Urrezko Danborraren inguruko proposamena prestatu du Irabazik
Udaleko Bozeramaileen Batzordean aurkeztuko dute, zuzenketa eta irizpide berriekin
Irabazi Donostiak proposamen propioa prestatu du Urrezko Danborraren prozedura berriari begira. Bihar aurkeztuko dute Udaleko Bozeramaileen Batzordean. Amaia Martin bozeramaileak eta Loic Alejandro zinegotziak eman dituzte proposamenaren xehetasunak. Lehenik, azpimarratu dute afera horretan udalaren kudeaketa okerra izan dela, eta baikorra iruditu zaie hausnarketa aro bati hasiera ematea. Halere, ez daude ados Udal Gobernuaren prozedura proposamenarekin. Hainbat arrazoi eman dituzte desadostasuna azaltzeko: “Hiru hautagai gutxiegi dira aukera asko kanpoan utziko lituzkeelako, epaimahaia zeintzuk osatuko duten irizpideak eta hautaketa irizpideak ez daude argi, epaimahaiak udalaren interesei begira har ditzake erabakiak, eta ez zaigu ondo iruditzen polemika sortzekotan erantzule bakarra epaimahaia izatea, udalaren ardura saihestuz”. Irabazik aurkeztuko duen prozedura proposamenaren arabera, udaleko taldeek beteko lukete epaimahaiaren eginkizuna, eta Hiritar Merezimenduaren Dominak hautatzeko sistema du oinarri. Biztanle eta eragileek proposaturiko hautagaien artean, bost finalista aukeratuko lituzte Bozeramaileen Batzordeak, eta azkenik, biztanleek erabakiko lukete irabazlea.