Auzoetxearen garaitik, Egiako gazte mugimenduan beherakada bat eman dela diote. Egoera horri buelta emateko asmoz, talde berri bat osatzen ari dira.
Egiako Gazte Asanbladako kide batzuk, Plaza Haundin. (Argazkia: Egiako Gazte Asanblada)
Hainbat arlotan lanean ari diren eragilez osatutako auzoa da Egia. Askok, ordea, ez dute azken urteotan euren proiektuak aurrera eramateko lekurik izan. Bada, behar hori asetzeko, 2014an Auzoetxea izeneko egitasmoa abiatu zuten, elkarlanean oinarritutako proiektu autogestionatuen gunea sortzeko. Gazte asanblada izan zen Auzoetxearen egitasmoa gehien landu zuen eragilea.
2014ko maiatzean, Gizarte kutxaren Onkologiko zaharra utzita eta hutsik zegoela ikusi zutenean, bertan sartu eta erabiltzen hasteko erabakia hartu zuten. Baina sartu bezain laster kanporatu zituzten, eta Auzoetxearen ideia bertan behera geratu zen.
Ordutik, Egiako gazte mugimenduan beherakada bat eman dela diote bertako gazteek, eta horregatik elkartu ziren duela hilabete batzuk: «Auzoetxearen borrokaren ostean, espazio bat lortzeko asmo horretatik aurrera, gazte mugimenduak behera egin zuela konturatu eta horri buruz hasi ginen hitz egiten. Ez zegoela mugimendurik; ez zegoela espazio orokor bat bera ere ez denok elkartu, hausnartu, eztabaidatu eta gauzak antolatzeko».
Gazte asanbladak berak apustua egin zuen Auzoetxearen proiektua eta gero, gazteak lan taldeetan banatzeko. Baina horrek, diotenez, ez du aurrera egin.
Halere, ikusi dute Euskal Herri mailan alternatiba ildoak eraikitzen ari direla. Esaterako, Barañainen (Nafarroa), Gazteraiki topaketak egin dituzte: «Horrekin ikusi genuen Euskal Herrian badaudela proiektuak auzora ekarri genitzakeenak, Egia elikatzeko ere balio zezaketenak».
Beraz, hori kontuan hartuta, pentsatu zuten bazela garaia berriro gazteak aktibatzeko, eta topaketa batzuk antolatu zituzten: «Jakin nahi genuen ea auzotarrek gure kezka berdina zuten».
Belaunaldi berriak
Hortik abiatuta egin zuten lehenengo gazte topaketa: «Hogei bat lagun elkartu ginen martxoaren 11n. Ez genuen bilatzen Auzoetxearekin buru-belarri ibili ziren horiekin batzea, jende hori dagoeneko erreta zegoelako eta belaunaldi talka sortu zitekeelako. Nahi genuena zen 20 urtetik beherako gazteak etortzea. Guk zaharragoekin harremana badugu, baina belaunaldi gazteagoekin ez, eta horien berri izan nahi genuen».
Topaketa horietara hurbildu ziren gazteak ere bat etorri ziren Egiako Gazte Asanbladako kideekin: «Esan ziguten 20 urtetik beherakoekin ia ez zegoela harremanik eta hori konpondu behar genuela». Onartu dute hainbat saiakera egin izan direla azken urteotan, baina argi zuten hausnarketa bat abian jarri behar zutela, gazte asanbladak egitura sendo bat izan zezan.
Gainera, diote azken bi urteotan Egia auzo bezala ere asko aldatu dela: «Tabakaleraren inaugurazioa dela eta, gero eta erdialderago dago Egia, eta horrek guztiak auzoaren identitatea galarazten du. Hor ere badago analisi bat, eta argi dago gazte mugimenduan ere eragina izan duela».
Egitura sendo bat osatzeko lanean ari da Egiako Gazte Asanblada. Horren lekuko dira gutxinaka-gutxinaka prestatzen ari diren jarduerak. Esate baterako, gaur, ostirala, presoen aldeko gazte afaria antolatu dute. Zehazki, kalera atera berri den Karlos Trenor Egiako presoarekin afalduko dute, 21:30ean, Arrano elkartean.
Bihar, berriz, Langile borrokaz herri boterea eraiki! lelopean, langile mugimenduari eta Maiatzaren Lehenari buruzko tailer bat prestatu dute. 11:00etan izango da, Txoko Internazionalistan.
Baina ez hori bakarrik, beste proiektu batzuk ere badituzte buruan, eta gogotsu daude aurrera eramateko; tartean, asmoa dute hilabete internazionalista egiteko eta Porrontxoen bueltan zerbait berezia antolatzeko. Azken horretarako, aurreikusi dute beste gazte topaketa batzuk egitea uda baino lehen.
Jarduera horien guztien bidez, uste dute jendea erakartzeko aukera izango dutela eta berriro aktibatzen ari diren gazte mugimendua ikusarazteko balioko duela.
Horregatik, dei egiten diete Egiako gazte guztiei, sortzea lortu duten taldean parte hartzeko. «Astero biltzen gara, eta oinarri bat badago; falta dena da jende gehiago animatzea, bereziki, belaunaldi gazteagoak», nabarmendu dute gazte asanbladakoek.
Egiako Gazte Asanbladarekin harremanetan jarri edo parte hartzeko hiru aukera daude:
egiakogazteak@gmail.com posta elektronikoa, Facebook orrialdea (Egiako Gazteak) edo Twitter kontua (@Egiakogazteak).