Donostiako egunerokoaren parte da Urumea ibaia. Hainbat auzo zeharkatzen ditu errioak, eta, horrela, alde batetik bestera igarotzeko donostiarrek pasabideak eraiki dituzte, 600 urteko historian barrena.

Santa Katalina egurrezko zubia. (Argazkia: Martin Ricardo / Fototeka)
Urumea ibaiak harreman estua du Donostiarekin. Auzo asko bitan banatzen ditu errioak, eta bere baitan zubi asko eraiki dituzte donostiarrek, alde batetik bestera igarotzeko. Santa Katalina da hiriko zubirik zaharrena, XIV. mendekoa, eta Martutenekoak dira zubi berrienak. Martutene pasealekutik Pasealeku Berriraino joango da irakurlea datozen lerroetan barrena, pixka bat gehiago ikasiz bidean gurutzatutako zubi batzuen inguruan.
Martutenek lehen ere bazituen zubiak, baina ibaia zabaltzeko lanen barruan, berriak eraiki dituzte, 2016an. Bata auzoaren sarreran dago, Txominetik iritsita, eta bere lekuan zegoena baino askoz zabalagoa eta garaiagoa da. Bestea oinezkoentzako pasabidea da;?Pilar auzunean dago eta duela aste gutxi kilometro bateko pasealekua du lagun.
Horrela, hainbeste txikizio sortu dituzten uholdeei beldurra galdu eta Urumea auzotarrengana hurbiltzea du helburu.
Txominetik aurrera joanda, Loiolako Urdintzuko zubia ageri da. Militarren zubia deitzen diote Loiolako bizilagun askok, kuartelerako bidea irekitzen baitu, halere, zubi zibila da izatez. Militarrek, ez dute gustuko zubiaren izena, eta Puente de Alfonso XIII dioten plakak jarri dizkiote. Hain zuzen, 1926. urtean inauguratu zuen zubia Alfontso XIII.a erregeak, bere ama Maria Kristinarekin eta Primo Rivera diktadorearekin. Urki igarota, Sarasola zubia dator, 1815ean dokumentatua ageri dena. Espaloi estua du oso, eta berritzearen beharra aipatu da maiz.

Martutene pasealekuko zubi berria. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Zerikusi gutxi du Sarasola zubiak Mikel Laboaren oinezko pasealekuarekin, Loiolako Erribera eta Egiako parkea lotzen dituena, 2009tik. Jende ugarik erabiltzen du egunerokoan, hiriaren erdialdera edo Egiara joateko.
Hortik gertu, Realaren zubia dago, 2008koa, garai bateko burdinezko zubiaren lekua hartuz. Oraindik berriagoa da, 2010ekoa, Agirre Lehendakaria zubia, Amara Plaza hotelaren parean dagoena. Ez du oinarririk Urumean, eta baldosak dira bere bereizgarri nagusia. Zortzi koloreko 45.000 baldosa ditu, Manu Muniategiandikoetxea diseinatzaileak hala erabakita. Diseinu modernoa du, eta bere bi arkuek hiru metro inguruko altuera dute. Gertu dauka Mundaizko zubia, 1999koa. Jose Antonio Fernandez Ordoñezek diseinatua da, eta ibaian oinarririk izan gabe egin zuten lehenengoa da.
Segituan dator hiriko zubi zaharrenetakoa izateaz gain, ederrenetakoa ere badena: Maria Kristina. Behin behineko pasealekua 1893an eraiki zuten, egurrezkoa zen, eta Erdialdea eta Norteko geltokia lotzeko balio zuen, egun bezalaxe. Behin betiko zubia 1905eko urtarrilaren 20an zabaldu zuten. Obeliskoak dira bere ikurrak, lau dira, eta bakoitzak 18 metroko altuera du. Parisko Alejandro III zubian inspiratuak daude obelisko horiek.
Aurrerago, Santa Katalina zubiak lotzen ditu Gros eta Erdialdea. XIV. mendean du jatorria, hiriko zaharrena da, eta bertan zegoen eliza bati zor dio izena. Urte askoan egurrezkoa izan zen, eta gerra garaietan eraitsi egiten zuten. Zabaldu egiten zela dio
Revista Vascongada aldizkariko artikulu batek: «Zubi hura egurrezkoa zen eta erditik zabaltzen zen, ontziek ibaian gora eta itsasora igaro zitezen». Azkenean, 1872ko ekainaren 23an, harrizko zubia inauguratu zuten, 1659tik zetorren ideia berreskuratuz. Obrak 1970ean hasi zituzten, Antonio Kortazarrek marraztutako zubia errealitate bihurtzeko. Guztira, 450.000 pezetatako kostua izan zuen. Zubiaren farolak, berriz, 1926koak dira, Juan Aldaik diseinatutakoak.
Zurriola zubia Urumearen ahotik gertuen dagoena da, itsasorako bidea irekitzen duena. Gran Kursaal eraikinaren ondoan egin zuten, 1921ean, eta Victor Aranak diseinatutako farola deigarriek argitzen dute. Horrela bada, iritsi da ibiltaria Pasealeku Berrira, eta itsasoaz gozatzeko parada du.