2013ko apirilean abiarazi zuten Aske Gunea Bulebarrean. Bertan atxilotu zituzten, besteak beste, Adur Fernandez, Aitor Olaizola eta Oier Lorente. Hiruak aske geratu dira azken asteetan.
Aitor Olaizola, Oier Lorente eta Adur Fernandez. (Argazkia: Malen Aldalur)
Lau urte pasa dira Donostiako Aske Gunetik. Hamar egunez ehunka lagun bildu ziren Bulebarrean kartzela zigorra zeukaten Donostiako bederatzi auzipetuei babesa adierazteko: Imanol Vicente, Egoi Alberdi, Mikel Arretxe, Nahikari Otaegi, Ekaitz Ezkerra, Oier Lorente, Adur Fernandez, Aitor Olaizola eta Ekaitz Ibero. Hamabost ziren Segiko kide izateagatik auziperatuak, baina gainerakoak absolbitu egin zituzten; baita Ekaitz Ibero ere, nahiz eta ustezko kale borroka delituengatik kartzelaratzeko agindua zuen.
Espainiako Auzitegi Gorenak epaia kaleratu ondoren jarri zuten elkartasun gunea, eta apirilaren 19ra arte iraun zuen, zigortutako gazteak preso eraman zituzten arte.
Aske Gunea sortu eta hurrengo egunean atxilotu zuten Ibero, eta 2016ko urtarrilean geratu zen aske. Azken asteetan Aske Gunean atxilotutako beste hiru lagun geratu dira aske: Aitor Olaizola (Parte Zaharra, 1983) Adur Fernandez (Altza, 1985) eta Oier Lorente (Parte Zaharra, 1982). Bulebarrean bildu ditugu orain dela lau urte bizitakoa gogoratzeko asmoz. Sei urteko kartzela zigorra ezarri zieten eta launa urteko zigorra beteta atera dira kartzelatik; oraindik egunerokora pixkana ohitzen ari dira: “Kartzelako monotoniara ohituta gaude, eta orain denbora gutxian gauza gehiegi egiteko aukera dugu”, azaldu dute.
2013ko apirilean egin zuten Aske Gunea Bulebarrean, nahiz eta desobedientzia dinamika prestatzen aurretik hasiak zeuden: “Kartzelaratze prebentibotik ateratzen azkenak izan ginen gu hiruok; gainontzekoak dagoeneko kalean zeuden eta hasiak ziren zerbait prestatzen”, azaldu du Fernandezek. Egoera ere aldatu zela uste dute: “Ezker Abertzalearen estrategia aldaketak ere baldintzatu zuen desobedientzia dinamika bat abiaraztea”. Olaizolak azaldu du eragile eta alderdi politiko ugarirekin bildu zirela euren egoera zein zen azaldu eta mobilizazio moduak aztertzeko. “Jauzi bat egin nahi genuen elkartasunetik konpromisora”, azaldu du Olaizolak. Hala ere, Aske Gunea ez zen zerotik asmatutako zerbait izan. “Aurrekari batzuk bagenituen; epaiketa politikoen ondorengo espetxeratzeekin planteamendu ugari egiten ari ziren Euskal Herriko hainbat lekutan”, esplikatu du Lorentek. Horien artean, Aurore Martinen kasua nabarmendu dute: “Aurore Martinek, esaterako, kolektibotik beharrean indibidualetik hitz egiten zuen. Bere egoera kontatzen zuen bizitza normala zuen neska gazte baten azaletik; nitasunetik hitz egiten zuen ez gutasunetik”, esan du Fernandezek. Beraiek ere antzeko estrategia erabili zuten, nahiz eta «protagonismo gehiegi» hartzeak beti kezkatu izan dituen. “Nik zalantza asko nituen, ez nintzen gustura sentitzen. Ez zitzaidan zilegi iruditzen ehunka lagun kartzelan egon eta nik protagonismo gehiago edukitzea”, gaineratu du Fernandezek.
Euskal Herritik kanpo erabilitzako hainbat estrategia ere gogoan izan zituztela azaldu dute: “Nahiko garai mugitua zen eta desobedientzia dinamika ugari ikusten ziren inguruan. Espainiako Estatuan askotan ikusi izan dugu nola etxegabetzeen aurrean hainbat lagun biltzen diren etxe atarian etxegabetzea ekiditeko; eta M15 mugimendua ere hor zebilen hiriburuetako plazak hartu nahian”. Olaizolak azaldu du
herri harresien ideia sortzeko orduan hainbat faktorek eragin zutela. Hala ere, helburu argia zuten: “Orain arte elkartasun bezala ulertu dugun horretatik konpromisora jauzi egin nahi genuen”. Azaldu dute Ezker Abertzaleko militante bezala ekarpena egin nahi ziotela prozesu berriari: “
Herri harresiak desobedientziarekin jolasteko bide bat eskaini zuten”. Horrela hasi zen pixkanaka
herri harresien eta Aske Guneen filosofia indarra hartzen. “Alderdi eta eragileekin elkartu eta Aske Gunea izango zena josten hasi ginen. Hala ere, lortu genuena espero baino askoz handiagoa izan zen”, adierazi du Fernandezek.
Hamar egun
Hamar egunez ehunka lagun batu ziren auzipetuei babesa adierazteko asmoz; tentsioa, urduritasuna, nekea eta ilusioa azpimarratzen dituzte Fernandezek, Olaizolak eta Lorentek. Uste dute Aske Gunea nolabaiteko berpizte bat izan zela: “Fustrazio orokortu bat zegoen; hiru urte pasatu ziren ETAk armak utzi zituenetik, oraindik espetxeak beteta zeuden, eta, gainera, atxiloketekin jarraitzen zuten”. Uste dute
herri harresiek ilusioa piztu zutela, “ikusi genuen atxiloketak eten ezin bagenituen ere, agintariak estutzeko aukera genuela”.
Ekaitz Iberoren atxiloketak ere zerikusia izan zuela uste dute. Aske Gunea abiatu eta hurrengo egunean atxilotu zuten Ibero: “Atxiloketaren irudiak asko zabaldu ziren, herritarren elkartasuna eta poliziaren bortizkeria ageri ziren bertan”, azaldu du Fernandezek.
Harrituta eta eskertuta daude oraindik jendeak eduki zuen erantzunarekin. “Euskal Herriko hainbat mobilizaziotan hartu dugu parte eta inoiz ez dugu horrelako konpromiso mailarik ikusi”. Bakoitzak ahal zuen neurrian laguntzen zuela azaldu dute: “Gaua pasatzen, janaria eta tapakiak ekartzen, komunikazioan”. Uste dute beraiek ez zirela ohartu han gertatutako erdiaz ere. “Gu oso urduri geunden eta ez geunden erabakiak hartzeko moduan.Gogoan dut jendeak esaten zigula nazioarteko komunikabideetan eman zutela gure egoeraren berri, edo tabernariak janaria ekartzera hurbiltzen zirela, baina gerora ohartu gara gauza askorekin”, azaldu du Olaizolak. Bat dator Fernandez, “kuriosoa da nekeak eragiten duena, oso nekatua nengoen fisikoki eta psikologikoki; baina, hala ere, inguruan jendea indarrez beteta entzuten nuen ordenagailuak eskatzen, kontzertuak antolatzen eta bakoitzak ahal zuen neurrian laguntzen”.
Elkartasun uholdea
Aske Gunearen lehen egunetan zutabeak egin zituzten auzipetuei etxera laguntzeko: “Guk auzipetu bakoitzarekin 10-15 pertsona joatea aurreikusten genuen, eta egun batzuetan 100 lagunek babestuta egin genuen etxerako bidea”. Abokatuek atxiloketak gertu zeudela ohartaraztean Aske Gunea 24 orduko dinamika bat izatera igaro zen.
Elkartasun guneak adin guztietako jendea biltzeaz gain, ideologia ugari ere elkartu zituela uste dute. “Ekidin ezina zen jendeari gure egoera alderdi humanotik kontatzea, izan ere, bakoitzak bere auzoan egin genuen lanketa; horrela ideologia askotariko jendearengana iristea lortu genuen. Auzia ez zen soilik politikoa”, azaldu du Fernandezek. Ados dago Olaizola: “Auzipetuetako baten PPko ezagun bat hurbildu zen Aske Gunera;?kiroletik ezagutzen zuten elkar, eta esan zion ideologikoki bat ez bazetorren ere, bere alde zegoela”.
Herri harresian transmititzea lortu zen irudiak ere horretan zerikusi handia izan zuela uste dute: “Telebistan ari ziren esaten terrorista batzuk atxilotzen ari zirela; baina irudiek ez zuten hori esaten, izan ere, milaka lagun ari ziren auzipetuoi babesa adierazten”. Horrek kontraesanak sortzen dituela uste dute. “EAJak ere esaten zuen atxiloketen aurka zegoela baina gero prest zegoen lege injustu bat bete eta Ertzaintza gure bila bidaltzeko”, azaldu Olaizolak. EAJ ataka larri batean jartzea lortu zutela uste dute.
“Bat baino gehiago estutzea” lortu zutela uste duten arren,
herri harresien gakoa parte hartze aktiboan dagoelakoan daude: “Bakoitzak bere hondar aletxoa jartzen zuen, ahal zuen horretan laguntzen zuen. Aske Gunean frogatu zen borroka bat aurrera eramateko txingurri lana ezinbestekoa dela”.
Sentimenduen eztanda
Bazekiten atxilotu egingo zituztela, baina indarrez beteta sartu ziren kartzelara. “Ez genekien noiz arte iraungo genuen Bulebarrean, bagenekien bila etorriko zirela, eta espero genuen operazio handia prestatuko zutela”, azaldu du Olaizolak. Eta hala izan zen. 30 furgonetatan 300 ertzain inguru gerturatu ziren apirilaren 19an goizeko seiak aldera Bulebarrrera. Bazekiten espetxera joango zirela, baina ez zieten erraz eramaten utzi nahi: “Bagenekien eramango gintuztela baina ez geunden prest gure senide eta lagun gertukoak nola jipoitzen zituzten ikusteko”. Tentsio une handiak pasa zituzten
herri harresiaren barruan, nahiz eta azaldu duten Ertzaintzak ondoren egin zituzten harresietan baino lasaiago jokatu zuela. “Iñigo Cabacas hil zuten urtebete lehenago eta gomazkok piloten eztabaida gori-gori zegoen”, gogoratu du Olaizolak. Bestalde, gaineratu du “agintariei” Ertzaintzak modu onean jokatzea interesatzen zitzaiela: “Kamera asko zeuden eta ez gintuzten bortizki atera nahi, baina begiratu besterik ez dago zein munstro klase bihurtu dituzten”.
Modu parte hartzailean eraiki zuten Aske Gunea. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Olaizolak salatu du jipoiez eta «kolpe zikinez» gain, neska askok eraso sexistak jasan behar izan zituztela: “Ni nahiko lasai nengoen harresiaren barruan baina nire arreba gazteena nola ateratzen zuten ikusi nuenean sutu egin nintzen”. Fernandezek ere oso ondo oroitzen du atxilotu zituzten unea: «Ni oso urduri nengoen, oroitzen dut pixa egitera joan behar izan nuela harresian sartu aurretik». Une horretan buruak “klik” bat egiten dizula uste du Fernandezek: “Denok lurrean eseri ginen eta aurrean ehunka polizia genituen, ikaragarria izan zen”.
Planteamendua argi zegoela uste dute: Gogor eutsi eta ez erantzun modu biolentoan. Hala ere, jendeak uste baino hobeto erantzun zuela uste dute:?”Ikaragarria zen jendeak nolako indarrarekin heltzen zion ondokoari”. Lorentek momentu «ero» bat izan zela azaldu du: «Alde batetik, espetxera gindoazenez, beldurra eta urduritasuna nabaritzen genituen; eta bestetik, herri bat biltzen denean edozer lortu dezakegulako sentsazioa genuen». Atxiloketaren aurreko orduetatik bereziki une bat gogoratzen du Olaizolak: “Polizia
herri harresira gerturatu eta bozgorailutik esan zuen gu atxilotzera zetozela eta ondoriorik izan nahi ez zuena irten zitekeela. Orduan, jende guztia abesten hasi zen”.
Atxilotu zituzten, azkenean, Aske Gunean parte hartu zuten auzipetuak, baina Aske Guneek eta
herri harresiek bizirik jarraitu zuten. “Atxilotu gintuztenetik gertatutako guztia ondoren ikusi ahal izan dugu unean grabatu ziren bideo guztiei esker”, kontatu du Fernandezek.
Atxilo eraman zituzten, baina alai eta indartsu: “Kartzelara eraman zaitzakete lur jota, baina hori ez zen gure kasua izan;?gu indartuta geunden”. Azaldu dute protagonismoarekin amaitu eta presoen kolektiboaren barruan bat gehiago izatea ere eskertu zutela. Kartzelatik jarraitu zituzten gainerako
herri harresiak. “Urtza Alkortaren atxiloketa unea, esterako, irrati bidez jarraitu genuen eta oso zirraragarria izan zen”, esan du Fernandezek. Olaizola eta Fernandez zeuden kartzelara eraman zuten Alkorta, eta berarekin egoteko aukera izan zuten. “Kuriosoa izan zen hurrengo Aske Guneek nola eboluzionatzen zuten ikustea”,esplikatu du Fernandezek. Izan ere, beraiek hasierako bileretan planteatutako hainbat gauza egin zituztela ikusi zuten: “Gasteizen, esaterako, mozorrotu egin ziren. Gu ere egon ginen ideia berari bueltaka, baina azkenean ez genuen egin”.
Herri harresi gero eta hobeak egiten ikasi dutela uste dute.
Lorentek azaldu du berari ilusio berezia egin ziola Aske Guneak: “Kristorena da Bulebarrean abiatu genuen ekimen baten planteamendua hartu eta pixkanaka hobetuz Euskal Herriko beste hainbat lekutara eramatea”.
Borroka molde berri bat
Kartzelatik gertutik jarraitu dituzte hiru auzipetuek atxiloketak saihesteko beste hainbat lekutan egin dituzten
herri harresiak. Begi onez ikusi dute Donostiako Bulebarrean indarra hartu zuen moldea borroka esparru ezberdinetara zabaldu izana: “Ilusio berezia egin zidan Gipuzkoa Zutik mugimenduak Gipuzkoa Plazan egin zuen desobedientzia egitasmoa”, adierazi du Olaizolak .
Atxiloketaren ondoren istiluak egon ziren unea. (Argazkia: Agurtzane altuna)
Gipuzkoa Zutik erraustegiaren aurka iaz sortu zen mugimenduak ere bere erara desobedientzia erabili zuela uste du Olaizolak eta pozgarria iruditzen zaio
herri harresia etorkizuneko borroketarako erreminta gisa erabiltzea. Izan ere, Gipuzkoa Plaza okupatzeaz gain,
herri harresia ere egin zuten Bulebarrean. Bat dator Fernandez: “Uste dut desobedientzia erabiltzean herri mugimenduaren berpizte moduko bat ekarri duela”.
Euskal Herriaren historian desobedientzia beti presente egon dela azpimarratu du Fernandezek: “Hor daude, esaterako, Itoizko urtegia, intsumisioaren mugimendua eta okupazioa”. Lorentek ere uste du desobedientzia oso erreminta interesgarria dela erasoei aurre egiteko: “Erraustegiaren aurka dauden mugimenduek desobedientzia modu sinpatiko batean egitea lortu dute, eta hori gizarteak modu positiboan ikusten du”. Uste dute ahalako dinamikak herritarren parte hartzea bultzatzeko ez ezik, herri mugimenduen helburuak lortzeko ere tresna eraginkorrak izan daitezkeela.
Segiko gazteen aurkako sarekadan atxilotu zituzten
Segi gazte mugimenduaren aurkako sarekadan 26 gazte auzipetu zituzten; Espainiako Auzitegi Nazionalaren 86/2008 sumarioaren barruan; tartean donostiako 15 lagun. Horietatik sei absolbitu zituzten, tartean Ekaitz Ibero. Nahiz eta, azken honek, ustezko kale borroka jarduerekin lotuta zegoela eta, atxilotzeko agindua zuen. 2007an atxilotu zituzten lehenegoz, 2010ean iritsi zen zigorra eta 2013an eraman zituzten berriro preso, Donostiako Aske Gunean atxilotu ondoren. Seina urteko kartzela zigorra ezarri zien Espainiako Auzitegi Gorenak; eta auzipetutako gazteek salatu zuten torturapean sinatutako autoinkulpazioa zela beraien aurkako froga bakarra.
2016ko urtarrilean aske geratu zen Ekaitz Ibero, eta azken asteetan aske geratu dira Adur Fernandez, Aitor Olaizola eta Oier Lorente. Baina beraiekin batera zigortutako beste bost gazteak kartzelan jarraitzen dute oraindik: Imanol Vicentek, Nahikari Otaegik, Ekaitz Ezkerrak, Mikel Arretxek eta Egoi Alberdik.
Elkarrizketak
Maialen Begiristain, ELEAK-LIBRE: “Obedientziaren bidetik badakigu zer dagoen, eta desobedientzia hautatu dugu”
Josu Larrinaga, Soziologoa: “Kultura politikoa aldatzeko balio izan dute ‘herri harresiek’”