«Urteak dira iruditegian ditugun porrontxo jai haiek desagertu zirela»
Arkaitz Artola eta Joxepa Bornaetxea, Porrontxo jaiak
Egiako jaietan azken urteotan nabaritu duten beherakadari konponbidea emateko prozesua abian da. Porrontxo jaiak nola antolatu nahi dituzten erabakiko dute denen artean. Donostiarentzat jai eredugarriak izan dira Porrontxo jaiak, baina sudurrak berritzeko ordua iritsi dela erabaki dute. Jaiak antolatzeko modua zerotik hasiko dute, eta bizilagun guztiak gonbidatu dituzte prozesu honetan parte hartzera. Rinoplastia operazioa aurkeztu zuten joan den asteburuan. Porrontxo jaien beherakadari konponbide bat bilatzeko prozesua da, eta helburua da guztien artean antolaketa berri bat eraikitzea. Jaiek duten gaitzaren diagnostikoa egin dute Porrontxo jaietako kideek. Euren ustez, sintomak aspaldi agertu ziren, eta okerrera doa egoera. Arkaitz Artola eta Joxepa Bornaetxea mediku eta jaizaleek eman diote prozesu honen berri Irutxuloko Hitzari. Nondik abiatu da hau guztia? Zergatik behar zen horrelako aldaketa ematea? Arkaitz Artola (A. A.): Urteetan zehar desgastatzen joan da dena, eta jaiak ahuldu egin dira. Listoia oso altu zegoen. Kristoren ilusioarekin sortu ziren jaiak, eta auzoa lepo bete ohi zen jaiak ospatzen ziren egunetan. Euskal Herrian jai ezagunak ziren, eta soilik jendeak ezagutzea ez da gauza gutxi. Non sumatu da beherakada? A. A. : Hasi zirenetik gaur arte arlo guztietan eman da beherakada. Giroan, auzokoen zein kanpokoen parte hartzean, antolakuntzan… Jaiak kuadrillaka daude banatuta, eta kuadrilla horiek erabakitzeko eskumena dute. Batzarretan erabakitzen dituzte hainbat gauza, eta horietan ere beherakada eman da. Batzar horien erabakiak kudeatzeko, jai batzordea dago, eta jai batzordean ere jende gutxiago dago. Orduan, gero eta jende gutxiago dago jaiak egiteko… A. A. : Gaur egun oso egitarau zabala egiten dugu: ehun ekitaldi baino gehiago dira, eta jende gutxik antolatzen dituzte jarduera horiek. Pisu handiegia dago txotx baten gainean. Esan dezakehu txotx hori erortzear dagoela. Jai batzordeak esan zuen ezin zuela gehiago. Lan asko da urtero egin behar dena. Urteetan eutsi diote, esan dute behin baino gehiagotan egoera larria zela, jendearen parte hartzea eskau da, baina arazo honi ez zaio behar bezala heldu, eta ez da hobekuntzarik nabaritu. Eta horrela hasi zen buruhandien matxinada deitutakoa, moskeo kanpaina gisa, auzoaren arreta bereganatzeko. Denak begira zeudenean esan dugu: egoera hau da, autodisolbatu egingo gara, pauso bat atzera emango dugu, kuadrillakide izaten jarraituko dugu. Abiatu dezagun berriz hau guztia denon artean, eta eztabaida dezagun jaien antolakuntzaren inguruan, zertan huts egin dugun jakiteko. Horrela erabakiko dugu nola antolatu nahi ditugun jaiak, denok gustura egoteko. Porrontxo jaien ereduaren inguruko eztabaida bat da, nolabait esateko? Joxepa Bornaetxea (J. B.): Berriz aztertzen ari gara jaiak. Mediku azterketa moduko bat da. Bazen garaia horrelako zerbait egiteko. Agian, bere momentuan, duela 35 urte porrontxoak sortu zirenean, asmatu egin zen jaien ereduarekin, eta horregatik lortu zuten horrelako arrakasta. Herrikoiak ziren. Ez udalak ez elizak ez zuen egitaraurik. Dena herrikoia zen. Garai hartan horrelakorik ez zegoen, eta iraila ere ez da jaietarako garaia. Ospe handikoak izan ziren, eta Arkaitzek esan duen moduan, ospe horrek zama handia dakar. Prestigio hori mantentzeak lan handia dakar, eta gaur egun auzo gehiagotan daude jaiak. Irailan bertan eta urrian ere jaiak daude Donostian. Asko zabaldu dira jaiak egiteko moduak, eta jaiak antolatzeko modua. Eta oso gertu, baditugu gehiago. Pulsoa mantentzea oso zaila izan da. Jai batzordekoek buruhandien matxinadan aitortu zuten bezala, urteak dira iruditegian geratu zaizkigun porrontxoak desagertu zirela. Orduan, agian, auzoari begiratu behar diogu berriro, eta txikitasunera joan. Hori izan daiteke diagnostiko bat. Edo agian kuadrillen formatua eraldatu behar da, edo kuadrillak indartu behar dira. Diagnosi fasean gaude, beraz, ezin dugu askoz ere gehiago aurreratu, auzotarrekin batera hausnarketa egiten ez dugun bitartean. Eta non egingo dituzue rinoplastia honen operazioak? J. B.: Apirilaren 1ean, maiatzaren 13an eta ekainaren 17an. Zubi eta jaiegunekin koinziditzen ez duten egunak dira, nahita bilatu ditugu egun hauek. Gero eta lanpetuago gaude gaur egungo gizarte berrian, eta festetan eta ondo pasatzen pentsatzeko tartea hartzea ere kosta egiten zaigu. Goizez egingo ditugu, Plaza Haundin, 10:00etatik 13:30era. Denok ezagutzen dugun toki eta leku publiko honetan elkartuko gara. Edonor etor daiteke, eta itzulpena ere egongo da. Horrez gain, kuadrillek beti antolatu dituzte jaiak, eta kuadrillekin batera ere bai, hausnarketa zertzelada batzuk ere emango dira, baina aurtengo porrontxo jaien antolaketarekin batera. Beraz, bi gaiak uztartu beharko dira kuadrillekin, asteazkenetan; historikoki asteazkenetan bildu baita kuadrillen batzarra. Lehenengoa apirilaren 6an izango da, Arranon, 20:00etan. Edonork parte har dezake prozesu honetan, ezta? J. B.: Nik uste dut badagoela beste errealitate bat, eta horren diagnosia ere egin beharko genuke. Oraindik jende asko etortzen gara kanpotik, egiatar izan garenok eta Egian jaio eta bizi izan garenok, gure jaiak ospatzera. Baina zer gertatzen da auzora etorri den jende berriarekin? Hori ere hausnartu beharko dugu.Prozesuan zehar eztabaida piztuko da, eta ideia berriak sortzea espero dugu, formula berriak asmatzeko. Horrek ez du esan nahi egiten dena gaizki dagoenik. Balorean jarri nahi dugu orain arte egin den guztia. Baina beti hobetu daiteke, eta horregatik ari gara berriz aztertzen dena. 2017a izango da, beraz, inflexio urtea izango da. A. A.: Buruhandien matxinadaren ondoren, bozkaketa bat egin genuen. Eta han erabaki behar izan genuen bi aukeren artean: egungo eredua mantentzea eta jende gehiago sartzea jai batzordean edo zerotik hasi eta dena aldatzea. Ez dugu tiritarik jarri nahi izan. Bagenuen ibuprofeno bat hartu eta aurrera jarraitzea, baina efektua pasatzean berdin jarraituko genukeen. Bigarren aukeraren alde egin genuen eta beraz, aurtengo porrontxoak eta eztabaida prozesu hau paraleloki egingo dira. Porrontxo jaiek beste 30 urte iraun dezaten eredu bat finkatuko dugu denon artean.