Aurki hasiko dira obrekin, eta bederatzi hilabetetan eraikiko dute.
Aiete eta Morlans lotuko dituen igogailuaren maketa. (Argazkia: Donostiako Udala)
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak Aiete-Morlansko igogailuen eraikuntza lanen esleipena onartu du gaur. Guztira,
1.559.361 euroko aurrekontua izango du proiektuak, eta Otegi-Gaztañaga-Urbycolan enpresak izango dira lanen arduradunak. Maiatzaren hasieran hasteko asmoa dute.
Bi zatitan banatuko dituzte obrak. Alde batetik,
Morlans ibilbidea eta Izoztegi pasealekua batuko dituen igogailua egingo dute, 1.331.529 euroko aurrekontua izango du eta bederatzi hilabeteko epea izango dute eraikitzeko.
Etzandako igogailua izango da, “Donostiako
D itxurarekin“, eta bertan 25 lagun igo ahal izango dira.
Bestetik,
Pio Baroja eta Aiete pasealekua batuko dituen igogailua egingo dute, 227.832 euroko aurrekontuarekin eta sei hilabeteko epean. Bi guneak zazpi segundotan elkartuko ditu, eta etorkizunean eraikiko duten Aieteko osasun zentroaren parean geratuko da.
Bi igogailuen konexioak 1,3 kilometroko esparruan bizi diren
3.700 donostiarrei emango die zerbitzua. Gainera, Morlansko bidegorriaren ingurunea ere hobetuko dute, eta oinezkoentzako bideak eraikiko dituzte, baita jan eta edateko guneak ere, bizikletentzako aparkalekuak eta bankuak.
Hurrengoa, Larratxo
Aiete eta Morlans arteko igogailu hauek beste auzo batzuetan egingo dituzten hasiera baino ez da. Izan ere, Eneko Goia alkateak azaldu duenez,
mugikortasun bertikalaren alde ari dira lanean: “Iruditu zitzaigun garrantzitsua zela beharrak aztertzea, eta programazio bat egitea, ingurune bakoitzeko biztanle kopurua, adina eta bestelako ezaugarriak kontuan hartuta. Hala, igogailu bat eraikitzearen hurrengo proiektua Larratxokoa izango da”. Aurten onartuko dute proiektua eta espero dute adjudikatzea. Modu horretan,
2018rako Larratxon igogailua izatea espero dute.