du Loic Alejandro Irabazi Donostiako zinegotziak. «Arrokako kontsultak erakutsi du herritarrek interesa dutela beraien iritzia emateko gai jakinen inguruan». Karlos I.aren kontsultak izan zituen kritika zorrotzen ondoren, udal gobernuak lezioa ikasi duela uste du Alejandrok. «Dena hobetu daiteke, baina auzotarrei iritzia eskatzea aurrerapausoa da». Dena dela, galdeketa bat egitera iritsi aurretik adostasuna lortzea egokiagoa dela iruditzen zaio Irabazi Donostiari.
Plazaren diseinua
Arrokako prozesua ez da bukatu, «erdibidean» dago Agirrezabalaren arabera. «Plazaren proposamena da auzotarrek erabaki dutena, eta hemendik aurrera beste prozedura bat jarriko dugu abian». Hain zuzen, plaza berriaren diseinua auzotarren artean adosteko asmoa du Partaidetza sailak. «Zaila izango da denen gustuko plaza bat egitea, baina denen iritzia entzungo dugu. Gure helburua proiektu polit bat sortzea da», azaldu du Agirrezabalagak.
Auzoan lan kolektibo eta sortzailea egingo dutela berretsi du udalak, aukeratutako proiektua aurrera eramateko. Auzotar guztiek parte hartu ahal izango dute diseinuari begira. «Plaza da hautatu duten proposamena, eta udaletik saiatuko gara dena errazten», adierazi du Goiak. Era berean, alkatea eta udala prest daude proiektuaren inguruko aukera guztiak aztertzeko. «Inguruan kirol instalazioak egotea eskatzen badute herritarrek, ikusiko dugu zein aukera dauden». Horri begira, EH Bilduk udal gobernuari eskatu dio plaza berriaren azken diseinuan ere herritarren parte-hartzea bermatzeko.
Amara Bai elkarteak hurbiletik jarraituko du prozesu berria. «Udalarekin harremanetan jarraitzeko asmoa dugu, eta auzorako ere lan egingo dugu, egokiena iruditzen zaigunaren alde eginez», esan du Casanovak. Dena dela, auzo elkarteak bilera egingo du aurrerantzean hartu beharreko jarrera definitzeko.
Epe berririk ez du zehaztu Partaidetza sailak, baina auzotarrekin eta auzo elkarteekin hitz egiteko asmoa agertu dute. Beraz, oraindik argitu gabe dago Arroka kaleko frontoia bota eta plaza egiteko prozesu berria noiz hasiko den.