(Argazkia: Haritzalde)
Haritzalde Naturzaleen Elkarteak Lourdes Txikira bidean dagoen berdegunean zuhaitz mozketa “basatia” egin dela salatu du ohar baten bidez: “Ekintza Ikastolaren goiko aldean baimendu gabeko mozketa bortitza egin dute. Bi hektarea baino gehiagoko eremuan zegoen baso misto zoragarria erabat moztu dute. Guztiz txikitu dute faunaren bete-betean, ugal garaian, eta gainera lurazala urratu dute izugarrizko higadura nabarmena sortuko duten pistak irekiz. Une honetan inguru zabal batetik sorturiko paisaia-inpaktua ikaragarria da, edozein ikuslek zartako handia jasotzen duelarik berdea eta lasaia zen tokian basoa ebakita eta lurra iraulita ikusteaz”.
Haritzaldek kezka handia adierazi du gertatutakoaren inguruan: “Antza denez, puntualki lubizi txikiak eta zuhaitz baten erorketa salatu dute Ekintza ikastolakoek. Gure ustez, horrek ez du inolaz ere justifikatzen eginiko basakeria are eta okerrago, eginiko lanek etorkizunean egoera okertu lezakete. Orain higadura eta lubizi arriskua handiagoa izango baita”.
Enrique Ramos Hirigintza zinegotziari azalpen publikoak emateko exijitu dio elkarteak; egindako mozketa zein txosten teknikok babesten duen jakin nahi du Haritzaldek.
Elkarteak gogora ekarri du duela urte batzuk, leku berean, Lourdes Txiki ingurua erabat itxuraldatu zuten zuhaitz erraldoi asko moztu zituztela. Ikastolaren kirol- instalazio berri batzuk eraikitzeko aitzakian moztu zirela dio, eta horiei lotutako parkina bertako errekastoaren babes eremua errespetatu ez zuena ere eratu zutela.