Aire zabaleko hezkuntza ereduaren irizpideetan oinarritutako proiektu batean murgilduta daude Ulian. Izan ere, 3 eta 6 urte bitarteko haurrei zuzendutako alternatiba bat eskaintzen ari dira. 2017/2018 ikasturterako izena emateko epea zabalik dago.
Lide Ferreira
Haur batzuk, jolas libre garaian, Uliako basotik barrena. (Argazkia: Lide Ferreira)
Hiriko zurrunbilotik irten eta Uliako basoaren lasaitasunean sartzen dira astean bitan bederatzi haur. «Gure ibilbidea harrerarekin hasi eta agurrarekin amaitzen dugu. Horren lekuko da Xarma, basoko zuhaitzetako bat. Etortzen garen guztietan, musukatu, besarkatu, egun onak eman eta agurtu egiten dugu. Haurrek afektiboki lotura berezia sortu dute zuhaitzarekin», azaldu du Kati Illarramendik, Bihotz Inguru baso eskola proiektuko sustatzaileetako batek.
Bihotz Inguru duela lau urte jaio zen irabazi asmorik gabeko elkarte bat da. Donostian aire zabaleko hezkuntza ereduaren irizpideetan oinarritutako proiektua aurrera eraman eta aniztasun pedagogikoa sustatzeko asmoz hasi ziren lanean. Iaz, Ulia basoko Interpretazio Zentroko beheko solairuaren lagapen hitzarmena sinatu zuten, Donostiako Udalaren onespena jaso ostean eta Cristina Enea fundazioaren kolaborazioari esker. Hala, aukera izan zuten Baso Jolasgunea izeneko proiektua ikasturtean zehar abian jartzeko,
Astelehenetik ostiralera
Baso jolasgunea Haur Hezkuntzako bigarren zikloko haurrei –3 eta 6 urte bitartekoei– zuzendutako hezkuntz espazio bat da. Aurtengo proposamenean, astean bi egunetan joaten dira basora taldea osatzen dute bederatzi haurrek. Baina, hurrengo ikasturteari begira, astelehenetik ostiralerako hezkuntza proposamen normalizatua eskainiko dute.
Ibilbidea 9:30ak inguruan hasten dute haurrek, eta 13:30ak aldera amaitzen dute. Bidean, besteak beste, hamaiketakoa jan, jolas librean aritu eta ipuina irakurtzeko tartea izaten dute. «Pedagogia honen muina da aire zabalean gaudela; horregatik, eguneroko eguraldiari egokitzen gara. Oso garrantzitsua da haurrek arropa egokia janztea, baina basoak ere bere mikroklima du, eta euria egiten duenean, babeslekuetara edo Interpretazio Zentroko lokalera joaten gara. Gainera, ordutegia diseinatua dugu haurrak hotza eta hezetasunetik babesteko, eta goxo eta lehor daudela ziurtatzeko», zehaztu du Illarramendik.
Lan taldeko kideek hezkuntza eta pedagogia arloko profesionalak dira. Halere, guraso bat biologoa da eta eurekin egiten du ibilbidea: «Pila bat ikasten ari gara berarekin, eta haurrentzako ere oso aberasgarria da. Izan ere, inguru pedagogikorik egokiena da natura haurraren garapen pertsonalerako. Gainera, haurra biologikoki eta genetikoki prestatua dago hazkuntzarako; beraz, umearentzako ezinbestekoa da autonomikoki ikastea, ikaskuntza horrek benetako arrastoa utziko diolako. Barne bulkada batetik sortutakoa izan behar du; hori da gure premisa».
Haur batzuk, jolas libre garaian, Uliako basotik barrena. (Argazkia: Lide Ferreira)
Horrekin lotuta, gizakia eta haurra ikuspegi integral batetik ulertuta, aire zabaleko hezkuntza proiektu honek hiru ardatz pedagogiko ditu: konfiantza; maitasuna, errespetua eta onespena; eta ikuspegi sistemikoa.
«Hasteko, oso garrantzitsua da haurraren autokonfiantza indartzea; bere erabakiak hartzen uztea, jakin-mina garatzen uztea eta bere espontaneotasuna errespetatzea. Konfiantzaren pedagogian autonomikoki hazten da haurra», azaldu du Illaramendik.
Bigarrenik, haurrak entzun eta zaindu behar direla dio proiektuko sustatzaileak: «Sentitu behar dute parte direla, lekua dutela eta garrantzitsuak direla. Afektiboki asetuak ez badaude, bere interes eta arreta guztiak hori lortzera bideratzen dituzte; eta, horrela, haurraren jakin-mina eta berezkotasuna erabat baldintzatzen da». Bada, euren proiektua erabat afektiboa da: «Espazio bat eskaintzen diegu, eta haurrak aukeratu dezake zer egin eta nola. Aurkitzen da bere buruarekin eta orduan azaleratzen dira benetako beharrak. Azken finean, laguntzen diegu bizitzen ikasten, azaleratzen diren gauza horiei aurre egiten».
Hirugarren ardatzak harreman zuzena du bigarrenarekin. Izan ere, haurra ez da bakardadean hazten: «Betiere sistema sozial desberdinetan dago txertatua. Horregatik, sentitu behar du talde barruan bere lekua duela eta garrantzitsua dela. Hala, haurrak bere nortasuna eta izaera talde horri lotua garatzen du».
Gure helburua da aukera ematea umeei bizipenen bidez ikasteko”.
Aldarrikatzen dugu gureak bezalako pedagogiak onartuak izatea, normalizatzea”.
Proiektuaren xedea da hezkuntza aukera normalizatu bat izatea, «ipar Europan den bezala». «Iruditzen zaigu haurren beharrak asetzeko haurra nolakoa den ulertu behar dela, eta hori ez da bateragarria curriculumarekin. Hori dela eta, aldarrikatzen dugu gurea bezalako pedagogiak ere onartuak izatea hezkuntza sisteman, beste herrialde batzuetan normalizatuak dauden bezala».
Baso eskola garatu eta zabaltzeko, ordea, laguntza behar dute: «Orain arte, musutruk aritu gara lanean, baina, hemendik aurrera, gutxieneko duintasun ekonomiko bat lortzeko, kolaboratzaileak eta babesleak behar ditugu. Ardura eta konpromiso bat da, eta haur bakoitzak bere jarraipena behar du izan. Laguntzarekin, proiektuan indarrak jartzeko gutxieneko pertsona batzuk egongo dira lanean».
Interesa dutenek aukera daukate informazio zabalagoa elkartearen webgunean (Bihotzinguru.com) irakurtzeko. 2017/2018 ikasturterako izena emateko epea zabalik dago (bihotzinguru@gmail.com posta elektronikora mezu bat bidalita) eta maiatza amaieran bukatuko da.
Illarramendiren esanetan, baso eskolak gizarteak duen behar bati erantzuten dio, eta benetako zainketa eta hezkuntza eskaintzen dute: «Gure helburua da haurrek bizitzen ikastea, aukera ematea umeei bizipenen bidez ikasteko. Gainera, naturaz inguraturik haziko dira, euren burua ezagutuko dute eta besteekin harremanak izateko aukera izango dute. Horrela ziurtatzen da haurren benetako hazkuntza».