"Uliako paisaian geratu da bere aztarna"
Ander Izagirre, kazetaria eta ‘Cuidadores de mundos’ liburuaren egilea
2007an ezagutu zuen Josetxo Mayor, Uliari buruzko erreportaje bat idatzi behar zuela eta. ‘Cuidadores de mundos’ liburuan atal berezi bat eskaini zion, bere lana gertutik ezagutu eta kontatzeko.
Noiz eta nola ezagutu zenuen Josetxo Mayor?
2007. urtean. Erreportaje bat egin behar nuen Uliari buruz, eta Uliako istorioak kontatuko zizkidan norbait bilatzen hasi nintzen. Ez dut zehazki oroitzen nola, baina bere berri izan nuen. Ni asko ibiltzen nintzen Ulian eta banekien hango bideak zaintzen zituen gizon bat zegoela.
Kontaktua lortu nuen eta berarengana joan nintzen goiz batean. ‘Goizeko zazpi eta erdietan gutxi gora behera zona honetan egongo naiz’, esan zidan. Uliako bide batean topatu nuen goizeko zortzietan, sasiak mozten ari zela.
Josetxoren zein ezaugarri nabarmenduko zenuke?
Oso zehatza zen bere lanean eta mimoarekin handiarekin zaintzen zuen Ulia. Eta eremu guztia nola ezagutzen zuen izugarria zen. ‘Hemen harri hauek ondo jarri nituen beste egunean, eta norbaitek mugitu egin ditu’, esan zidan bidean gindoazela, eta eta haserretu egin zen. Orduan ohartu nintzen Ulian norbaitek harri bat mugitzen bazuen Josetxo konturatu egiten zela. Zuhaitz bakoitza ezagutzen zuen. Harri bakoitzaren biografia kontatu zezakeen, eta arreta eman zidan.
Oso atsegina zen, eta goiza paseatzen eman genuen. Norbaitek eskerrak ematen zizkionean bideak zaintzeagatik, berak esaten zuen ezetz, berak eman behar zizkiela eskerrak ibiltariei, bideak hor zeudelako ibiltariei esker. Bitxia da. Bideak egin eta zaindu dituen pertsonak eskerrak ematen dizkie erabiltzaileei. Gainera, benetan uste dut bihotzez esaten zuela. Bera poztu egiten zen jendea bideetan ibiltzen ikusten zuenean. Maitasuna zion mendiari, oso ona den pertsona baten kasua iruditzen zait.
Ezer kobratu gabe, bere eskuekin eta bere kabuz egin zuen lan guztia. Nola uler daiteke Josetxo bezalako pertsonaia bat? Zergatik egiten zuen?
Nik bere biografiarengatik ulertu nuen dena. Berak esaten zuen Zemoria kalean jaiotakoa zela, Ulia azpian. Ulia bere jolastokia izan zela umetan. Gaztetan ere ibiltzen zirela sagardo botila hartuta eta neskekin lehen muxuak ematen. Berarentzat zen haurtzaroko eta gaztaroko paisaia. Gero ikusi zuenean galduta zegoela eta bide asko zeudela sasiek janda, ba pena handia eman zion. Esaldi batean esan zidan: ‘Negar batean hasteko pena sentitu nuen’. Berak erabaki zuen Ulia zaindu behar zuela. Eta azkenean uste dut gakoa hori dela, berak zaindu nahi zuen bere haurtzaroko eta gaztaroko lurralde ia magiko bat. Nik galdetzen nion, ‘eta ez duzu Igeldo edo Adarrara joan nahi bideak zaintzera?’ Baina horiek ez ziren bere lurrak. Bere eremua Ulia zen.
Argitaratu nuen liburuaren izenburua, Cuidadores de mundos [mundu zaintzaileak], batez ere Josetxok inspiratuta idatzi nuen. Liburuko protagonista bakoitzak mundu bat zuen eta zaintzen zuen. Josetxoren mundua Ulia zen eta zaintzen zuen berarentzat eta handik ibiltzen garen guztiontzat.
Naturarekin harreman berezia zuela diote.
Asko estimatzen zuen natura. Ez zen izango biologo edo ekologista militante bat, baina berak bezala inork gutxik ezagutzen zuen paisaia bat. Halere, ez zen bakarrik naturagatik. Bazegoen osagai humano bat. Iturriekin, adibidez, begira nola jokatu zuen: bat edo beste garbitu zuen, baina bazegoen baten bat bere horretan utzi zuena. Jende gehiegi joango zelako beldurra ere bazuen. Kontzientzia bat ere bazuen orekaren inguruan. Jendea mendira erakarri nahi zuen, baina neurrian. Oso modu intuitiboan eta oso ondo egiten zuen.
Zure ustez, Donostiako pertsonaia ezagunen historiaren parte al da?
Zorionez, baietz uste dut. Askotan gertatzen da ahaztuta geratzen direla horrelako pertsonaiak. Baina Josetxok izan ditu urteetan omenaldiak. Asko gustatzen zitzaizkion ibiltarien omenaldi xumeak. Uliako galtzada zahar bat berak deskubritu zuen, eta plaka bat agertu zen bere izenarekin. Hasieran berak ez zekien nork jarri zuen, gero ezagutu zuen.
Kasu hau poztekoa dela uste dut. Jendeak jaso du bere memoria eta jende asko oroitzen gara Ulian gabiltzanean, ba Josetxoren lana hor dagoela. Donostiako jendeak ondo egin du hori jasotzen eta estimatzen. Gainera Josetxoren ondarea oso modu materialean ikus daiteke. Josetxoren memoria ez da gauza inmaterial bat, kasu honetan paisaian geratu da bere aztarna, eta uste dut polita dela: oso ondo integratutako aztarna bat da.