San?Bartolome Muinoa sozietatearen proiektua.
San Bartolome Hiri Antolamendurako Plan Bereziari erreforma zehatzak egitea adostu du udalbatzak, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin. Ordea, EH Bilduren eta Irabazi Donostiaren udal taldeak kritiko agertu dira proposamenaren zati batekin. Hain zuzen,
a.30.8 Bizitegi Partzela erreforma plana «polemikoa» dela adierazi du Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak: «Erabakiak San Bartolome gaineko talaia mugatzen du, eta sozietatearen interesa atikoak garesti saltzea da». Udal gobernuari egotzi dio erabakiarekin interes pribatuen alde egitea.
Espazio publikoa kendu eta mugatzen dela gaineratu du Loic Alejandro Irabaziko zinegotziak. «Zailtasun teknikoak hartu dira argudio bezala terraza publikoa mugatzeko, eta begiralekua oztopatzeko. Atikoen salmentei begira egindako erreforma da». Espazio publikoa mantendu eta sustatu behar dela adierazi du Alejandrok.
San Bartolome Muinoa sozietate publikoa ere badela azpimarratu du Enrique Ramos Hirigintza zinegotzia, eta egindako bi kritikekin ezadostasuna agertu du. «Udalak %37,5eko partaidetza du sozietatean, eta estatuak %10. Hortaz, ezin da esan interes pribatua duenik». Horrekin batera, azaldu du erreformarekin ez dela terraza kentzen, eta atalaia ez duela oztopatzen. EH Bilduk aurkezturiko zuzenketak ez babesteko bi arrazoi eman ditu Ramosek. «Zuen emendakinak onartzeak atzerapena ekarriko luke San Bartolomeko obretan, eta jaso ditugun txosten juridikoak positiboak dira».
Galdetzeko konpromisoa
Zezenketen kontsulta 2017a bukatu baino lehen egiteko konpromisoa hartu du udalbatzak. EH Bilduk aurkezturiko kontrol mozioa babestu dute Irabazi Donostiaren eta EAJren udal taldeek. PSE-EEk eta PPk kontrako botoa eman dute. Nolanahi ere, Eneko Goia alkateak jeltzaleen izenean eskatu du mozioa puntuz puntu bozkatzea. Horrela, lehen puntuaren alde eginez EAJk onartu du urtea bukatu baino lehen egitea galdeketa.
Amaia Almirall EH Bilduko bozeramaileak esan du kontsulta egiteko bide guztiak jorratzea beharrezkoa dela: «Ezin gara zain egon Madrildik zer esaten diguten, ezin ditugu arrautza guztiak saski berean jarri». Udalbatzaren gehiengo zabala eredu berri bat adostearen alde dagoela azpimarratu du Almirallek: «Arroka eredua, Zestoakoa edo edozein dela, bide bat aktibatu behar dugu kontsulta egiteko».
Irabazi Donostiak proposamena babestearekin batera, «berehala lanean» jartzeko unea dela adierazi du. Amaia Martin bozeramailearen arabera, eredu egokiena «landu eta adosteko» garaia da. «Alkateari eskatzen diogu gaiari garrantzia eman eta mugitzeko», esan du Martinek.
Goiak ez du begi onez ikusi Irabaziren kritika, eta sinadurak jaso ziren egunetik udala lanean ari dela azpimarratu du. Proposamenari dagokionez, urtea bukatu aurrez kontsulta egiteko konpromisoaren alde egin du. «Dena dela, zaila izango da urtea bukatu baino lehen egin ahal izatea», adierazi du Goiak. Sozialistek, aldiz, kontra bozkatu dute Duñike Agirrezabalaga zinegotziaren ustez «proposamen anbiguoa» delako. PPren udal taldea ere kontra agertu da.
Espainiako Ministroen Kontseiluak zezenketen galdeketaren inguruan harturiko erabakiari helegitea jartzea adostu dute. Udal gobernuaren proposamena aurrera atera da EH Bildu eta Irabazi Donostiaren aldeko botoekin. PSE-EE abstenitu egin da eta PPk kontrako botoa eman du.
Popularren udal taldea oso kritiko agertu da. «Alkate jauna denen aurrean ondo geratzea ezinezkoa da. Zuk erabaki bat hartu dezakezu zezenketak ez egiteko hirian. Begira, Marbellako alkateak erabaki du zezenketak ez direla egingo. Busti da, baina zuk ez duzu busti nahi», adierazi du Miren Albisturrek.
Eneko Goiak Mariano Rajoy Espainiako presidentearen argudiaketa erabiltzea egotzi dio Albisturri. «Alkate honi inporta zaio hiritarren iritzia jakitea. Zein da bekatua? Argi dago demokraziaren kontzeptu ezberdina dugula». Horrekin batera, helegitea aurkezteko bi arrazoi azaldu ditu. «Bide guztiak jorratu behar direla uste dugu, eta hau bat da. Bestalde, udal autonomiaren defentsa dago oinarrian. Ezin galdetu ahal izatea, autonomiari eraso bat da». Sozialistek, abstentzioaren alde egin dute helegiteak juridikoki ibilbiderik ez duela argudiatuta.
Kexa eta iradokizunak
2016an Herritarren postontzian jasotako komunikazioen berri eman dute udalbatzarrean, eta azpimarratu dutenez nabarmen egin dute gora kexa, iradokizun eta kontsultek. Igoera horrek interpretazio desberdina izan du udal taldeen partetik EH Bilduk.
Aurkezturiko datuak «esanguratsuak» direla azpimarratu du Naiara Sampedro EH Bilduko zinegotziak: «Paradoxa dirudien arren, kexa kopurua bikoiztu egin da azken urteetan. Hain zuzen ere, kexa kopuruak marka berria hautsi du. 2016ean 4252 kexa jaso ditu udalak». Horrek herritarren desadostasuna erakusten duela gaineratu du.
Juan Ramon Viles EAJko zinegotziak Sanpedroren kritikari erantzun dio. «Faltsua da datuak nahastea. Kexa gehiago jaso direla esatea egia da, baina komunikazioak %30 egin dute gora azken urtean». Kexen alde negatiboa baino, positiboa azpimarratu du Vilesek. «Kexa hobetzeko aukera bezala ulertzen dut».