Ideia izan eta lanean jarri ziren berehala Loiolako bizilagunak. Elkarlanean sortu dute auzoko kultur etxean zabaldu duten erakusketa, eta emaitza ederra da.

Loiolako euskal mitologiaren inguruko erakusketa. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Mari, Basandere, Olentzero, Akerbeltz, Zezengorri, Tartalo, Ingumak, Herensuge, Galtzagorriak, Sorginak… pertsonaia ezagunek bat egin dute Loiola kultur etxean.
Euskal Herriko pertsonaia mitologikoak erakusketan. Jon Urbieta kultur etxeko zuzendariak bota zuen ideia, eta loiolatarrek ederki erantzun diote deiari, auzolanean. Sustrai aisialdi taldeko gaztetxoek hartu dute gidaritza, eta beraiek egin dituzte: rotulazioa, kartelak, QR kodeak, argiztapena, musikaren hautaketa… kolaboratzaile ugari izan dituzte, ordea, azken emaitza ederra lortzeko.
Urbietak azpimarratu du ileorde batzuk bakarrik erosi dituztela, eta gainontzeko guztia aurretik erabilitako materiala birziklatuz osatu dutela. Gauza batzuk kultur etxean bertan zituzten, eta gainontzekoak auzoko elkarteek edo norbanakoek utzitakoak izan dira: «Bigarren bizitza bat eman diegu panpinei. Jaietako erraldoietako bat, adibidez, Jentila da orain». Pili Jauregik, adibidez, ez du hutsik egin. Saltsa guztietako piperra da auzoan, eta, oraingoan, panpin batzuk eraman ditu erakusketarako, eta jantzi batzuk ere josi ditu. Deigarriak dira Alberto Saavedra eskultoreak utzitako hainbat panpin ere.
Madarikatuen herria filmean (
Village of the Damned, 1995) oinarritutako pertsonaiak, esaterako, lamiak bihurtu dituzte, urrezko orraziak eskuetan dituztela.
Ikus-entzunezkoa dator

Sustraiko kideak, Tartaloren buruhandia egiten. (Argazkia: sustrai aisialdi taldea)
Erakusketarekin oso harro daude Loiolakoak, pertsonaiak euren gisara interpretatu baitituzte, eta erantzun polita jasotzen ari dira. Baliteke, gainera, erakusketa bera beste kultur etxe batzuetara ere zabaltzea.
Momentuz, behintzat, Loiolan jarraituko dute pertsonaia bereziek, maiatzaren 26a arte. Horrela, erakusketaren bueltan edo aitzakian, jarduera gehiago ere antolatu dituzte. Dagoeneko izan dute Ixabel Milleten hitzaldia, euskal mitologiaren inguruan, eta txalaparta saioren bat ere egin dute. Eskoletako haurren bisitak jasotzeko ere prest daude, eta, orain, ikus-entzunezko bat prestatzen ari da Sustrai. Ander Edo Sustraiko kidearen hitzetan, zerbait berezia egiteko asmoa dute…